Energiaz, ‘Korto Kontari’

Energiaren erabileraren gainean sentsibilizatzeko lehiaketa berria jarri du martxan Oarsoaldea Garapen Agentziak 12-16 urte arteko gazteei begira.

Energia modu eraginkorrean erabiltzeko ideiak bilatuko dituzte gazteek.

Neguan gelan beroa baldin baduzu, zer egiten duzu, berogailua itzali edo leihoa ireki? Hori Oarsoaldea garapen Agentziak 12 eta 16 urte arteko gazteei egin dien galdera. Erantzun nahi duenak, film laburra  bidez eman beharko du erantzun hori, Korto Kontari garapen agentziaren iniziatiba berriaren barruan.

Energiaren erabileraren gainean sentsibilizatu, eta gizarte iraunkorragoa eraikitzea du helburu film laburren lehiaketak. Horretarako, hausnartzen jarri nahi ditu gazteak eta energia modu eraginkorrean nola erabili daitekeen kontatzea: “Energia aurrezkia eta eraginkortasunaren gaineko ideia praktikoak bilatzen ari gara lehiaketarekin, sentsibilizazioa eta kultura energetikoa garatu eta gizartean txertatzeko asmoarekin”.

Energiaz mintzo direnean elektrizitateaz ari dira, baina ez soilik horretaz, uraz, isolamendu eta berogailu sistemez,  argiaz, etxetresna elektrikoez, hozte sistemez, eta garraioaz ere ari dira, beraz horietako edozeinen gainean aritu daitezke film laburrean parte hartzen dutenek. Taldeka egin daiteke lana, eta bat edo gehiago, mugarik ez du lehiaketak arlo horietan. Iraupenak izango du muga, ordea: minutu 1 eta hiru minutu arteko iraupena izan behar dute filmek, eta egiteko teknika ezberdinak erabili daitezke, bideoa, movie maker… formatu gustukoena, ikastetxean errotuena, ohikoena, nahiz esperimentala.

Lehiaketako oinarriak Oarsoaldea Garapen Agentziaren web orrian ikusi daitezke, eta parte hartzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Azken horretarako epea, hilaren 30ean (asteartea) amaituko da. Sariei dagokienean, epaimahai profesional batek aukeratuko ditu bi lan irabazleak, eta 300 eta 200 euroko balioa duten sariak jasoko dituzte. Lehiaketarako onartzen dituzten film labur guztiak Korto Kontariko youtube kanalean ikusteko aukera izango da abenduaren 10etik aurrera. Lanak aurkezteko epea, berriz abenduaren 5ean amaituko da, eta irabazleak abenduaren 15ean jakinaraziko dituzte.

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend