Teknologia efizienteagoaren aldeko apustuari aitortza

Oarsoaldeko, Bidasoko eta Donostialdeko udalek trantsizio energetikoarekiko erakutsi duten konpromisoa aitortu die gaur EEE Energiaren Euskal Erakundeak.

Energiaren Euskal Erakundearen aitortza jaso duten udal ordezkariak Errenteria-Oreretako Herriko plazan.

Oarsoaldeko, Bidasoko eta Donostialdeko udalek trantsizio energetikoarekiko erakutsi duten konpromisoa aitortu die gaur EEE Energiaren Euskal Erakundeak. Errenterian egin dute ekitaldia, izan ere, argiteria publikoaren sistema led teknologia erabilita moldatu berri du udalak, eta  bertako esperientzia lehen eskutik ezagutzeko bisita gidatua ere egin dute bildu diren beste eskualdetako udal ordezkariek. Errenteriako udalak teknologia efizienteagoa (led) erabiliz hiriko argiztapen sistema guztiz berritzeko martxan jarri duen anbizio handiko proiektua ezagutzea izan du helburua EEEk gaur antolatu duen aitorpen ekitaldian, baita Errenteriako Udalarekin batera, Oiartzun, Pasaia, Lezo, Irun, Hondarribia, Donostia, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalek energia trantsiziorekiko duten konpromisoa agerikoa egitea.

EEEren zuzendari nagusiak, Iñigo Ansolak, eskerrak eman dizkie bertaratu diren udal ordezkariei, “energia efizientzian inplikatu zaretelako eta energia berriztagarriak abian jarri dituzuelako”. Udalen inplikazioa gai horretan “ezinbestekotzat” jo du, “gizartea sentsibilizatzeko garaian paper nabarmena duzuelako, baita proiektu txikiei ekiteko garaian ere” eta elkarlanean jarraitzera deitu ditu. Trantsizio energetikoarekiko konpromisoa eskertzeko Energiaren bidea-Euskal Energiaren trantsizioa udalean ere bereizgarria jaso dute bildutako udaletako ordezkariek.

1.010 luminaria ordeztuta

Errenteriako Udalak 2015 eta 2017 urteen artean 1.010 luminaria ordeztu ditu Hirigune Historikoa, Beraun, Alaberga goikoa, Kaputxinoak eta Agustinak auzoetan, argiteria publikoan argiztapena hobetu eta energia kontsumoa murrizteko. Horretarako, argiztapen sistema adimenduna hornitu eta muntatu du. Lan horiek Gipuzkoako Foru aldundia, Energiaren Euskal Erakundea, eta IDAE Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren laguntza jaso dute.

Datorren urteko lehen sei hilekoan beste 1.077 luminaria aldatuko ditu udalak, eta horiek hornitu eta muntatzeko lanak lizitazio fasean daude. Alaberga Behekoa, Galtzaraborda, Iztieta auzoetan eta Esnabide kalean aldatuko ditu luminaria horiek. Datorren urteko proiektua finantzazio osoa egiteko mailegu itzulgarria IDAEk eman dio udalari.  Argiteria publikoan energia elektrikoaren kontsumoa murriztea da helburua, eta horretarako egun dauden argiak led teknologia duten argi berriekin ordeztuko ditu. Argiztapena kontrolatzeko sistema adimentsua jarriko dutela gainera, azaldu du Nikolas Bengoetxea Errenteriako Udaleko Iraunkortasun teknikariak  “oinarri sendoak finkatuko dira pixkanaka udalerri adimentsua eraikitzeko. Argien bidez beste sistema batzuk jarri ahalko dira, adibidez, kartel informatiboak, ip ahotsa, wifia, eta ingurumen parametroak neurtzeko sentsoreak”.

2015etik 2019ra egindako ekintzen bidez Errenteriako argiteria publikoaren %41a Led teknologia bidezkoa izango da, udalak emandako datuen arabera, eta denbora horretan 2.087 luminaria inguru jarriko dituzte. Proiektuak badu gainera berezitasuna, 902 luminarietan bloke optikoa aldatuko dute bakarrik eta luminariaren estalkia mantenduko da. Instalazio kostuak eta hondakinak gutxituko ditu neurri horrek.

Epe beran, Led luminarietan 1.022.194 euroko inbertsioa egingo du udalak, eta behin horiek jarrita urteko 95.000 euro aurreztuko dituztela aurreikusi du. Energiari dagokionean, 692.778 Kwh urteko aurreztuko da, eta horrek koadro horien egungo kontsumoaren %71ko murrizketa suposatuko du. Urtean, 235.540 KgCO2 isurtzea saihestuko da iniziatibarekin.

Energiaren Euskal Erakundearen laguntza programak 800.000 euro bideratu ditu udalen energia aurrezpena eta energia berriztagarriak sustatzeko proiektuetarako.

Errenteriako Udalari aitortza egin dio EEEk, Gipuzkoako beste 11 udalekin batera, eta tartean, Oiartzun, Pasaia, Lezo, Hondarribia eta Irun izan dira. Ondoko zerrendan udal horietako bakoitzak hartutako konpromisoa azaltzen da.

  • Errenteria: Alkateen Itunari atxikitako udalerria argiteria publikoa, eraikinak (klimatizazioa, inguratzailea eta barne-argiztapena), karga-puntu publikoen ezarpena eta energia berriztagarrien sustapena: biomasa-instalazioak, eguzki-panel termikoak eta fotovoltaikoak hainbat eraikinetan.
  • Oiartzun: argiteria publikoa, eraikinak (klimatizazioa eta inguratzailea), taxi-autobus elektrikoaren udal-zerbitzua eta energia berriztagarrien sustapena.
  • Pasaia: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.
  • Lezo: argiteria publikoa, eraikinak (klimatizazioa, inguratzailea eta barne-argiztapena) eta energia berriztagarrien sustapena.
  • Hondarribia: Alkateen Itunari atxikitako udalerria, argiteria publikoa, eraikinak (barne-argiztapena) eta energia berriztagarrien sustapena: eguzki-panel termikoen instalazioa kiroldegian.
  • Irun: Alkateen Itunari atxikitako udalerria, argiteria publikoa, eraikinak (klimatizazioa, inguratzailea eta barne-argiztapena), karga-puntu publikoen ezarpena, autobus elektrikoen erosketaren esleipena, eta energia berriztagarrien sustapena: eguzki-panel termikoen eta fotovoltaikoen instalazioa hainbat eraikinetan.

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend