1900 eta 1975 urteen artean hondoratu zituzten ontzien gaineko Ana Benito Aranzadiko kidea, eta Javier Mazpule Arkeolur elkarteko kidearen erakusketak hartuko du Xenpelar Etxea.
Mina Mary merkantzi ontziaren irudi bat.
Hondotik atera eta berriz ere nabiga dezaten, memorian bada ere. Hori da Ana Benito Aranzadi Zientzia Elkarteko kidearen, eta Javier Mazpule Arkeolur elkarteko kidearen
Urperatuak erakusketaren helburua, eta urperatutako tripulazio eta salbamendurako baliabide guztiak omentzea. Biak dira itsas gaietan adituak, naufragioetan, bereziki, eta urteak daramate gai hori lantzen, Getariako Badiako Iturritxiki urpeko aztarnategian egindako jarduketa arkeologikoetatik hasi eta
Naufragios en la Costa Vasca: 1976-2016 liburua argitaratu arte.
Azken liburu horretan bildutako hainbat informaziok hainbat erakusketa antolatzeko aukera eman die Benito eta Mazpuleri. 1900 eta 1975 urteen artean gertatutako itsas istripuak ikertzen ari dira gaur egun, eta horrekin antolatu dute zehazki Xenpelar Etxeak hartuko duen erakusketa. Irudikatutako panelak ditu erakusketak, naufragio bakoitzaren kokatze mapak, eta ezbeharretatik berreskuratutako objektuak zein itsas bizimoduari lotutako beste elementu batzuk bitrinetan erakutsiko ditu.
Besteak beste, gerra garaian Kantauri itsasoan izandako gertaeren berri ematen duten naufragioak presente daude bi ikerlariek atondu duten erakusketan. Horrela, 1918an Alemaniako itsaspeko batek torpedoz eraso eta hondoratu zuen
Lyndiane merkataritza-ontzi frantsesa; Espainiako Gerra hasieran 1936an Pasaiako Portua erabili ezin uzteko asmoz tropa matxinatuak iristear zirela bokalean gurutzatu zuten
Jata Mendi merkataritza ontzia; 1937an Matxitxako batailan
Canarias gurutzaontziak borroka latz eta desorekatu batean hondoratu zuen Euskadiko Itsas Gudarosteko
Nabarra bou motako itsasontzi ospetsuaren gainekoak bilduta daude erakusketan.
Gerrarekin lotutakoak baina ez dira bakarrak erakusketan eta 1907an Biarritzeko hondartzaraino herrestan eramandako
Padosa belaontzi suediarra, 1930ean Biarritzeko itsasargiaren ondoan enbata batek txikitu zuen
Knebworth baporezko ikatz ontziak, eta ekaitzaren erasoarekin Kontxako hondartzan hondarturik amaitu zuten
Mamelena baporezko arrantza ontzia eta
Ricardo belaontzi asturiarrak ere badute leku erakusketan.
Arrantza ontziek izandako zoritxarreko ezbeharren gaineko informazioa ere bildu dute. Getariako
Lurdesko Ama eta
Jose Ignaciorena, Orioko
Amesti Mendi ontzien gilak eguzkitan gelditu eta eta arrantzale bana galdu zituzten 1949an; Orioko barran irauli eta tripulazioaren zati bat itota galdu zuen Orioko
Virgen Carmeli ontziak, itsas zabalean hondoratu zen Bermeoko portuko
Edison ontzia, edota 1944an Pasai Donibaneko Santa Isabel gazteluaren alboan talka egin zuen
Petracho ontzia ere erakusketa horretan da.
XX. mendeko bi enbata handiak ere jaso dituzte erakusketan: 1912koa, nagusiki Bermeo txikitu zuena, eta 1961ekoa, Getariako
Izarra eta Donostiako
Mirentxu arrantza ontziak urperatu zituena.
Mina Mary merkantzia ontziari leku berezia eman diote. Izan ere, azken horren irudia erabili dute bi ikerlariek erakusketaren txartela ilustratzeko. Hondartu ondoren, Matxitxako lurmuturraren alboan hondoratu zen. 35 metrora urperatuta dagoen ontzi hondakina, urpekari ugarik bisitatzen du.
Ostiralean zabalduko dute erakusketa Xenpelar Etxean, eta otsailaren 2ra arte izango da hura bisitatzeko aukera astelehenetik larunbatera 17:00etatik 20:00etara.