Okindegi eta gozotegietan euskararen erabilera sustatzeko helburua duen ekimena abiatu dute Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Psaiako udalek Oarsoaldeako euskara zerbitzuaren eskutik. Helburua bertako produktuak eta ogiak bereziki, euskaraz saldu eta erostea du kanpainak eta horretarako hainbat euskarri banatuko dituzte ekimenarekin bat egin duten lau herrietako merkatarien artean. Bertan hamalau produktu ohikoenen izenak euskaraz azaltzen dira. Panelez gain, okindegietako produktuen hiztegitxoa ere banatuko zaie saltokietako jabeei.
Hilabeteko ogiaren zozketa
Kanpainaren barruan bigarren ekimena ere antolau dute udalek eta Errenteriako Errenkoalde, Oiartzungo Iturri eta Pasaiako Laurak Bat merkataritza elkarteek. Udazkenean burutuko dute bigarren ekimen hori, urriaren 14tik azaroaren 3ra bitartean. Epe horretan okindegi gozotegietan bertako produktuak euskaraz eskatzen dituzten bezeroei txartelak emango dizkiete saltzaileek eta horietan datuak beteta hilabeteko ogiaren zozketan hartuko dute parte. Azaroaren 4an egingo da zozketa, establezimendu bakoitzeko irabazle bat aterako da eta boletoaren jabeak hilabeteko ogia establezimendu berean hartu beharko duela zehaztu dute antolatzaileek.
Momentuz lau udalerrietako 46 saltokik egin dute bat ekimenarekin, eta besteren batek bertan parte hartzeko interesa balu bere herriko euskara zerbitzura jo behar duela jakinarazi dute halaber lau udaletako ordezkariek.
16 urte elkarlanean
Merkataritzan eta ostalaritzan euskararen normalkuntza sustatzeko 16 urte daramatzatela elkarlanean azaldu du halaber Mikel Arrutik, Lezoko Kultura zinegotziak: “Urte horietan guztietan indarrean izan dugu, besteak beste, merkatariei eta ostalariei zuzendutako doako zerbitzu eskaintza, establezimenduetan euskararen presentzia handitzea helburu duena”. Orain hiru urtetik berriz, merkataritza sektore bat aukeratzen dute harekin ahalmen berezia egiteko, “elementu bereziren bat eskaintzen diegu eta ekimen deigarri eta erakargarria antolatzen dugu, horien bidez hizkuntza paisaia euskalduntzeak duen garratzia nabarmentzeko”. Hizkuntza paisaiak hizkuntza batek duen edo ez duen estatusaren berri emateaz gain saltoki bakoitzak hizkuntzarekiko eta ondorioz hiztunekiko duen begirunea erakusten duela nabarmendu dute ekimenaren antolatzaileek: “Herri batera edo establezimendu batera sartzen garenean, aurrena ikusten dena hori da. Beraz, oso garrantzitsua da hizkuntza paisaia euskaraz egotea”.
Lau udalerrietako merkataritza elkarteetako ordezkariek bezeroei zerbitzua euskaraz ematea “kalitatearen” ezaugarrid ela nabarmendu dute bestalde, “bezeroak mimatu egin behar ditugu, gustuko izan behar dute gure saltokia, eta hirretarako, tratu pertsonalizatua ematea da komertzio txikiaren erronka”.