Gorka Herce oiartzuarrak etxeko mendiko lasterketan, Intxixu Trail lehian irabazi zuen larunbatean. Emakumeetan, Oihana Kortazar erraz.
Partaideak, irteeran.
Etxean irabazi zuen Gorka Herce oiartzuarrak. Bosgarren Intxixu Trail etxean gelditu zen gizonen kategorian, Girizia-Intxixu Trail taldeko kideak goitik behera menderatu zuelako lasterketa, hasieratik ia 16 kilometroak burutu arte. Bigarrena, Ion Sola iruñearra, ez zuen urruti izan helmugan, baina lehen kontrol puntutik azkenekora (helmuga) distantzia mantentzen jakin zuen Hercek, eta merezitako garaipena lortu zuen. Zer hoberik etxean irabaztea baino?
Gogoz, ilusioz, eta prestakuntza aldetik bikain iritsi zen oiartzuarra larunbateko lasterketara. Eta lokaztutako bidea zapaltzen beti izan zen lehena. Atzetik izan zituen lasterketa bukatzea lortu zuten 189 partaideak (asko, oiartzuarrak).
Emakumeetan, Oihana Kortazar erraz nagusitu zen. Txapeldun handia da Kortazar, eta nahiz eta fisikoki onenean ez egon, forma berreskuratzeko bidea egoki egiten ari dela azaldu zuen Aiako Harrian zehar, eta Ergoiengo Uztapide plazako helmugan ia 10 minutuko tartea atera zion bigarren izan zen Lorena Guinaldori. Hirugarren Amaiur Iglesias errenteriarra izan zen, majo sufrituta, den-dena ematen lortu zuen merezitako ohorezko postua.
Aipamen berezia behar du antolakuntzak: den-dena ondo joan zen hamarnaka boluntariok egindako lan on eta zehatzari esker. Girizia-Intxixu Traileko kideek lasterkari bakoitza etxean bezala sentiarazi zuten, zerbitzu ezin egokiagoekin.
Jarraian, kategoria bakoitzeko lehen hiruen emaitzak:
Emakumeak
- Oihana Kortazar 1:31:55
- Lorena Guinaldo 1:41:21
- Amaiur Iglesias 1:42:10.
Gizonak
- Gorka Herce 1:16:39
- Ion Sola 1:17:11
- Iñaki Olano 1:17:23
Informazio gehigarria:
Jarraian, HITZAk helmugan jasotako hainbat irudi.