Ikasleen proposamenak erantzun ditu alkateak

Gaurko saioan ikasleen proposamenak erantzun ditu Julen Mendoza alkateak.

Eskolako Agenda 21 programaren barruan ikasleek ikasturte amaieran egindako proposamenei erantzuna eman die Julen Mendoza alkateak, programaren ikasturte berriko lehen saioan. Zarata izan dute aztergai aurreko ikasturtean eta hainbat neurri proposatu dizkiote alkateari hura gutxitu eta mugikortasuna iraunkorraren alde egiteko udalerrian. Mendozak banan bana erantzun ditu Bizarain LH, Bizarain DBH, Koldo Mitxelena, Telleri, Don Bosco, Gamon eta Egiluze ikastetxeetako ikasleek egindako proposamen horiek gaur pleno aretoan egindako saioan.

Proposamenetako bat auto kopurua gutxitzea zen, zerbitzu publikoa indartu merkatuz eta herritarrak kontzientziatuz.  Errenteria ondo komunikatutako herria dela esan du horren harira Mendozak, eta udalak  garraio publikoaren alde egiten duela, halere berak eskumen txikia duela garraio publikoaren prezioa ezartzeko garaian azaldu die bildutakoei. Ibilgailu publikoak erabiltzearen aldeko kanpaina egitea ere eskatu zioten udalari ikasleek Eskola Agenda 21 programaren barruan. Bost ibilgailu elektriko dituela udalak une honetan, eta halakoak kargatzeko hiru gune jarri dituela jakinarazi du.

Autobus elektrikoa jartzea ere aztertu omen zuen udalak, baina ez omen da posible. Arrazoiak eman ditu horretarako, Mendozak: “Maldatsua da  gure herria, eta autobus elektrikoek ez dute nahikoa indar izaten malda horietan gora egiteko”. Bidegorri sarea hobetu, eta hura zabaltzeko lanetan ari dela kontatu die bestalde gaur pleno aretoan bildu diren ikastetxeetako ordezkariei, eta Metrominutu kanpainaren berri eman. Gutxi barru abiatuko du udalak, eta horretarako esku orriak aterako dituela jakinarazi du. Helburua herritarrak desplazamenduak oinez egitera animatzea da eta horretarako planoak aterako dituzte distantzia zehatzak egiteko zenbat denbora behar den jarrita.

Beste eskaeretako bat bizikleta publikoak jartzearena izan da. Horren gaineko azterketa egin zutela Oarsoaldea osatzen duten lau udalek azaldu du alkateak, eta ondorioztatu zutela ez zegoela erabiltzaile nahikorik halako zerbitzua jartzeko, “hala ere, berriz ere aztertzeko konpromisoa hartuko dugu, besteak beste, Donibane eta Lezo arteko bidegorria egina dagonean erabilera agian handituko delako, eta geroz eta gehiago direlako egun Donostiara joan etorriak bizikletaz egiten dituztenak eguraldi onarekin”.

Azterketa gainditutzat emango zioten alkateari bildutako ikasleek, galdera guztiak erantzun dituelako, arrazoituta gainera. Datorren urteko maiatzerako jarri dute hurrengo zita, dagoeneko esku artean duten Energia eta Klima aldaketaren gaiaren gainean egin behar dizkioten proposamenak helarazteko. Bien bitartean, batzuk eta besteek lanean jarraituko dute.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend