150 herrialde eta 3.000 kilometrotik gora eginda, Errenteria-Oreretara heldu da gaur Peace Run lasterketa, eta harekin bat egin dute Egiluze Gurutzearen Alabak ikastetxeko DBHko 120 ikasleek.
Peace run lasterketa Errenteria-Oreretan, gaur goizean.
150 herrialde eta 3.000 kilometrotik gora eginda, Errenteria-Oreretara heldu da gaur
Peace Run lasterketa, eta harekin bat egin dute Egiluze Gurutzearen Alabak ikastetxeko DBHko 120 ikasleek. Fanderia auzoan, kiroldegi ondoan egin diete harrera bakearen aldeko lasterketan parte hartzen ari den lasterkari taldeari, eta Herriko plazaraino joan dira korrika beraiekin. Hara helduta ekitaldi xumea egin dute.
Bakearen alde ari direla korrika egiten azaldu dute antolatzaileek, “baina zergatik, bertan gerrarik ez bada? Bakea ez da soilik gerran ez izatea, bakea, adiskidetasuna, armonia eta elkartasuna ere badelako”. Egunero 100 kilometrotik gora egiten dituzte. Bulgarian hasi ziren otsailaren 4an, eta urriaren 8an amaituko dute Lisboan bakearen aldeko lasterketa. Bide horretan txandaka ari da hamabost lagunen taldea, tartean, besteak beste, Mexiko, Espainiako Estatua, Txekiar errepublika, Errusia, Mazedonia, Kroazia, Austria, Errumania, edota Hawaiikoak, bakearen zuzia eskuz esku eramaten.
Honakoa, Peace Runek antolatzen duen 31. lasterketa da. Nazioarteko iniziatiba 1987an hasi zuten, munduan bakea bultzatzeko asmoz, eta Egiluze ikastetxeak bat egin du lasterketarekin, “ikastetxeak kirolaren aldeko apustua sendoa egiten duelako baloreen transmisio bide gisa”. Errenteria-Orereta zeharkatuta, Orio aldera hartu du bidea lasterketak.