Santa Barbara edo Arditurri 3 meazuloa lehengoratu dute Arkeolaneko arkeologoek, hiru urtez lanean aritu eta gero
Arditurriko meategiak Gipuzkoako garrantzitsuenak izan dira, dimentsio aldetik zein mineral zainengatik. 44 unitate minero daude Arditurrin; oraindik asko dago ezagutzeko.
Pikotxaren ordez linternak eramaten dira esku artean, eta lana egitera joan beharrean, historian atzera egin eta disfrutatzera joaten da. Arditurrin publikoari ireki berri dioten Santa Barbara meatzea orain 2.000 urte bezala topatuko du bisitariak.
Joan den astean aurkeztu zuten meazuloa; aurkezpenean egon ziren Aiora Perez de San Roman Oiartzungo alkatea, Mertxe Urteaga Arkeolan historia eta arkeologiako azterketa eta ikerketa zentroko ordezkaria, Luis Mari Zaldua Gipuzkoako Foru Aldundiko Parketxeen zuzendaria eta Imanol Agote Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendaria. Denen ahotan egon zen «aberastasun» hitza, Arditurrik eskaintzen duen kultur paisaiari erreferentzia eginez.
100 metroko galeria da Santa Barbara edo Arditurri 3. Eta estua. Bertan kaskoa ez da alferrik jartzen. Hezetasuna ere handia da, berehala suma daiteke; horri esker, baina, arkeologoek hainbat gauza topatu dituzte, hezetasunak mantendu egin dituelako; langileen arropetako artilezko zatiak, esaterako. Horrez gain, beste «altxorrik» ere topatu dute: egurrezko azpil bat. Galeriaren erdian dagoen putzuan aurkitu zuten hori.
Hiru urtez aritu dira lanean Arditurri 3 meazuloa lehengoratzeko.
Mertxe Urteaga arkeologoa horretan lanean ibili den bat da. Bere iritziz ondarea eguneratu behar da, eta biribiltzen joan. Hala joan dira egiten Arditurrin, eguneratzen, biribiltzen eta jendearen eskura jartzen.
Santa Barbara, besteak beste, erromatarrek ustiatutako meazuloa da eta prospekzioko galeria bat du. Galeria hori ireki ahal izateko pikotxa beharrezko lanabesa izan zuten orduko langileek. Lanbide «gogorra» izan zuten langile horiek. «Langile libreak» izan zirela uste du Urteagak, eta «ondo ordaindutakoak». Horren adibide Rio Tinton topatutako hilobiak jarri ditu: «Portugalgo iparraldean jaiotakoen hilobiak dira».
Hezetasunari esker mantendu diren langileen arropa zatiak aurkitu dira
Prospekzio zuloa egin zuten lehenengo, zilar zaina topatu ahal izateko
Galeriak lanean aritu diren arkeologoek galeria buztinez beteta topatu zuten
Prospekzio zuloa eginda, zilar zaina aurkitu zuten, eta horren ondotik beste zulo bat egin zuten zilarra atera ahal izateko, eta ura ere bertatik kanpora ateratzeko.
Meazuloaren sarrera. Segurtasun neurriak hartu dituzte egonkortasuna bermatzeko.
Arkeologoek galeria buztinez beteta topatu zuten, eta eurek ere lana gogotik egin behar izan dute buztin hori guztia kendu eta dena txukun uzteko.
Galeria hori trazatu horizontaleko beste batekin elkartuta dago. «Biak ala biak estuak dira, obalatuak eta olio-lanparak jartzeko toki dezente dituzte», Arkeolaneko arkeologoak azaldu duenez.
Erdi Aroko burdinola
XII eta XIV mendeetako burdinola baten hondarrak ere balioan jarri dituzte, dekantazio baltsa bat bezala. Arkeologikoki ezagutzen ez zuten instalazio mota bati dagokiela azaldu dute Arkeolanetik.
155.000 euroko inbertsioa egin dute guztia lehengoratzeko.
Arditurrik eskaintzen duen beste interesgune horiek bisitatu nahi izanez gero bi bide daude: 943 63 82 18 telefono zenbakira dei daiteke edo www.arkeolan.com webgunearen bidez eman izena.
Arditurriren ustiaketa
Erromatar garaia
Lehenengoak. Orain arte ezagutzen denagatik, erromatarrak lehenengoak izan ziren mineralaren betak ustiatzen. Aiako Harriko meatzari ustiaketa galena argentifera ateratzean oinarritzen zen, zilarra lortu ahal izateko.
Erdi aroa
Burdinaren ukitu gabeko erreserbak. Erdi Aroan burdinaren erauzketak burdinola asko sortu zituen eskualdeko ubide eta erreketan. Erromatarrek ez zioten interes berezirik jarri material horri. Hori dela eta, burni erreserbak ia ukitu gabe aurki zitezkeen Aiako Harrian.
XVIII. mendea
Sein familia. Denbora batez jarduera geldirik egon eta gero, Oiartzungo Sein familiak berriz ere ustiaketa martxan jarri zuen XVIII. mendean. Zilarra eta beruna ateratzea zen oraingoan helburua. Juan Guillermo Thalacker ingeniari alemaniarra Carlos IV.arekin etorri zen Seinek egiten zituen lanak ikuskatzeko.
XIX. mendea
Galerien handitzea eta aztarnen suntsiketa. Gipuzkoako Mina Konpainia Arditurri ustiatzen hasi zen 1830. urtean, beste mina barrutien artean. Ustiaketa galeriak handitu zituzten; prozesu horretan aurreko garaitako aztarna dezente suntsitu zituzten.
XX. mendea
Trenbidea. Bilboko Chavarri Anaiak Konpainiak –Sestaoko (Bizkaia) labe garaiak zituzten– burdinaren kontzesioa hartu zuen. Berea izan zen 1902etik 1904ra. Trenbidea ere tarte horretan eraiki zuten, gaur egun bidegorria dena. XX. mendearen erdialdean fluoritaren inguruko interesa piztu zen eta meategiek modernizazio nabarmena jasan zuten.
1984
Meategien itxiera. Arditurriko esparruaren jarduera 1984an bukatu zen eta ustiaketaren lizentzia 1985ean iraungi zen. Itxi baino urte bat lehenago, 1983an, Arkeolan Ikerketa eta Estudio Arkeologiko Historiko Zentroak prospekzio arkeologikoak egiten hasi zen.
2001-2006
Ingurumen arazoak. Arditurriko meategiak itxita, hainbat ikerketa, diagnosi, proiektu eta lan egin ziren ingurumen arazoak konpontzeko. Arazo horiek meategiaren ustiaketatik etorritakoak ziren: hondakinak, mineral pisutsuen presentzia errekan…
2008ko ekaina
Publikoari irekiera. 2007ko udaberrian meategiaren balioan jartzearen proiektua onartu zuten eta egokitzapen lanak hasi zituzten. 800 metro luzeko galeria egokitu zuten. 2008ko ekainetik Arditurriko meategi gunea irekita dago publikoari.
Meazuloaren bigarren sarreraren ondoan informazio panela jarri dute.
«Erronka bat izan da meazuloko bigarren sarrera topatzea»
Mertxe UrteagaArkeolaneko ordezkaria
Zer nolako garrantzia arkeologikoa eta orokorra du ireki berri den Santa Barbara meazuloak?
Interesgarria da, baina horrelako asko daude Arditurrin bertan. Gertatzen dena da hau gure zerrendako lehenengo meazuloa dela, 1983an ezagutu genuen. Lan handia egin da, oso-osorik induskatuta dago. Bi sarrera zituen —bat estalita zegoen— eta bestea ireki egin dugu, eta irekitzearekin batera ikerketa sakon bat egin da. Garrantzia arkeologikoa dauka batez ere induskatuta dagoelako beste osotasunean eta detaile guztiak aztertuta.
Orokorrean Arditurrin 44 unitate minero daude, eta horien artean gauza nahiko interesgarriak daude, hau baino kategoria handiagokoak. 2010. urtean honekin sartu ginen, osorik aztertu genuen, falta zen sarrera non zegoen jakitea. Lortu genuen, eta ireki egin genuen. Gure asmoa zen ere ikerketa hori egin zen momentuan eskaintza gehitzea eta biribiltzea, jendearentzat prestatzea.
Arditurrin kategoria handiagoko meazuloak egonda, zer dela eta hasi zineten meatze honekin?
Erronka bat izan zelako bigarren sarrera hori topatzea.
Beste meazulo nagusi bat ere badago Arditurrin. Zein desberdintasun nagusi daude bien artean?
Tamaina aldetik nabarmena da eta ezaugarri arkeologiko aldetik ere desberdintasunak badaude. Meazulo handi horretan batez ere garaikide den paisaje mineroa dago, eta erromatarren garaiko aztarnak alde bat besterik ez dira. Batez ere ikusten dena da XIX-XX. mendeen artean egindako mineral ustiapen lanen aztarnak. Beste hau [Santa Barbara meazuloa] oso-osoa erromatarren garaikoa da.
Lehenagotik irekita zegoen meazuloan lan minero garaikide bat nola antolatzen zen ikusteko aukera zegoen, eta honekin egin duguna izan da Erromatar Garaira jotzea, baina hasieratik bukatu arte Erromatar Garaikoa den meazulo bat prestatu ondoren.
1983a aipatu duzu. Zerekin egin zenuten topo garai hartan?
Ezjakintasun handi batekin. Gure gizartea ez zegoen prestatuta Erromatar Garaiko aztarnak kontutan izateko eta bere balore arkeologikoa emateko, 1983an horrelako tanta batzuk ezagutzen ziren arren—Santa Elena Irunen, adibidez—. Urte horretan ere Asturiana konpainiakoak lanean topatu genituen. Bi frente horiek aurre-aurrean izan genituen.
Aurrera begira, hemendik denbora batera, beste meazulorik publikoaren eskura jartzea aurreikusten duzue?
Arkeologiaren aldetik lan handia eskatzen dute horrelakoek, berriro prozedura osoa bete arte. Kasu honetan meazulo handitik nahiko gertu dago, besteak ez daude hain gertu. Baina zergatik ez? Guk gure lanarekin jarraituko dugu, lan izugarria gelditzen da egiteko eta horren ondorioz ikusiko dugu posible den edo ez. Indusketak oso gogorrak dira barruan egin behar direlako, fisikoki gogorrak; baldintzak ere ez dira oso erosoak. Indusketak bukatzean ikerketak egin behar dira, zer topatu duzun jakin behar duzu. Zer erakutsi nahi duzun ere argi izan behar da, eta gero hurrengo urratsa dator: prestaketak egitea, obrak egitea eta dirua lortzea. Norbaitek dirua duela esango balu ezin hobeto, baina ez da hori bakarrik.