Herri batzar dinamika abiatuko du koalizio subiranistak azaroaren 7an. Bi batzar gehiago egingo ditu, azaroaren 28an eta abenduaren 12an.
2015eko udal hauteskundetako EH Bilduren ekitaldi nagusia.
Udal hauteskundeak izango dira 2019ko maiatzaren 26an, eta horri begira, lanean hasi da Errenteria-Oreretako EH Bildu. Auzolanean osatu nahi du koalizio subiranistak herri programa, baita hauteskunde horietara aurkeztuko duen hautagaien zerrenda ere, eta herri batzar dinamika abiatuko du azaroaren 7an (asteazkena).
Lehenengo batzar horretan hauteskundetarako planteamendua aurkeztuko du EH Bilduk, Errenteria-Oreretaren azterketa soziologikoa egingo du, eta hauteskunde programari hasiera emango dio. Azaroaren 28an (asteazkena) egingo du bigarren batzarra. Jarraipen batzordea aurkeztearekin batera, herri programaren lehen zatia landuko dute bildutakoek, eta komunikazio ildoen aurkezpena ere egingo dute.
Abenduaren 12an, (asteazkena) egingo dute hirugarren eta azken herri batzarra. Egun horretan proiektu zehatzak aurkeztuko ditu koalizio subiranistak, eta programari azken ekarpenak egiteko unea ere izango da. Azaroaren 28ko eta abenduaren 12ko herri batzarretan zerrendak osatzeko proposamenak jasoko dituzte.
Herri batzar guztiak Reina aretoan egingo ditu EH Bilduk, 19:00etan, eta herritar guztiak deitu ditu parte hartzera eta elkarlanean herri programa osatzera.