[Bideoa] Adinekoei zuzendutako Etxean Bizi programa aurkeztu dute

etxean bizi

Arretaz jarraitu zuten Etxean Bizi programaren aurkezpena Juanba Berasategi aretoa bete zutenek.

Adineko pertsonei eta haien zaintzaileei zuzendutako programa da Etxean Bizi, aldundiak sustatuta eta modu esperimentalean hainbat udalerritan aurrera ateratzen ari direna. Pasaian martxotik dago martxan, eta atzo aurkeztu zuten, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan.

Aurkezpenean Ahaldun Nagusi Markel Olano izan zen, baita Gizarte politiketako diputatu Maite Peña ere. Horrez gain, Pasaiako alkate Izaskun Gomez, Matia fundazioko arduradun Maite Sancho eta Pasaiako Udaleko gizarte langile eta Etxean Bizi programaren arduradun Maitane Irurieta ere. Eta publikoan, nola ez, programaren protagonistak, adinekoak eta haien zaintzaileak.

Adinekoen arretarako eredu berri ezarri nahi du Etxean Bizi programak, menpekotasunak dituzten adinekoei haien etxeetan artatu ahal izateko. Alkateak aurkezpenean jakinarazi zuenez, Pasaian populazioaren %22 ditu 65 urte baino gehiago, zehazki, 3.648 lagunek, eta horietatik 649k 85 urte baino gehiago dituztela zehaztu zuen. Horrez gain, menpekotasun graduren bat aitortua duten 1015 pasaitar direla jakinarazi zuen alkateak. Adinekoei  “guretzat nahiko genuke arreta” eskaintzea, horixe Etxean Bizi programaren funtsa Izaskun Gomezen hitzetan, eta helburua ere zehaztu zuen: “Pertsonek, adinekoak izateagatik ez dezatela beren etxea utzi behar, ez bere ingurua galdu, ezta beren eskubideak ere”.

Eredu berria ikertzen

Pasaian 70 lagun ari dira programan parte hartzen, guztiak profil berekoak: menpekotasuna aitortua dute bigarren graduan, eta ez dute orain artean egin behin betiko egoitza baterako eskaera. Programan parte hartu ahal izateko baldintzak dira, aldundiak aurrez hala ezarriak, Pasaian programa koordinatzen ari den Maitane Irurietak  azaldu zuenez.

Guztira, Pasaian, 70 lagun bildu ditu Etxean Bizi programak, 35 pertsonetako bi taldeetan banatuta. Izan ere, arretarako eredu berriak onurak ekartzen dituen ikertzea da asmoa, eta horregatik bi taldeak, batean betiko ereduaren arabera dihardutelako, eta bestean eredu berriaren arabera, gerora emaitzak alderatu eta onurak ebaluatzeko.

Udaleko arduradunek goraipatu zutenez, programa, Pasaian, oso harrera ona izaten ari da hasieratik. 70 lagun biltzeko, udal zerbitzuek  72 dei baino ez dituzte egin behar izan.

Orain arte adinekoak eta bere zaintzaileak ezagutzen aritu da Etxean Bizi programak Pasaian duen arduraduna, beren egoera eta beharren berri jasotzen; horrez gain, mediku familiekin koordinatzen aritu da arreta sozio-sanitarioa bermatzeko, behin informazio guztia bilduta, banakako planak proposatzeko.

Banakako plan horiek adinekoei aurkeztea izango da programaren hurrengo urratsa, haien iritzia jaso eta haiekin batera hartu beharreko erabakiak adosteko.

Gipuzkoar eredua

Markel Olano izan zen aurkezpenean hitza hartzen azkena, adinekoen arretarako Gipuzkoar ereduaren ezaugarriak goraipatzeko lehenik, eta Etxean Bizi programa Gipuzkoar eredua hobetzera heldu dela gaineratzeko jarraian.

Olanoren arabera, adinekoen %80ak bere etxean geratu nahi du, eta etorkizunean nahi horri erantzun ahal izatea erronkatzat jo zuen. Izan ere, ereduaren sostengarritasuna arriskuan egon daitekeela ohartarazi zuen Olanok, populazioaren zahartzearen ondorioz 2031. urterako Gipuzkoan 10.0000tik gora menpeko espero dituztelako.

Erronkari erantzuteko ardura partekatua behar izan behar duela esan zuen baita ere Ahaldun Nagusiak, eta ildo beretik, elkarlanaren eta koordinazioaren beharra nabarmendu zuen.

 

 

 

 

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend