Epaiek langileei arrazoia eman diete, eta kasu batzuetan udalak berronartu egin beharko ditu. Hala egingo duela, baina berriz ere kaleratuko dituztela salatu du ELAk.
Uxue Mingo, Irune Moreno eta Javier Duran gaurko agerraldian.
TAO-ko langile ohiek agerraldia egin dute gaur ELA sindikatuak Errenterian duen egoitzan. Triste eta haserre azaldu dira, eta gogor salatu dute udalak hartu duen azken erabakia langileen izenean mintzatu diren Irune Moreno eta Javier Duran langileek, eta ELAren Oarso Bidasoko arduradun Uxue Mingok.
Errenteriako Udalaren kontrakoak izan direla epai guztiak azaldu dute: “Kasu batzuetan, epaitegiek adierazi dute bidegabeko kaleratzeak izan direla, eta kalte-ordaina ordaintzera zigortu dute udala. Kalte-ordain hori ez da alkatearen edo zinegotzien patrikatik atera, Errenteriako biztanleenetik baizik”. Beste kasu batzuetan, berriz, zaintzagatik lan jardunaldia murriztua zuten langileen kasuan langile horiek berronartzera kondenatu dutela epaitegiek udala jakinarazi dute, “oinarrizko eskubideak urratu zituela langileak kaleratzerakoan esan du epaiak”.
Azken epaiak jasotzerakoan “itxaropentsu eta pozik” zeudela langileak esan dute, “gure aldarrikapenak epaitegietan berretsi zituztelako, eta gure enplegua bermatuta gelditzen zelako”. Ezustea jaso zuten, ordea, udalak langileen ordezkari sindikalak asteazkenean bilerara deitu zituenean, “berronartzeei buruz hitz egitera gindoazela uste genuen, baina udalaren asmoa ez zen hori inondik inora ere. Udalak berronartu beharreko langile guztiak berriro kaleratzeko asmoa zuela jakinarazi zigun”.
Langileen ordezkariekin kontsulta epea zabaldu duela udalak orain erantsi dute Moreno eta Duranek.
Udalak gaiarekiko hartu duen jarrera, “sinesgaitzat eta onartezintzat” jo dute, “lehenik eta behin langileak kaleratu, eta gero, jasotako epai guztiak betearazi ordez, berriz ere kaleratze prozesu bat hasi du. Errenteriako Udalak langileen eskubideak urratu ditu sistematikoki prozesu honetan, eta kontrako epaiek ez dute eragin bere jarrera birplanteatzerik. Egoera honetan udala publikoki salatzera gatoz”.
“Despotismoa” egotzi diote udalari eta epaitegien mandatua bete dezan exijitu diote, “langile hauek behin betikoz berronartuz beren lanpostuetan. Bada garaia, udalak bere erantzukizuna eta egitekoak onartu ditzan eta udal gisa jardun dezan, bere herritarren defentsan eta ez interes pertsonalen defentsan. Langile guztiek dute enplegu duin baterako eskubidea, eta bada garaia Errenteriako Udalak oztopoak jartzeari utz diezaion”.
Berronartu beharreko langileak berronartu arte salaketekin eta borrokan jarraituko dutela esan dute azkenik, “langileon eta herritarron defentsan”.