[Bideoa eta Galeria] Bizipozak gainezka egin du

Arratsaldean, Go!azen-eko lagunen emanaldiak goraino bete du Agirre Lehendakariaren plazako karpa.
Bizipoza elkartea osatzen duten elkarte guztietako eragileak eta herriko eragileak oholtza gainean.

Bizipoza elkartea osatzen duten elkarte guztietako eragileak eta herriko eragileak oholtza gainean.

Jai ederra Bizipoza elkarteak Mindara eta Juneren Hegoak elkarteen eskutik Errenteria-Oreretan antolatu duena. Guztiontzako mundu bat eraikitzea, anitza, denek lekua izango dutena, hori izan da gaurko jaiaren helburua, eta hori da Bizipoza elkartea osatzen duten izaera bereziko elkarte bakoitzak duen helburua, aniztasuna aberastasun bihurtu, eta elkarbizitzen jartzea aukera berdintasunean.  Udal txistularien Bandak zabaldu du eguerdiko ongietorri ekitaldia.  Bizipoza elkartea osatzen duten elkarte guztietako ordezkariak igo dira oholtza gainera, baita gaurko jaia posible egin duten norbanako, elkarte eta eragile guztiak.

Julen Mendoza alkateak hartu du hitza ekitaldi horretan, eta eskerrak eman dizkio Bizipoza elkarteari Bizipozaren Jaia Errenterian egiteko aukera emateagatik, baita Juneren Hegoak eta Mindara elkarteei “jaia posible egiteagatik”. Bizipoza osatzen duten elkarte guztiei eman dizkie eskerrak Mendozak, ondoren, egiten duten lan guztiarengatik: “Herri honek borobilean egin nahi du, nork bere desirak, nork bere mina, tirabirak tirabira elkarri begira, begietara begira, azalaren koloreari erreparatu gabe, hangoa edo hemengoa izateari garrantzirik eman gabe, gaixotasun larririk badu ere, gurekin konpartitzeko asmo horrekin, hori da gure herrian egin nahi duguna, guztion herria, borobilean egina. Ohorea da jai hau hemen egitea, gureak herri inklusiboa izan nahi duelako, eta pausoka-pausoka bagoaz aurrera”.

Errenteria-Oreretako Juneren Hegoak elkarteko Maite Gartziak hartu du hitza ondoren gaurko jaia ilusiotik egindako jaia dela nabarmentzeko, “gure bihotzetik atera da”. Eskerrak eman dizkio udalari, “baliabide guztiak jarri dituelako gure eskura, eta ez bakarrik ekonomikoak, lan talde ederra ere badute eta elkarlanean aritu da gurekin”. Mindara elkarteko Erika Martinezek, eskerrak eman dizkie, berriz,  eragile eta elkarte guztiei, baita boluntario guztiei, “Bizipoza ez litzatekeelako dena izango, bestela”.

Bizipoza elkarteko koordinatzaile Leire Elizegik, berriz, Bizipoza osatzen duten elkarte guztiei eman dizkie eskerrak gaurko jaian parte hartzeagatik, baina batez ere, egunerokoan egiten duten lanarengatik, “transmititzen dituzten baloreak transmititzeagatik. Gaur jai egun polita pasako dugu eta bihar lanean jarraituko dugu guztiontzat behar lukeen mundu hori eraikitzen”.

Jon Maia eta Concha Rociera

Merkatuzarren 1.000 lagun elkartu dira mahaiaren bueltan bazkaltzera bi txandatan, eta giroa paregabea izan da. Mundu anitza, guztientzat lekua izango duena eraiki nahi du Bizipoza elkarteak, eta aniztasun horren adibide ugari eskaintzen ari dira gaurko jaiaren bidez. Tartean Jon Maia bertsolariak eta Concha Rociera  taldeak eskaini duten fusioa izan da, bertsoak eta sevillanak elkarri helduta oholtza gainean. Ez da lehen aldia taldea eta bertsolaria elkarrekin aritu direna, eta sortua duten konplizitatea agerian utzi dute emanaldian. Ohorea izan duela jaian aritzea eta Concha Rocierarekin batera saioa egitea esan du Maiak,  baita Errenteria-Orereta elkarbizitzaren eredu dela.

Aurreikusi zitekeen, ordunbete aurretik haur eta gaztetxo ugari bildu direlako lekua hartzera, eta bete da, Agirre Lehendakariaren plazan antolatzaileek jarritako karpak gainezka egin du bigarrenez, oraingoan Go!azeneko lagunekin.

Jaiaz gozatzeko aukera da oraindik, Txokolate jatearekin amaituko da Irrien Lagunak-ekin parrandan 18:30ak arte ibili ondoren.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend