Elkarbizitza du ardatz, aniztasunaren aberastasuna, eta Errenteria-Oreretaren dibertsitatea irudikatzea du helburu 'Egin zaidazu bista' kantuak.
‘Egin zaidazu bisita’ kantuan parte izan diren guztiak Mendozarekin.
Egin zaidazu bisita abestia aurkeztu du Errenteriako Udalak gaur. Elkarbizitza du ardatz, aniztasunaren aberastasuna, eta Errenteria-Oreretaren dibertsitatea irudikatzea du helburu. Bernardo Atxagaren Aniztasuna elkarbizitzarako herri aliantzako manifestuan oinarrituta eraiki dute kantaren letra Jon Martin eta Alaia Martin bertsolariek, eta abestia, Beira taldeko Igor Arruabarrenak egin du. Ahotsa berriz, Leire Martinez La oreja de Van Gogh taldeko abeslariak, Jonatan Camacho Sonakay taldeko abeslariak, Mikel Markezek, Asmae Barruz eta Chinedu Phillipsek jarri diote erritmoz betetako kantu alaiari. Gainera, herriko hiru abesbatzek egin dizkiote koroak kantuari: Zaria, Andra Mari eta Landarbasok.
Julen Mendoza alkatearekin batera aurkeztu dute aniztasuna eta elkarbizitzaren aldarri izan nahi duen kantua horiek guztiek, Foru plazan, Xenpelar bertsolariaren omenezko eskulturaren ondoan. Izan ere Frantzisko Petrirena Rekondo
Xenpelarren
Egin zaidazu bisita bertso ezagunean oinarrituta egin dute kanta, “egun bizi dugun aniztasunera egokituta”, azaldu du Mendozak, eta bederatzi hizkuntzetan egina dagoela zehaztu du: Euskara, gaztelera, frantsesa, ingelesa, arabiarra, italiera, errumaniera, galegoa eta alemaneraz. Kantua posible egin duten guztiei eskerrak eman dizkie, eta udalarentzat iniziatiba garrantzitsua dela esan du: “Gure herrian Herri aliantza prozesua abiatu genuen, gure herriko eragile ezberdinak bildu, eta herriaren irudi berri bati ekitea. Aniztasunean oinarrituko zen irudi berri bati, zehazki. Bernardo Atxagari idatzia egin zezan eskatu genion, eta gure herriko 70 eragilek idatzi horri bere egin zuten”.
Horrekin batera, hausnarketa prozesua egin zutela gogorarazi du aniztasunaren inguruan, eta erronka nagusi bat nabarmendu zela, espazio konpartituak sortzearen, “eta abesti hau espazio konpartitu bat da, aniztasuna du bere horretan, aniztasuna hizkuntzetan, ahotsetan eta musika estiloetan. Hori da etorkizunari begira dugun erronka handienetako bat, eta horregatik garrantzi berezia ematen diogu. Gure herriaren aniztasuna, harrotasunerako arrazoia da”.
Bederatzi hizkuntzetan
Alaia Martinek hartu du hitza ondoren eta zoriondu egin du udala halako iniziatiba martxan jartzeagatik. Kantua egiteko enkargua jaso zutenean, ilusioa eta kezka sentitu zutela aitortu du bertsolari oiartzuarrak, “egin behar genuen kantu bat denon belarrietara, etxeko izan zitekeena, kantuak batzuetan etxea dira, kalea besteetan, eta kasu honetan kaleak ere badira, eta nahi genuen kale horietan paseatu zezala jendeak kantu hau entzuterakoan”. Bederatzi hizkuntzetan egindako kantua eman du bide horrek eta hori zela helburua esan du Alaia Martinek, “hamaika hizkuntza islatzea, aniztasun edo askotarikotasun hori era integratu batean plazaratzea”. Lortu dute.
Letran ere saiatu dira islatzen herri bezala jokatzeko beharrezkoa den elkar ezagutza, partekatzea, ” letrak hasieran esaten duen bezala, ez bakarrik atraiak nahiz eta urte askoan hala egin dugun eta egiten dugun, elkarri bisita egiteko garai dela uste dugu, beti izan dela, baina bereziki orain badela elkarri bisita egiteko garaia, kontzientzia hori daukagunetik. Kaleari kale egin izan diogu askotan, eta kaleari auzo egin nahi diogu, auzoz, herriz, pertsonaz, hizkuntzaz, ezberdintasunez eta berdintasunez osatzen delako herri bat, eta nahi dugulako hain zuzen ere, musikak elkartzen duen pentagrama horren barruan denok sentitzea gure puntua, gure isiluneak eta gure uneak elkarrekin batera abesteko, hitz egiteko eta ezberdintasun horretan aberats sentitzeko, zorte bezala bizitzeko ezberdintasun eta berdintasun hauek”.
Martinezek ere hartu du hitza eta berak ere eskerrak eman dizkio parte hartzaile guztiei eta batez ere udalari halako iniziatiba martxan jartzeagatik. Lanbideak munduan barrena ibiltzeko aukera eman diola esan du, eta horrek ikasteko aukera handia eman diola, “ikasitako gauzetako bat, mundua aniztasunez betea dagoela da eta behartuta gaudela elkarbizitzen, elkarri ulertzen, eta errespetatzen”. Hori baina, diskurtsoan baino ez omen da gelditzen askotan, eta errealitatea bihurtzea ezinbestekotzat jo du, “urratsak egitea dagokigu. Batzuetan hitz egiten dugu, baina ez dugu egiten, eta egitea tokatzen da”. Proiektuaren berri izan bezain pronto argi ikusi zuen Martinezek parte hartu behar zuela, gainera, “egon behar naiz, diskurtsoan bakarrik ez gelditzeko. Sinergia horietatik gauza zoragarriak sortzen dira”.
Abestia madalenetan entzungo da, baita komunikaziorako kanal desberdinetan, bereziki irratietan, eta deskargatzeko aukera izango da, zabalpena eta ezagutza baita asmoa. Madalenei hasiera emango dien txistulari alardearen kontzertuan emanaldi berezia eskainiko dute eta abestia zuzenean entzuteko aukera izango da bertan ere, “abestian parte hartu dutenez gain, kultura desberdinetako instrumentuak, eta herriko erregio etxeak izango dira ekitaldi horretan 20:00etatik aurrera zumardian”.
Abestiaren doinuak eman dio amaiera agerraldiari, baina Mendozak azken mezu bat zabaldu du: “garrantzitsua da mezu hauek zabaltzea une honetan munduan dauden beste mezu batzuen aurrean, eta atari eta etxe bakoitzean sartzea”.