Larunbatean izango da kontzertua Fatima Andra Mariaren elizan, 20:00etan, eta Koruko Andra Maria Musika Kapera arituko da Andra Mari Abesbatzarekin batera.
Andra Mari abesbatzaren agerraldia larunbateko ekitaldia aurkezteko.
Eguberriaren atarian, emanaldi berezia ondu du Andra Mari Abesbatzak larunbaterako. Emanaldia aurkezteko, aurtengo balantzea egin eta datorren urteari begira lotuta duen programazioaren berri emateko agerraldia egin dute dute gaur goizean Andoni Sierra Andra Mari Abesbatzaren zuzendariak, Arantxa Arzamendi Andra Mariko kideak, Jesus Garcia baritonoak, eta Ion Collar Kultura zinegotziak.
Eguberriarekin lotutako programa landu du abesbatzak larunbaterako emanaldirako, bi obrek osatua Sierrak azaldu duenez, Camille Saint Saënsen
Oratorio de Noël, eta Tomas Aragüesen
Suite de Navidad, euskal gabon kantak oinarri hartzen dituena. Programa oso polita dela esan du Sierrak, “oso atsegina, erraz entzuten den horietakoa, eta nahiz eta bi obrak oso ezberdinak izan, bat datoz Andra Mariren ibilbidearekin: musika sinfoniko korala da bata, euskal kantak, bestea. Publikoak erraz entzungo du programa eta horregatik animatzen ditugu bertaratzera”.
Larunbateko emanaldia Fatima Andra Mariaren elizan izango da, 20:00etan, eta Koruko Andra Maria Musika Kapera arituko da Andra Mari Abesbatzarekin batera. Maria Martin sopranoa, Lucia Gomez mezzosopranoa, Garazi Lopez mezzosopranoa, David de Oliveira tenorra eta Jesus Gracia baritonoa izango dira emanaldian.
Balantzea
Aurtengoaren gaineko balantze positiboa egin du, Arzamendik, abesbatza pozik dagoela, : “Guztira hamabost emanaldi izan ditugu, eta bederatzi programa ezberdin abestu ditugu horietan”. Programazio propioari dagokionean datu hori, baina horretatik kanpo Errenterian egin diren bi jarduera garrantzitsuetan parte hartu dutela zehaztu du: Jose Luis Ansorenari egindako omenaldian, eta
Egin zaidazu bisita kantaren grabazioan.
2018ko programazioan ohiko ibilbideari erantzun diola abesbatzak gaineratu du, eta ildo nagusiak nabarmendu ditu: “Kontzertu didaktikoak egin ditugu alde batetik. Horien helburua da gai historiko bat jendeari hurbiltzea, eta aurtengo gaia ilustrazioa izan da”. XVII mendean girotutako bi kontzertu eman dituzte, horren harira:
Barkora marinelak Azkoitian lehena, eta Arabako Bastidan Manuel Quintano bertako herritarraren mendeurrenen ekitaldian, bigarrena. “Garaiko jauntxoa izan zen Quintano, ardogile familia ospetsu batean jaio zen eta ardogintzaren kalitatea hobetzeko teknikak ekarri zituen Europatik”, azaldu du Arzamendik.
Errenterian bertan bi kontzertu egin ditu abesbatzak Sanmarkosene eta Jesusen Bihotza adinekoen egoitzetan; beste bi Musikasteren barruan eliz musikaren, eta Atlantikaldian ere hartu dute parte kontzertu berezia eskainita. Donostiako Musika Hamabostaldian ere izan da abesbatza, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera.
Eskualdez eskualde programaz hitz egin du, bestalde, Sierrak. Programa horrek Gipuzkoako eskualde ezberdinetara eraman duela abesbatza zehaztu du, “normalean bisitatzen ez ditugun lekuak dira”. Programaren hirugarren ekinaldia izan dute aurten, eta datorren urtean ere hori eskaintzen jarraituko dutela jakinarazi du gaurko agerraldian.
Urtean zehar egindako emanaldietan didaktikotasuna lantzen duela abesbatzak nabarmendu du Collarrek, eta nabarmendu errotuta dagoela erabat abesbatza, “herritik eta herriarentzat aritzen zaretelako. Zuen errepertorioa, artea, zuen musika eramaten duzue, baina baita herriaren izena ere, eta hori eskertzekoa da”. Jose Luis Ansorena ekarri du gogora, Andra Mari abesbatzaren, Errenteriaren eta Euskal Herriaren musikagintzan egin duen ekarpenagatik, eta herritarrak gonbidatu parte hartzera: “Gozatu ezazue, eta gozatu dezagun larunbateko kontzertuarekin”.