Gozamenaren aldamenera igarotzeko gonbidapena

Irakurzaletasuna bultzatzeko kanpainaren bultzatzaileak, aurkezpenean, Donibaneko Ubera bibliotekan.

Udala, bibliotekak, euskaltegiak, ikastetxeak, Irakurketa Kluba eta liburu dendak biltzen dira urtero Pasaian irakurzaletasuna bultzatzeko kanpainan, eta aurten ere helburu berberaren bueltan indarrak batzea erabaki  dute. Gaur eguerdian aurkeztu dute aurtengoan landu duten kanpaina, Donibaneko Ubera bibliotekan, eta agerraldian iragarri dutenez, hilaren 12an hasi eta abenduaren 17ra arte iraungo du.

Euskara zinegotzi Nahikari Oterminek eman dio hasiera aurkezpenari, partaideak aurkeztu ondoren, helburuak zehazteko. Irakurzaletasuna bultzatu asmoz, biblioteken erabilera sustatu, euskal literatura eta liburugintza indartu, eta herritarren kultur kontsumoan euskararen presentzia areagotu nahi dutela azaldu du.

Bereziki 16 urtetik gorako gazte eta helduen artean ohitura aldaketak eragin nahi dituztela azaldu du zinegotziak, adin tarte horretan gaztelaniazko irakurketa gailendu ohi delako. Eta hain zuzen ere, Pasaia-Lezo Lizeoko 16 urteko ikasleek “kanpainari ikusgarritasuna eman asmoz” bideo bat prestatu dute, Hiru Damatxo komunikazio enpresakoen laguntzaz.

Bideoaren protagonistak, ikasleak, aurkezpenean izan dira Pasa gozamenaren aldamenera izenburuko ikus-entzunezkoa aurkezten. Azaldu dutenez, “Stranger Things telesailean oinarritu dira, mundu errealean eta beste dimentsio bateko munduaren artean gertatzen den istorioa kontatzeko”, mundu ilun eta teknologiko batetik, literaturaren mundura jauzia.

Deskontu txekeak eta zozketak

Kanpaina liburutegietan nola gauzatuko den azaldu du ondoren udal liburutegietako koordinatzaile Aitziber Zinkunegik. Biblioteketako erabiltzaileek euskarazko eleberriak maileguan hartu eta itzultzerakoan, fitxa bat bete beharko dute, eta trukean Antxoko Urdin liburu dendan edota San Pedroko Isasasan erabiltzeko deskontu txekeak  emango dizkiete. Deskontua %50eko izango da euskaltegietako ikasle eta Mintzalagun egitasmoko partaideentzat, eta %25ekoa gainontzekoentzat.

Horrez gain, udal liburutegi bakoitzean 30 euroko bi bale zozketatuko dituzte kanpainaren bukaeran, 16 urtetik beherakoen artean bale bat, eta 16 urtetik gorakoen artean bigarrena.  Baleak euskarazko nobelak erosteko baliatu daitezke, lehen aipatutako bi liburu dendetan, urtarrilaren 4 bitartean. Gabonak tartean direla baliatuta, gainera, euskal literatura oparitzea bultzatuko dute bide kanpainaren arduradunek.

Jarduera paraleloak

Kanpaina martxan den bitartean bestelako jarduerak antolatuko dituztela iragarri dute. Liburutegietan ipuin musikatuen kontaketa saioak antolatu dituzte, Badut taldearekin. Lehen kontaketa hilaren 12an izango da, Donibaneko Ubera bibliotekan;  bigarrena, biharamunean, hilak 13, Antxokoan, eta azkena hilaren 14ean San Pedroko liburutegian, hirurak 18:00etan.

Helduentzat, berriz, bi ekitaldi antolatu dituzte: Irakurketa Klubak Emakume poeten poesia emanaldia antolatu du, Eider Perez eta Joannes Jauregirekin, hilaren 23an, 21:00etan Trintxerpeko liburutegian, eta Antxoko liburutegiak Pako Sudupe idazlearekin Telesforo Monzon, aristokrata abertzalea liburuaren gaineko solasaldia, abenduaren 4ean, 19:00etan, Antxoko bibliotekan.

Ikasleentzat, azkenik, beste bi jarduera antolatu dituzte kanpainaren barruan eta horien berri Lizeoko irakasle Olatz Salaberriak eman du. Biblioteketara bisitak egingo dituztela iragarri du, hilaren 17an, eta abenduaren 17an, berriz,  kanpainaren bukaerako ekitaldi gisa, Eider Rodriguez idazlearekin Bihotz handiegia ipuin bildumaren gaineko saioa. Salaberriak azaldu duenez, zer liburu irakurri aukeratzeko parte hartze saio bat egin zuten ikasleekin, Oier Guillanek gidatuta.

 

 

 

 

 

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend