Roberto Dominguez, erdian, atzoko hitzaldian
Errenteria-Oreretakoa jaiotzez, urteak dira Burgosen (Espainia) bizi dela Roberto Dominguez (Donostia, 1978). Burgos, Gamonal auzoan izandako protestengatik izan da egunkari askotako azalen protagonista azken egunotan. Dominguezek horren gaineko xehetasunak emango ditu gaur, 19:00etan, Reina aretoan, Manolo Alonso Bulevar Ahora No plataformako lankidearekin batera.
Protestek beren fruitua eman duela dirudi obrak geratzea erabaki baitu udalak. Pozik al zaudete?
Asanblearen hainbat eskaera zeuden, oinarrizkoena obra geratzea zen, baina badaude beste batzuk bete ez direnak. Esaterako, istiluen aurkako poliziak alde egitea, atxilotuak kargurik gabe absolbitzea eta alkatearen dimisioa. Asanbleak biltzen jarraitzen du, atzo bertan [herenegun] mila pertsona atera ziren kalera manifestazioan atxilotutakoen absoluzioa eskatzen duen idatzi bat aurkeztera.
Zeintzuk izango dira zuen hurrengo pausoak?
Mobilizazioekin jarraituko dugu eskaera horiek bete arte. Hainbat lan taldetan hainbat ekintza egitea aztertzen ari dira; alegia, ez bakarrik manifestatzea. Baina oraingoz, zehaztuta ditugun bakarrak manifestazioak dira.
Hainbatek herritarrengan “itxaropen” bezala hartu dituzte Gamonaleko protestak. Honek guztiak zer utzi duela uste duzu?
Hasteko, ez nuke Gamonali buruz bakarrik hitz egingo, Burgos osoari buruz baizik. Ni, esaterako, ez naiz Gamonal auzoan bizi, baina hasieratik aritu naiz plataforman lanean, eta orain asanblean. Askotan komunikabideetatik eta beste bideetatik iristen zaiguna da ez duela ezertarako balio kalera irteteak, izan daiteke M15en desengainuagatik, baina honen bidez herritarrei ikasgai garrantzitsua eman zaiela uste dut. Nik espero dut balio izatea estatuko beste toki batzuetan jendea kalera ateratzeko, eta jendea konturatzeko kalean lortzen direla gauzak.
Eta ez naiz ari edukiontziak erretzeaz, indarkeriarena asko markatu baitute.
Estatuko beste zenbait tokitan hainbat elkartasun keinu izan dituzue. Nola ikusi dituzue horiek?
Sinestezina izan da. Borroka auzoan fokalizatutako zerbait izan dela zirudien, baina ikusi da obra bat geratzea baino gehiago izan dela hau guztia. Obra geratzeaz gain, udalaren ustelkeriaren kontra borrokatzen ari gara, kazikeen aurka, Gamonal utzitako auzo bat izatearen kontra (betiko lauek dirua pilatzeko bakarrik egiten zituztela obrak). Beraz, horrek guztiak elkartasuna eragin duela ikustea sinestezina izan da. Eskertzekoa da, borroka gogorra izan baita, eta babes hori edukitzea oso pozgarria izan da.
Obra bat geratzea baino gehiago izan da hau guztia”
Nola hasi zineten bizilagunak antolatzen batez ere obraren proiektuari aurre egiteko?
Duela bi urte hasi zen dena mugitzen. PPk legegintzaldi honetarako zuen proposamen garrantzitsuenetakoa zen. Jendeak, ordea, ez zeukan obraren gaineko berririk. Hiru hilabete aurretik informazio kanpaina indartsu bat egiten hasi ziren, Bulevar Ahora No [Bulebarra orain ez] plataforma sortu zen. Informazio kanpaina horrek balio izan du auzoko jendea obra geratzera irteteko, horrela konturatu baitziren obra horrek zer ekarriko zuen.
Hortik aurrera hasi ziren mobilizazioak.
Hori da: manifestazioak, bizikleta martxak, performance bat ere, autoekin Vitoria kalea moztu genuen jendeak ikusteko arteria hori moztuta edukitzeak zer ekarriko zuen… Beste hainbat ekintza ere egin genituen. Asanbleetan geroz eta jende gehiago agertzen hasi zen, eta ikusten zen auzoan ez zela obra hori egiterik nahi. Gehiengo isilaren kontu hori gezurra da, aldeko manifestaziorik ez baita izan, denak kontrakoak izan dira.
Hau guztia kriminalizatu nahi izan dute”
Komunikabideetan istiluen harira agertu zineten. Horrek asanbleak igorri nahi zuen mezua desitxuratu duela uste duzu?
Oligarkiak kontrolatuta dauden komunikabide nagusiekin gertatu da hori. Errebolta Gamonal auzoan hasi, eta estatu guztira zabaltzear egon da, eta guztia indarkerian fokalizatu dute: edukiontzi bat erre dutela. Kontua da herri honetan egunero ikus daitekeela jendea edukiontzietan gauzak bilatzen, eta iruditzen zait izugarrizko indarkeria dela. Horren berri, ordea, ez dute ematen. Gainera, ez da edukiontzi bat bera ere suntsitu: berriro margotu eta kalean jarraitzen dute. Zenbakiekin ere jolastu dute: 200 edukiontzi erre dituztela 30 izan direnean. Estrategia argia zuten: hau guztia kriminalizatzea, eta ez zabaltzea herriak kalean gauza asko lor ditzakeen ideia. Hala ere, kriminalizatzearen estrategia porrota izan da: zaharra, umeak… denetariko jendea ikusi ahal izan dugu bulebarrari ezetz esaten.
Horrez gain, indarkeria poliziaren jarrera bortitzarengatik etorri da indarkeria auzora, eta hori izan da istiluen abiapuntua.
Protesta hauek Europan egindako beste batzuekin konparatu dira. Horietan ere istiluak izan dira. Konparaketa hori erreala ala asmo txarrez egindakoa dela uste duzue?
Protesta guztiek ildo bati jarraitzen diotela uste dut. Oligarkiak irabaziak mantendu nahi ditu zerbitzu sozialak eta soldatak murriztuz, eta ildo hori Europa osoak du komunean. Indarkeria batzuentzat edukiontzi bat erretzea bakarrik da, ez jendea edukiontzi horretan janaria bilatzen egotea. Komunean badago zerbait Gamonal eta Europako beste herrialdeen artean.
Indarkeria batzuentzat edukiontzi bat erretzea bakarrik da, ez jendea edukiontzi horretan janaria bilatzen egotea”
Desberdintasun sozial horiek beste protesta batzuk sor ditzakeela uste duzu?
Bai argi dago. Ikusi estatu mailan egon den elkartasun olatua. Mundu guztiak ulertu zuen borroka hori ez dela bulebar batengatik bakarrik, herritarren pobretzearen eraginez baizik. Jendeak argi zeukan borroka hori ez dela bulebar baten kontrakoa bakarrik.