Ikurrina eskuan zirrara sortu zuen Baguesek atzoko etapan
Bagues txirrindulariak ikurrina hartu zuen eskuan atzoko etapan eta metro batzuk aurrera egin hura astinduz.
Oiz mendian amaitu zen atzo Espainiako Itzuliko 17.etapa. Txirrindularitzako euskal zale ugari hurbildu zen ikustera eta ikurrinez bete zuten mendia. Hainbat txirrindularik ikurrina hartuta igo zuten Oiz, Bagues errenteriarra tarteko.
Animoen erdian hamaika aldarrikapen ikus zitekeen atzo. Izan ere, independentziaren aldeko hainbat mugimenduk ikurrinarekin bertaratzeko deialdia egin zuten. Halako batean Aritz Bagues txirrindulari errenteriarrak ikurrina eskuan hartu eta metro batzuk egin zituen aurrera bandera astinduz. Zaleen ikusmira eta zirra piztu zituen. Txirrindulariak biharamunean emozioa islatu du sare sozialetan: “Euskal Herriko zaleen aurrean dena eman beharra zegoen, hoberenak zarete”. Gari Bravo taldekideak ekintza bera egin zuen aurreraxeago.
Hamaika Telebistak bideoa zabaldu du sare sozialetan azpian ikus daitekeen bezala.