Gutuna: "Egiari zor"
Gure herrian bertsio ofizialak ez dira inoiz sinesgarriak izan. Oraingoan ere ez. Banderen auzian, Udalak emandako bertsioa ez dator bat iraganarekin. Ikus dezagun: 1983an PSOEk udal hauteskundeak irabazi eta, opari gisa, bandera frankista-monarkikoa udaletxeko balkoian jarri zuen, noiz eta herriko jaiak hasten ziren egunean bertan. Horretarako, paisanoz eta uniformez jantzitako hamarka polizia eraman eta herritarrak errukirik gabe jo zituzten, ehunka zauritu eraginez. Herriaren erantzuna neurrikoa izan zen eta jaiak bertan behera geratu ziren. Hala ere, poliziak egun haietan herria okupatu eta herritarren aurka maiz oldartu zen. Herriaren erantzuna ikusita, Udalak ez zuen berriro bandera espainiarra jarri, eta horrela 30 urtez egon gara. Beraz, herriaren garaipena, inposizioaren gainetik, herritarren borondatearekin bat eginez. 2013an, Udalera bandera espainiarra jartzeko agindua iritsi zen. Bandera espainiarra jarriko zela jakinarazteko egindako batzarrean bi argudio aipatu ziren: alde batetik, inhabilitazioaren mehatxupean jarriko zela eta, bestetik, ikurrina ez zela jarriko bandera haren ondoan, desohorea bailitzateke ikurrinarentzat. Beraz, inposizioaren garaipena, herritarren borondatearen gainetik, legearekin bat eginez. Orain, Udalak PSOEren 1983ko erabakia elkarbizitzarekin lotu nahi izan du, Oreretako herri borrokalariari bere garaipena lapurtuz eta bandera frankista-monarkikoa inposatu nahi izan zuen haren jokaera zurituz, bide batez instituzioaren izena garbitu nahian. Duela 35 urte PSOEk bandera espainiarra berriro ez jartzeko hartu zuen erabakia ez zegoen elkarbizitzari lotuta, herriak emandako erantzunari baizik. Beraz, ez da ulertzen inposizioa elkarbizitzaz zuritu nahi izatea. Hori iragana faltsutzea da. Bestalde, Udalak goiko instantziei gatazka identitarioa planteatzea leporatzen dio, Euskal Herrian identitateari lotutako gatazka politikorik ez balego bezala. Gatazka ukatu eta ostrukarena egiteak ez du hura konpontzen laguntzen. Hemen badago bere etorkizuna modu demokratikoan eta librean erabaki ezin duen herri bat eta herri honek hizkuntza, kultura, historia…eta abarri lotutako identitatea dauka. Hain zuzen ere, herri honek bere identitatea daukalako eta eutsi nahi diolako datoz bandera frankista-monarkikoa inposatzera, eta euskararen aurkako errekurtsoak jartzera, eta eraso judizial-polizialak… Nolako elkarbizitza mota ari dira planteatzen herri honen borondatea eta erabakiak errespetatu gabe? Inposizioa ez da elkarbizitza. Santi Angulo, Irakaslea