Zuntz madarikatua

Amiantoak gaixotutako langileen kasu gehiago atera berri dira argitara. Lan gaixotasuna aitortzeko eta bide gogorra arintzeko, konpentsazio funtsa ezinbestekotzat jo du Asviamiek.

Amianto zuntzak.

Isilean egiten du eraso, oharkabean, eta urteak pasata ateratzen da argitara. Horregatik deitzen dute hiltzaile isila. Juanmi Gutierrez zuzendari errenteriarraren Musika Plaza amiantoaren istorioak dokumentalak mahaiaren gainean jarri zuen urte askoan isilean mantendu zen gaia, amiantoarena, eta ezagun egin zuen Paisa enpresa. Errenteria-Oreretako Martin Etxeberria kalean zuen eraikina Paisak, eta filmaren zuzendariak, bere amak mesotelioma garatu zuela kontatzen du, Paisak haizagailutik isurtzen zituen zuntz kantzerigenoek kutsatuta. 2010ekoa da filma.

Ordutik etengabe handitu da minbizia edota arnasketa gaixotasunak garatu dituzten langileen zerrenda, hala ere, asko eta asko ezkutuan gelditu dira langile horiek geografikoki mugitu behar izan zutelako lantegia itxi zutenean. 1969 eta 1982 urteen artean, Errenteriako Paisan lehenik, eta Oiartzungo Explosivos Rio Tinton ondoren lan egin zuen emakume bati lanerako ezintasun erabatekoa aitortu berri dio Caceresko (Extremadura, Espainia) gizarte segurantzak. Produktu toxikoekin lan egiteagatik, asbestoa edo amiantoarekin zehazki, biriketako fibrosia, eta disnea sakoneko pneumonia interstiziala ditu.

Errenterian bizi zen familia, baina lantegia itxi eta langabezia saria agortuta, Trujillora (Caceres, Espainia) joan ziren bizitzera.

Paisako beste bi langile
11 hilabete luzeko prozesuari aurre egin behar izan dio familia horrek. Ez zegoen amiantoarekin lan egin duten pertsonen zerrendan erregistratuta, eta horrek zaildu egiten du, berez zaila, gogorra eta luzea den gaixotasun profesionala aitortzeko prozesua.

Aste honetan bertan, berriz, enpresa berean lanean jardun zuten senar-emazteen prozesua hasiko dute. Amiantoarekin kutsatuta daude biak, gaixotuta. Emakumearen kasuan, duela urte batzuk zendu zen haren ahizpa mesotelioma edo pleura minbiziaz, Paisan lan egin eta amiantoarekin kutsatuta. Senarrari, EPOC biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa diagnostikatu diote, baina berak ere asbestoarekin lan egin zuen.

Ez dira Oarso Bidasoko kasu bakarrak, gaixotasun profesionala onartu dio epaitegiak Felix Vazquezi ere. Irungo CAFen lan egin zuen eta amiantoak kutsatuta gaixotu da bera ere. Arrazoia eman dio epaitegiak, baina onartu dion kalte-ordaina ez dela nahikoa iritzita, elkarretaratzeak ari dira egiten Irungo CAFeko bere lankideak. Beste irundar baten kasuaren gaineko ebazpena iristear da, bestalde. Pasaiako Luzuriaga enpresan egin zuen lan.

Asviamie Amiantoaren Biktimen Euskal Elkarteko bozeramaile, eta Euskal Herrian amiantoaren kontrako borrokan erreferente den Jexux Uzkudunek, amiantoak gaixotutako pertsonena «jario etengabea» dela salatu du. Lehen eskutik ezagutzen du berak gaia, Orbegozo enpresan izan zuelako kontaktua amiantoarekin, eta amiantoarekin lanean aritutako pertsonen Eusko Jaurlaritzaren zerrendan dagoelako.

11.000 lagun zerrendan
1960ko eta 1980ko hamarkaden artean amiantoarekin lanean aritu ziren milaka langile hiru eta lau hamarkada igarota ari dira gaixotzen. Garai hartan, amiantoaren zuntzak arnastu, manipulatu eta ukitzen zituzten egunero lantegietan, zer zen jakin gabe, edo gutxienez izango zituen ondorioen jabe izan gabe. Hiru hamarkada geroago, isilean mantendutako hura argitara atera da; gehiegi dira amiantoak gaixotu dituen langileak, gehiegi hiltzera kondenatu dituenak.

Amiantoarekin harremanetan izan den jende gehientsuena ez dagoela erregistratuta esan du Uzkudunek, «azken urteetan lortu dugu jende mordoa erregistratzea, une honetan 11.000 dira Hego Euskal Herrian: 9.000  Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 2.000 Nafarroan. Ez dut deskantsurik hartuko 25.000 pertsona gutxienez sartu arte erregistro horretan».

25.000 dira gutxienez, Uzkudunen kalkuluen arabera, hiru hamarkadetan amiantoarekin lanean aritu zirenak. Argi du gutxieneko kopurua hori dela.
Asviamieko bozeramaileak dio Paisan bezala, amiantoaren lan egindako emakume asko, ezkonduta, lana utzi eta Euskal Herritik alde egiten zutela, baita ahaztu ere amiantoarekin lanean izan zirenik: «Gaixotasunak, ordea, 30 eta40 urte geroago  azaltzen hasi dira. Laneko gaixotasuna frogatzeko, erakutsi behar duzu amiantoarekin lan egin duzula. Enpresa horietako asko eta asko desagertu egin dira gainera, eta horregatik diogu oso garrantzitsua dela Eusko Jaurlaritzaren zerrendan egotea, poliziaren atestatu baten modukoa da, frogatzeko modu bakarra. Zerrenda horretan ez bazaude ikerketa hasi behar da, eta zailtasunak baino ez dituzu topatzen. Administrazioa ez da gehiegi mugitzen, ez badituzu datu nahikoa zehatzak ematen».

Zerrendan izatea garrantzi handikoa da, beraz, gaixotasun profesionala aitortzeko, baina baita jarraipena egiteko ere, «gaixotasuna sortu bezain azkar antzemateko, askotan oso berandu antzematen dituztelako eta ezer gutxi dagoelako egiterik. Amiantoak eragindako gaixotasun askotan ez dago zer egiterik, baina garaiz harrapatuta aukera gehiago dago, baita bizitza kalitatea hobeagoa bermatzeko ere. Lan gaixotasuna aitortzeak pentsioa hobetzea dakar, kalte-ordainak eskatzeko aukera, eta bizitza kalitatea hobetzeko prestazioak eskatzekoa ere mutuari».

Hamaika oztopo bidean
Gaixotasuna azaltzen den unetik, laneko gaixotasuna dela onartu arteko bidea «luzea, zaila eta batez ere gogorra» dela nabarmendu du Uzkudunek: «Auzibidera jotzea beste aukerarik ez dutenek, hamaika oztopo topatzen dituzte bidean, eta izugarri gogorra da hori. Lanean gaixotu zara enpresak ez duelako babes eta higiene neurririk hartu, eta hori, gainera, zuk frogatu behar duzu. Enpresak, mutuak eta administrazioak berak ere oztopoak jartzen dituzte. Epaitegietara joatera derrigortzen zaituzte askotan. Horren aurrean familiei eskatzen diet botereak emateko abokatuei eta ez joateko epaiketara, entzun beharrekoak sutan jartzeko modukoak direlako, mingarriak benetan».

Oztopo lasterketa horretan epaitegiak muga gaindiezina bihurtzen direla ere salatu du  Jesus Uzkudunek, «Donostiako 4. aretoko Ricardo Bandres epailearen jarrera izugarria da. Kalte-ordainak emateko garaian orain arte onartzen zen baremazioaren erdia ematen dielako kaltetuei epaile horrek, ‘badauka pentsioa eta 100.000 euro nahikoa ditu’ esaten du. Enpresa berean lanean aritu diren eta amiantoarekin kutsatuta gaixotu diren bi pertsonek kalte-ordain ezberdina jasoko dute, batek bestearen erdia, tokatzen zaien epaitegiaren arabera. Injustizia da».

Konpentsazio funtsa
Horren aurrean, konpentsazio funtsa sortzea ezinbestekoa dela dio, eta horretan ari da Asviamie. Izan ere, enpresa asko eta asko desagertu egin dira eta kaltetuek ez dute nora jo kalte-ordainak eskatzera, «emakume asko ere gaixotu dira, eta ez ziren lantegietan aritu, baina senarren laneko arropa garbitu dute urteetan, amianto zuntzak ukitu eta arnastu, eta beraiek ere amiantoarekin kutsatuta, gaixotzen ari dira. Kasu horietan are zailagoa da frogatzea. Prozesuak hamar urteraino luza daitezke. Konpentsazio funtsak prestazioak izatea bermatuko luke».

Etorkizuna ilun ikusten du Uzkudunek. Datorren hamarkadan amiantoak eragindako gaixotasunek gora egingo dutela argi du. Harago joango da. Pasa den hilabetean Amiantoaren Biktimen I. Topaketa egin zuten Bartzelonan, Kataluniako Amiantoaren Biktima Elkarteak eta Colectivo Rondak antolatuta: «Lanean kutsatu ziren kasuak ateratzen ari dira argitara, eta hurrengo urteetan ere jarraituko dute ateratzen, baina arriskua dago isuritako amianto zuntzekin kutsatutakoen gaixotasunak azaltzen hasteko. Amianto asko dago oraindik eraikin eta azpiegituretan. 35 urteko bizitza du asbestoak, eta asko eta asko iraungita daude. Ez bada amiantoa desagerrarazten, ez bada ezabatzen guztia, jendeak kutsatzen jarraituko du».

