Eraikinak birgaitzeko eta EIT Eraikinen ikuskaritza teknikorako bideratutako laguntzak martxan ez dituela jarri gobernu taldeak salatu du alderdi sozialistak.
Eraikinen birgaitzeko laguntzak martxan jartzeko eskatu dio gobernu taldeari PSE-EEk. Argazkia: PSE-EE
Eraikinak birgaitzeko eta EIT Eraikinen ikuskaritza teknikorako bideratutako laguntzak martxan ez dituela jarri gobernu taldeak salatu du alderdi sozialistak, eta horrenbestez, errenteriarrek ezin dituztela horiek eskatu, “aurrekontuan 100.000 euro bideratu badira ere horietarako gobernu taldeak ez ditu martxan jarri. Agintaldiaren hirugarren urtean gaude, eta gaur egun arte ez da halako laguntzarik eman”.
Alokairua, birgaitzea eta hiri biziberritzea alderdi sozialistaren etxebizitza politikaren ardatza direla esan du Jose Angel Rodriguez PSE-EEren bozeramaileak, “eta diru laguntzak horiek sustatzeko modu egokia dira”. Gobernu taldeari etxebizitza politikarik ez izatea egotzi dio. Harago joan da Isaac Palencia zinegotzi sozialista, gobernu taldearen gaiarekiko “moteltasuna” salatu du, eta diru laguntzak martxan jartzeko galdegin dio “beste urte bat ez galtzeko. Birgaitzea ezinbesteko tresna da aldaketa klimatikoaren eta kalteberatasun energetikoaren aurkako borrokan, baita gure eraikinen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko”.
2017an Errenteriako Udalak 110.000 euroko diru zatia bideratu zuela aurrekontuan EIT eta eraikinen birgaitzerako nabarmendu du, “halere ez zen laguntza bakarra ere eman, diru zati hori ez zen erabili aurreikusitako helbururako. Santa Klara kaleko eraikin bat erostera bideratu zuen udalak, eta gaur egun oraindik, eraikin horri zein erabilpen emango zaion ez dakigu. Bilduk eta Irabazizek ez dute inolako informaziorik eman gai horren gainean”.
2018an helburu horietarako aurreikusitako diru zatia 100.000 eurokoa izan dela erantsi du; “hirigintza zinegotzia den Bernar Lemosek erantzun digu diru zati horretatik inongo laguntzarik ez dela eman momentuz. Zertarako sortzen da aurrekontu partida hori ez badituzte erabili behar sortutako helburuarekin?”.