HITZAren 15. urteurrenaren artelana
Idoia Beratarbide sortzaile oiartzuarrak HITZAren 15. urteurrenari sormena, irudimena eta artea jarri dio lamina batean. Gaurtik eskura dezakete harpidedunek eta nahi duten guztiek.
Idoia Beratarbide sortzaile oiartzuarrak proposamena jaso zuen Hitza-tik, Oarsoaldeko eta Bidasoko hedabidearen 15. urteurrenaren harira sormen lana egiteko. Buru-belarri jarri zen lanean, eta egin du artelana, lamina euskarrian. Gaurtik, harpidedunek (12 euroan) eta ez direnek (25 euroan) hori eskatzeko aukera dute. Hitza-k etxera eramango die artelana eskaera egin duten guztiei. Artelanaren ideiaren mamia hainbat adarrek osatzen dute. Batetik, urteurrenaren irudia izango da oiartzuarrak egindakoa, 15 urteko presentziaren laburpen antzekoa, mimoz landua, esanahiz betea, iradokizunez hornitua. Bestetik, hain data bereziaren oroigarri antzekoa izango da, nahi dutenek eskaera egin eta etxean izango dute tokiko euskarazko hedabide honek 15 urte bete dituela adierazten duen artelana. Azkenik, Hitza-k harpidedunei eta irakurleei oro har egin nahi dien aitortza ere bada, eskerrak emateko baliatu nahi dugu Idoia Beratarbidek sortutakoa, izan ere, espresuki urteurrenerako egina dagoenez, pieza bakar eta errepikaezina izango baita. Hamarkada eta erdia beteta, Hitza gureago izateko saiakera egiten ari da hedabidea, hau da, noizbait eta edonon euskaraz irakurtzen jarri dugun guztien artean gehiago zabaltzeko ahalegina egiten ari gara. Edizio mugatua da, eta lamina bakoitzak oiartzuarraren sinadura eta zenbakia izango du; sormenaren kopia bakoitza, beraz, bakarra izango da. Eskaerak Eskaera egiteko aukera bat Hitza-ren papereko edizioan agertzen den kupoia bete, eta Hitza-ra helaraztea da (Santa Klara kalea, 22. 20100 Errenteria-Orereta). Bestea, zuzenean Hitza-ren bulegora etorri eta eskuratzea urriaren 8tik aurrera.