Lezoarren %4ak pairatzen du maila altuko kutsadura akustikoa gauetan.
Pasaiako portua
Udalerriko kutsadura akustikoaren maila ezagutzeko azterketa egiten ari da Lezoko Udala ACC Acustica Aplicada SL enpresarekin elkarlanean. 2015eko urtarrilean hasi ziren azterketa egiten, eta ordutik udalerriko soinu mapak egin eta Pasaiako Portuak sortutako kutsadura akustikoa neurtu da. Portua ez da aztertutako eremu bakarra, horrekin batera, errepideak eta kaleak eta industria guneak aztertu dituzte.
Maila altuko kutsadura, lezoarren %4k
Azterketaren emaitzak prozesua amaituta ezagutaraziko badituzte ere, aurrerapena egin du udalak: “lezoarren %4ak baino ez du pairatzen maila altuko kutsadura akustikoa gauean”. Hala ere, hobetzeko puntuak badirela gaineratu du udalak, “Jaizkibel Hiribidea eta Elias Salaberriako errepideetan sortzen den kutsadura akustikoa, edota Pasaiako Portuak inguruko etxebizitzei eragiten diena”.
Azterketa egiteko orain arte jaso dituzten datuak egiaztatze aldera AAc enpresako teknikariek telefono bidezko inkestak egingo dituzte datozen egunetan, “inkestaren xedea da lezoarren iritzia haien ahotik ezagutzea da”, esan dute udaletik. Horrenbestez herritarrak inkestan parte hartzera deitu ditu udalak, “arazoei irtenbide egokia emateko lagungarri izango direlako”.
Azterketa amaituta jendaurrean jarriko dituzte emaitzak.