Itsas Gela, hamabost urte Pasaiako itsasertza zaintzen

Familiekin, eskoletako ikasleekin eta boluntarioekin. Itsas Gela elkarteak udazkenero parte hartzen du Azterkosta programan 2003. urtetik, Ulia eta Jaizkibeleko kostaldearen azterketa egiteko. Urtero Pasaiako kostaldeko sei puntutan aritzen dira laginak hartzen, ondoren bilakaera aztertzeko.

Itsas Gelako arduradunek iragarri dutenez, aurtengo kanpaina martxan da, eta izen-emateko epea zabalik. Hurrengo irteera iganderako (hilak 11) programatu dute, eta Jaizkibelgo Erentzin kalara joango dira; beste bi irteera egingo dituzte gerora, hilaren 25ean Azabaratzara eta abenduak 8an Artzura.

Interesdunek aurre eman behar dute izena, elkartera emailera idatzita edota 619814225 telefono zenbakira deituta.

Eskolekin elkarlanean

Herriko ikasleek urtero parte hartzen dute kanpainan, normalean irisgarritasun errazena duten kalak garbituz, eta bertan pilatutako hondakinak sailkatuz eta aztertuz.

Pasa den asteetan, esaterako, Pasaia-Lezo Lizeoko 100 bat ikasle aritu dira Donibaneko Alabortzan lanean, Itsas Gelaren arabera, Azabaratzarekin batera kostaldeko puntu kutsakorrenean.

Arduradunek jakinarazi dutenez, Alabortzan gehien bat higiene zaborrak aurkitzen dira, belarrietako kotoi-makiltxoak kasu, eta, gaur gaurkoz Donibanen oraindik ere saneamendu sarerik ez dagoela eta ur zikinak zuzenean badiara jaurtitzen direla salatu dute.

Azabaratzan, aldiz, bestelako material kutsakorrak pilatzen direla jakinarazi dute Itsas Gelako arduradunek. Poliespan kortxo zuria eta plastikozko botilak eta poltsak topatu ohi dituzte Jaizkibel kanpoaldeko itsaslabarretan gehien bat.

“Aztertutako gunea  topatzen duguna baino garbiagoa uzten saiatzen gara beti” adierazi du Itsas Gelako arduradun Izaskun Suberbiolak,  eta  lan nekeza izaten dela gaineratu du, “oinez nekez” iristen diren eremuetan hondakinak erruz pilatzen direla ohartarazita. Itsasoak eramaten ditu hondakinak aipatu inguruetara, eta horregatik, lehorretik ez ezik, itsasotik ere aritzen dira hondakinen arrantzan, horretarako Mater itsasontzia erabilita.

Ingurunea zainduz gozatu

Azterkostako irteerek “paisaiaz gozatzeko aukera bikaina” eskaintzen dutela gaineratu dute Itsas Gelakoek, ingurua garbitzeko ez ezik, ondare naturala ezagutzeko aukera eskaintzen dutelako. Itsaslabarretako formazio geologiko bitxiak, itsas fauna eta flora…, Natura 2000 Sarean txartatutako Kontserbazio Bereziko Eremuak gertutik ikusi eta gozatzeko aukera.

Itsas Gelako arduradunek argi dute. Hamabost urte egin dituzte programan eta beste hainbeste egin beharko dituztela argi dute, “gizakiok ingurunean dugun eragina ezagutu eta itsas ekosistemak gizarteari hurbiltzeko”. Izan ere, argi du Suberbiolak: “Naturak ematen digun onura balorean jartzeko modurik onena, naturarekin bat egitea dela”.

 

 

 

 

 

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend