Izaskun Gomez, 2019ko udal hauteskundeentarako bere hautagaitza aurkezten, PSE-EEko buruzagitzako kideak lagunduta.
Txalo artean eta Denis Itxaso eta Jesus Egiguren lagunduta sartu zen atzo Izaskun Gomez Trintxerpeko alkateordetzara bere hautagaitza aurkeztera. Alkateordetzan zain herriko militanteak ez ezik, PSE-EEko buruzagitzaren kide asko; Eneko Andueza alderdiko idazkari nagusia; Iñaki Arriola, PSE-EEko presidentea eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua; Jose Ignacio Asensio, ingurumen diputatua; eta Marisol Garmendia Lurralde Antolaketa eta Mugikortasun diputatua, besteak beste.
Denis Itxaso izan zen hitza hartzen lehena, eta azken agintaldia Pasaiarentzat “historikoa” izan dela nabarmendu zuen. Hasitako lanari jarraipena eman ahal izateko, baina, Izaskun Gomez alkatetzan jarraitzea “ezinbestekoa” dela esan zuen, eta PSE-EEren alkategaiaren balioak nabarmendu zituen, Izaskun Gomez “politikaren onena” ordezkatzen duela nabarmenduz.
Ildo beretik Jesus Egigurenek. Izaskun Gomezen hautagaitza aurkeztea berentzat “ohorea” dela esan zuen, eta “garai gogorretatik” elkar ezagutzen dutela eta “beti oso gertu” sentitu duela adierazi zuen.
Egigurenen arabera, Izaskun Gomez “elkarbizitzaren eta bakearen alkatea” da, eta Pasaian bi aukera daudela adierazi zuen: “Izaskun edo kaosa; etorkizuna duen Pasaiaren proiektua edo EH Bilduk ordezkatzen duen kaosera itzulera”.
Izaskun Gomez, bere hautagaitzaren aurkezpenean.
Antzera mintzatuko zen gerora Gomez: “Ez gaitezen engainatu. Pasaian ez dira aukera gehiago. Bildu edo PSE-EE”, eta “kaosa edo kudeaketaren artean aukeratu beharra” dagoela esan zuen.
Izan ere, Gomezen arabera, Pasaia duela lau urte, “etengabeko liskar batean murgilduta zegoen, abandonatua eta itxaropenik gabe”, eta gaur egun aldiz, “etorkizuna ez ezik oraina ere baduen udalerria dela” aldarrikatu zuen. “Beraiek porlana ikusten duten lekua- botatzen diguten porlana- guk pertsonak ikusten ditugu, hori da aldea” adierazi zuen Gomezek aste honetan bertan Herrera eta Trintxerpe arteko igarobidearen irekieran jazotakoak gogoan.
“Udal politikaren langile” gisa definitu zuen zuen Gomezek bere burua, eta hautagaitzara “etxeko lanak eginda” heldu dela defendatu zuen, “hirigintza arloan, zein arlo politiko eta sozialean”.
Egindakoak eta egiteke dituenak zerrendatu zituen Gomezez, bereziki goraipatuz, besteren artean, HAZ bulegoak, Itsas Festibala, edota atez atekoa bertan behera utzi izana. Mugarritzat jo zituen igarobidearen proiektua eta Ondartxoren biziberritzea, eta egitekoen artean Adinberri eta lonjako plazaren urbanizazio lanak nabarmendu.