Beraungo Kultur Etxearen lanak hasi dituzte. Liburutegia, jardueretarako eremua, eta haur txokoa izango ditu. Zu! arreta zerbitzuaren leihatila ere kokatuko dute bertan. Auzoetatik gertuago izatea «lehentasuna» dela dio udalak.
Garai bateko eskolaurreko eraikinean egingo dute Kultur Etxea.
Beraungo Kultur Etxea eraikitzeko lanak aste honetan hasi dituzte. Aldakoenea kaleko 2. zenbakian dagoen garai bateko eskolaurreak hartuko du ekipamendu berria, udalak Hezkuntza Sailarekin eraikinaren erabilera aldaketa adostu ostean.
Hiru solairutan banatuko dute eraikina. Gaur egun irekia den arkupeari beirazko itxidura eginda, harrera espazioa izango da, eta bertan hitzaldi eta jarduerak antolatuko dituztela azaldu du Garazi Lopez de Etxezarreta liburutegiko zinegotzi arduradunak. Solairu horretan egongo dira funts orokorreko hemeroteka, baita musika eta irudien mailegutza zerbitzua eta atseden gunea ere. Haur txokoa ere izango du, «familia eta haur asko bizi dira Beraunen, eta haientzako espazioa ere izango du kultur etxeak». Lehen solairuan kokatuko dute erabilera anitzeko espazioa, haur txokoa, eta haur nahiz gazteentzako funts orokorra. Bigarren solairuak ikasketa gela, prestaketa gela eta funts orokorra jasoko ditu.
Argi dio Lopez de Etxezarretak, «Beraungo Kultur Etxea eman beharreko pausu garrantzitsua zen. Plan estrategikoa lantzeko unean herriko auzoei erantzun erreala emateko beharra jaso genuen, auzo nagusiei eta goian daudenei bereziki, erdialdetik urrutiago, Galtzaraborda, Kaputxinoak eta Beraun, kasu. Herritarrek hala eskatu digute. Herriaren goialdeko auzoetan biztanle kopuru handia dago, eta hirigintza ikuspuntutik ez dira ondoen eraikitakoak, ez dago ekipamenduetarako espaziorik. Filosofia hori herriko auzo guztiei ezartzea lehenetsi zen».
Ekipamenduak auzoentzat
Horren harira, egindako lehen apustua Bizarain Ikastolarekin elkarlanean egin zuen udalak. 2016an ikastetxearen liburutegiko ateak Beraungo auzotarrei zabaltzeko hitzarmena sinatu zuten.
«Balorazioa oso positiboa izan da», azaldu du Lopez de Etxezarretak «balio izan digu neurtzen hasteko, auzoari ekipamendu bat eskaintzeko eta kultur programazio bati lotutako lanketari ekiteko. Aztertzen ari gara beste auzoren batean halako zer edo zer egitea».
Elkarlan hori beste espazioetara ere eraman du udalak. Kaputxinoetako ludotekak kokapen berria du iazko azaroaz geroztik: Cristobal Gamon ikastetxea. Ikastetxearekin hitzarmena egin zuen udalak. Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastokia estalita, bestalde, eskola orduetatik kanpo herritarrentzat eta kultura jardueretarako espazio bihurtu du udalak.
Kultur zerbitzuetarako sarbidea udalarentzat oinarrizko eskubidea dela erantsi du Lopez de Etxezarretak, «liburutegiak, udalerrietan ditugun ekipamendu eredu demokratikoenak dira, herritar guztiek erabili ahal dituzte, zerbitzu ezberdinak eskaintzen dituzte, eta jende guztiak sartu eta erabiltzeko aukera du, bestelako baldintzarik bete gabe. Deszentralizazioa dago oinarrian, udala auzoetara hurbiltzea, baita zerbitzu estrategiko eta oinarrizkoak herritar guztien eskura jartzea ere, eta hau urrats bat da bide horretan».
Beraungo Kultur Etxea 27 astean zabalduko duela aurreikusi du udalak. Gauzak ondo bidean, beraz, 2019ko apirilerako beraundarrek ekipamendu berria izango dute.
Auzoarentzat urrats garrantzitsua izango den zalantzarik ez du Lopez de Etxezarretak: «Igerilekuetatik harago, lehenengoz zerbitzuak hurbil sentituko dituzte, lehenengo aldiz udala bera eta udalaren zerbitzu estruktural batzuk auzoan izatea gauza handia izango da, zalantzarik gabe, auzotarrentzat. Oso urruti gelditzen zaien administrazio bat eta oso oinarrizkoak diren zerbitzuak auzoan izango dituzte».
Errenteria-Oreretako auzoak oso dinamikoak direla nabarmendu du Lopez de Etxezarretak, «Beraun ere hala da, auzo bizia, elkarte, eragile, auzo elkarte eta emakume taldeak dituzte, ekintza handiko auzoa da, eta auzoan halako espazioa izatea asko eskertuko dute».
Zu! zerbitzua auzoan
Kultur Etxean, haur txokoa, liburutegia, eta jardueretarako espazioa izango dituzte, baina ez hori bakarrik. Zu! Zure Udala Arreta Zerbitzuaren leihatila bat ere izango dute eskura azpiegitura. Oso baikor baloratu du hori zinegotziak, eta Beraungo bizilagunek ere hala baloratuko dutela uste du, «udalean egin beharreko tramiteak etxetik hurbil egiteko aukera izatea abantaila handia da».
Auzoetatik gertuago izateko, eta haiek hobetzeko udalak lanketa handia egin duela nabarmendu du Lopez de Etxezarretak, «eta horretan jarraitzen dugu. Lehentasuna da guretzat. Irisgarritasunaren aldeko apustu garrantzitsua egin dugu, handia benetan, eta horren adibide dira igogailu proiektuak. Ez dira errazak gauzatzeko, ez ekonomikoki, ezta teknikoki ere, zailtasun handiak dituztelako, baina argi dugu estrategikoak direla guretzat eta herritarrentzat».
Beste urrats bat da Beraungo Kultur Etxea. Ez dela azkena izango agindu du zinegotziak.