Jarduera desegokiak ikusi aldiro salatzearen garrantzia nabarmendu du, eta herritarrek Lezo, Errenteria zein Pasaiako udaletara, Portu Agintaritzara, edota Ertzaintzara jo dezaketela gogorarazi du, eta horretara animatu.
Herritarrak jarduera desegokiak salatzera deitu ditu plataformak.
Badian Bizi plataformak salatu duenez ohikoa da Pasaiako Portuan egindako hainbat produkturen deskarga lanek eragindako hauts hodeiak ikustea, baita potentzialki kutsakor edo kaltegarri diren likidoak biltzeko sistemarik ezean, azken horiek inolako kezkarik gabe badiara isurtzea ere. Ezegokitzat jo ditu jarduera horiek, eta pertsonengan zein ingurunean izan ditzaketen ondorioak aintzat hartu gabe egiten direla erantsi du. Beste hainbeste gertatzen dela portuak egunez zein gauez sortzen duen zaratarekin dio plataformak, eta jarduera ezegoki horiek guztiak salatzera deitu ditu Lezo, Errenteria-Orereta eta Pasaiako bizilagunak.
Joan den hilabete hasierako suteari erreparatu dio, bestalde, plataformak, eta Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzan jarritako salaketaren gaineko egoeraren berririk ez duela jakinarazi du, «dena den sutearen larritasuna kontuan izanik, izan dituen ondorioen ardurak argitzeko lanean ariko den konfiantza dugu». Kezka eta haserrea azaldu ditu, gainera, atzo Portuko agintaritzak administrazio kontseilua egin baina sutearen gaia ez zuelako txertatu gai ordenean, «ulertezina da eta arduragabekeria, portuaren funtzionamendu egokia eta inguruko herritarren osasuna zaintzeko ardura duten ordezkariak ordezkatuta baitaude bertan».
Bilera eguna jarri zain
Portuko Agintaritzak eskatuta bilera egitea adostu zuen Badian Bizik, gaur-gaurkoz ez du plataformak data proposamenik jaso hilabete pasa bada ere, halere, bilera lehenbailehen egingo den konfiantza agertu du.
Jarduera desegokiak ikusi aldiro salatzearen garrantzia nabarmendu du azkenik, eta horretarako herritarrek Lezo, errenteria zein Pasaiako udaletara, Portu Agintaritzara, edota Ertzaintzara jo dezaketela salatzera gogorarazi du, eta horretara animatu.