Arramendik ere gaizki bukatu behar al du?
1990. urtean Bailando con lobos filma estreinatu zen. Esperientzia traumatiko baten ostean bere bizitza aldatzea erabakitzen duen Dunbar tenientearen istorioa kontatzen du. Bakardadea aurkitzen du du, norberak bere burua aurkitzeko ezinbesteko faktorea. Otso makal eta lotsati baten konpainian herri misteriotsu eta erakargarri baten existentziaren berri izaten jarraitzen du egunero: Sioux herria. Ezagutu berri duen herri hori bizi den zelai-ozeanoa ere ezagutzen du; elkar bizi dira, armoniatsu, elkarlanean. Dunbar bere buruarekin aurkitzen da… tamalez, denok dakigu istorio hori ez dela ongi amaituko.
Herri guztietan izan behar luken leku hori da Arramendi. Iristeko leku bat, pasiorako leku bat; bakarrik egoteko bere txokoekin. Iristen naizen aldiro arnas egin eta nire buruari esaten diot azkenean lasai nagoela. Atentzioa ematen dit ematen dit parkearen beheko aldan sarri eserita aurkitzen dudan emakume musulmanak. Buru mugituta agurtzen dut, eta berak agurra itzuli egiten dit. Ez diogu ezer esaten elkarri. Ez da beharrezkoa. Eremu berdea errespetatzen duen zonaldea, aisialdi kontsumistatik kanpo gelditzen dena (tabernak, terrazak, pistak, kantxak…), naturala, eraikinik gabekoa. Hondartza artifiziala egingo dutela bertan diote (jainkoa, ez gaude Madrilen… hemen hurbilean hondartza onak ditugu). Skating pista sortzeko aldundiari diru laguntza eskatuko diotela diote, herrian ez dagoelako halako instalaziorik (eskerrak ez dugun toreatzaile ospetsurik Errenterian, gutxien espero dugunean sabai teleskopikoa duen zezen plaza eraikiko digutelako bestela Arramendin). Ez al dugu jada Fanderian zuzendutako aisialdi eremu bat? Non da udaleko ingurumen arduraduna? Non dira talde ekologistak?
Zer espero dugu baina? “Soldadu urdinek” ezarri dute zubi edo hondartza-buru bat eraikin handi bihurtuta. Denbora kontua baino ez da “erabateko inbasioa” gauzatzea. Batek bestea eskatzen du. Gutxi barru, autoa hartu beharko dugu eta erregaia kontsumitu leku lasai hori aurkitu ahal izateko.
Errenterian gobernatzen duzuen politikoak: 2019ko maiatzean nire botoa zuena da… boto zuria.
Javi Lopez Osa, Errenteria-Orereta