CAFek helegitea jarri dio  EAEko Auzitegiaren epaiari

Irungo CAFeo langileen elkarretaratzea Felix Vazquezi elkartasuna adierazteko.

Urria amaieran amiantoarekin lotutako ebazpena heldu zen EAEko Justizia Epaitegitik. 2008an hil zen Celestino Tolosa Xarra irundarra, CAFen amiantoarekin lan eginda gaixotu eta hil zela ebatzi zuen epai batek, gaixotasun profesionala aitortu zion. Hil aurretik birikak gordetzeko eskatu zien Tolosak medikuei, eta klabea izan da hori, asbestosiak hil zuela frogatzeko eta ez EPOC biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoak, diagnostikatu bezala.

Ebazpen horri helegitea jarri dio CAFek aste honetan bertan [asteartean], eta Espainiako Estatuko Auzitegi Gorenak aztertu beharko du orain. Tolosari birikak transplantatuta, asbestosia eta lan gaixotasuna desagertu zitzaizkion argudioa erabili du helegite horretan CAFek.
Enpresak, «jarrera zinikoa»

CAFek helegitean erabilitako argudiaketari «zinikoa» iritzi dio Asviamiek, eta «onartezintzat» jo du: «Biriketako minbizia eta arnas gaixotasuna garatu dute hamarnaka langilek, CAFek beren langileen osasuna babesteko 1940ko hamarkadatik indarrean dagoen segurtasun eta higiene araudia urratu zuelako.

Barkamena eskatu beharrean zinismoz ari da CAFeko zuzendaritza, krudel eta giza eskubideen aurka. Urteetan praktika kriminala egin du langileak amianto hiltzailearen eraginpean jarrita». Helegitearekin «sufrimendua biderkatzen» aritzea leporatu dio.

Jarrera ez dela berria erantsi du, «CAFeko zuzendaritzak bazekien amiantoarekin lan egiteak minbizia eta abestosia sortzea zuela». CAFen jarrerak gaitzespen sozial masibo eta ahobatezkoa merezi duela gaineratu du elkarteak, «langileak, sindikatuek, eragile sozialek, ezin dute ezer esan gabe gelditu». Asviamiek, bere aldetik, amiantoak eragindako gaixotasunik ezkutuan geldi ez dadin, eta eragindako kaltea konpentsaziorik gabe geldi ez dadin lanean jarraituko duela berretsi du: «Lehenago edo geroago, CAFek ordainduko du eragindako mina. Ez zaie doan aterako arduradunei osasunarekin jolastu izana eta hildakoez eta haien senideez barre egitea».

Jarrera aldaketa
Beasain eta Irungo CAFeko enpresa batzordeek ere salatu dute enpresaren jarrera, eta «dagokion ardura» bere gain hartzeko eskatu diote. Pasa den apirilean amiantoak hildako lankideen omenezko ekitaldian CAFen zuzendaritzari eskaera zehatza egin ziotela ekarri dute gogora: amiantoarekin lanean aritutako langileei lan gaixotasuna aitortzea, amiantoarekin lan egiteagatik eragindako kalteak aitortu eta kalte ordainak ematea, kaltetuen eta beren familien sufrimendua areagotuko duen auzibiderik hasi beharrik gabe. Hori bera galdegin diote enpresari orain. Tolosaren familiari elkartasuna adierazi diote.

Familia, amaieraraino
«Amaieraraino helduko gara. Egia azaleratu dugu, gezurraren gainetik eta borroka honetan jarraituko dugu». Otsanda Tolosa, Celestino Tolosa Xarra zenaren alabaren hitzak dira, CAFek helegitea jarri duela jakin eta berehala. Helburua bete duten zalantzarik ez dauka, «amiantoaren gaia azaleratu dugu eta azken asteetan amiantoaz hitz egiten ari dira komunikabide guztiak. Aitarekin, eta beste langile asko eta askorekin gertatu denaren bozgorailu izaten ari gara».

Espainiako Auzitegi Gorenak zer erabakiko duen ez daki, prozesua luzatuko dela bai, ordea, «atea ixteko esperantza genuen, orain itxoin egin beharko dugu».
CAFen jarrera salatu du: «Ebidentziaren aurrean min ematen jarraitzen du. Zer gehiago behar dute?». Irungo CAFekin harremanetan jarri da Oarso Bidasoko Hitza gaiaz hitz egiteko. Ez dute adierazpenik egin, «enpresa politikagatik».

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend