Elkartearen 30.urteurrenaren barruan antolatuta, hilaren 21era bitartean bisita daiteke; Pasaiako piraguistek igandean dute ospakizun nagusia.
Begoña Lazkanoren egungo k-1a, prentsa artikuluen bilduma, Pasaiako dartsenan aritutako kluben kirol-jantziak, lehiaketetan erabilitako dortsal bereziak, irabazitako dominak eta trofeoak… horiek eta beste asko ikus daitezke egunotan Ziriza Etxean, Pasaia kayak elkarteak XXX. urteurrena ospatzeko antolatutako erakusketan.
Horiez gain, erakusketaren osagai nagusi gisa, 100 argazki inguru, garai guztietakoak. Eta argazki bakoitzak, gutxienez, babesle bat, “Trintxerpe eta inguretako saltoki, enpresa eta ostalaritza-establezimenduei esker”, klubetik nabarmendu dutenez. Atzo inauguratu zuten erakusketa, eta hilak 21era bitartean bisita daiteke, 17:00etatik 20:00etara, egunero. Sarrera debaldekoa.
Igandean, bazkaria
Ospakizun nagusia, hala ere, igandean izango da. Azken hiru hamarkadetan klubetik igarotako lagun asko eta asko elkartuko dira Trintxerpen, piraguan ibiltzeko goizean, eta LumaGorrik eskainitako hamaiketakoaz gozatzeko ondoren, Zirizan.
Toki berean izango da 200 lagun inguru bilduko dituen bazkaria, Izaskun Gomez alkatea eta Lore Suarez kirol zinegotzia tartean.
Eta atarikoetan, hilaren 13an, osteguna, hitzaldia. Trintxerpeko alkateordetzan, Joseba Saies, Euskal Kanoe Federakuntzako egungo presidente eta klubaren bultzatzaile nagusietako bat, Iban Cousillas, klubeko palista ohia, eta Pablo Barrado, klubaren fundatzaileetako bat izango dira, Pasaiako klubari lotutako bizipenak hizpide. Moderatzaile, Juantxo Albisu, Pasaia Kayakeko presidentea.
Biharko iragarritako bide proiekzioak, azkenik, bertan behera geratu direla iragarri dute antolatzaileek.