Errenteriako Udalak immigrazioaren gainean egindako txostena aurkeztu du gaur goizean:
Immigrazioa Errenterian. Diagnostikoa eta esku hartzeko politikak. Mugak Arrazakeria eta Xenofobiari buruzko azterketa eta dokumentazio zentroak egin du dokumentu hori, eta bertan iritsitako zenbait ondorioren bitartez, udalari zenbait gomendio eman dizkio immigrazio politiketan kontuan hartzeko. Ildo horretatik, horietako bat dagoeneko martxan jarriko du, eta herritarren foroa izango da.
Jose Manuel Ferradasek Immigrazio zinegotziak azaldu duenez, etzi, txostena aurkeztuko dute herritarren aurrean, 18:00etatik aurrera, Xenpelar Etxean, eta bertan emango diete foroaren berri, eta dokumentu nahiz forotik ateratako ondorioekin hartuko ditu jarraibideak udalak. Foro hori batetik, “udala eta agente sozialen arteko hausnarketa, topaketa eta eztabaidarako gune” izatea nahi dutela jakinarazi du Ferradasek, eta baita “pertsonen arteko ezagutza eta aitortzarako espazioa” izatea ere.
Ferradasek Julen Mendoza alkatearekin batera diagnostikoa enkargatzearen arrazoiak eman ditu. Mendozaren esanetan, lan ildoak markatzerako garaian garrantzitsua da halako azterketa bat esku artean izatea, eta gainera, udalak hasieratik Errenteria-Orereta herri anitza dela eta jatorri ezberdinetako jendeak osatzen duela argi eduki duenean: “Hasieratik oso argi genekien ezin duela inolako gatazkarik sortu daukagun kultura aniztasun horrek”. Hala, 50ko, 60ko eta 70ko hamarkadan Espainiako Estatutik etorritako eta duela hamarkada batzuk mundu osotik etorritako etorkinak daudela jakinarazi du Ferradasek, eta azken horien artean, 80 herrialdetatik etorritakoak daudela eta herrian erroldatutakoen %7,3 direla.
Mikel Mazkiaran eta Silvana Luciani Muganeko kideek eman dituzte txostenaren gaineko xehetasunak. Mazkiaranek nabarmendu du halako diagnostiko baten beharra, Donostia kenduta, Gipuzkoako bigarren herri populatuena delako Errenteria-Orereta, eta etorkinen kasuan, lurraldeko batez bestekoa (%6,5) baino zertxobait altuago dagoela kontuan hartuta. Metodologia aldetik, elkarrizketak erabili dituzte, eta gaika banatutako eztabaidaguneetan banatu dituzte partaideak: gizarte zerbitzuak, hezkuntza, kultura, euskara, emakumea, erlijioa eta hiritarren segurtasuna.
Ondorioak
Hortik zenbait ondorio atera dituzte, eta lau arlotan banatu dituzte: harrera, sentsibilizazioa, formazioa eta parte hartzea. Harrerari dagokionez, beharrezkotzat jo dute batik bat herrira etortzen direnentzako harrera plan integral egitea eta baliabideen gida bat egitea, herrira ahalik eta lasterren moldatu ahal izateko. Era berean, beharrezkotzat jo dute erroldatzearen garrantzia bermatzea, gizarte bazterketa saihesteko.
Sentsibilizazioaren aldetik, arlo horretan egiten diren ekimen guztiak herritar guztiei zuzenduta egon behar direla azaldu du Lucianik, eta horregatik, bertako eta etorkinen arteko elkar ezagutzeko espazioak (Bizilagunak eta Gaztelun egiten dituzten afariak bezalakoak) bultzatu behar direla esan du, baita erlijioen gaineko estereotipoak iraultzeko eztabaida bat ere.
Formazioaren aldetik, dibertsitate kulturalaren aldetik udaleko langileentzako eta gazte nahiz emakume etorkinentzako formazio espezifikoak behar direla esan du Lucianik.
Parte hartzearen arloan, udalak Mugak utzitako lekukoa hartu duela esan du, foroarekin. Horrez aparte, berriz, emakume etorkinak parte hartzeko programak bultzatzea eta herriko egitarauan kultura dibertsitatea kontuan hartzeko eskatu du.