Jose Angel Sanchez da Lezoko PSE-EEren zerrendaburua hilaren 24ko Udal eta Foru Hauteskundeetarako. Mikel Antxon Arrizabalagaren lekukoa hartu du, horrenbestez, Sanchezek. Amaitzear den legegintzaldian Lezo geldirik egon dela, eta alderdi sozialistak lezoarren kezken gainean lan egiteko konpromisoa hartu duela nabarmendu du Errenteriarrak. Langabeziari aurre egiteko ekintzak, eta Lezoren ekonomia sustatzeko neurriak izango direla PSE-EEren lehentasunak esan du Sanchezek.
Zein dira PSE-EEren lehentasunak legegintzaldi berrian alkatetza eskuratuz gero?
Bilduren inposaketaren eta gobernu ezaren legegintzaldia izan dela honakoa. Horregatik hasiko dugun legegintzaldi berrirako programak, langabeziari aurre egiteko neurriak eta ekintzak, eta Lezoren ekonomia sustatzeko neurriak izango dira PSE-EEren lehentasunak. Eguneroko arazo erreala dira lezoarrentzat krisia eta langabezia, eta lau urtez geldirik egon da herria, Bilduk alderdi interesak lehenetsi dituelako. Sozialistok egungo inposaketa elkarrizketarekin trukatzeko eta Lezon bizi eta lan egiten dutenen kezken alde lan egiteko konpromisoa hartuko dugu.
Hondakinen bilketa sistemak hautsak harrotu ditu Lezon. Hondakinen zein kudeaketa proposatzen du zure alderdiak?
Edukiontzien bidezko hondakinen gaikako bilketa proposatzen du alderdi sozialistak, txipdun eta borondatezko bosgarren edukiontziaren berehalako ezarpenarekin. Azken hori erabiltzen duten familia eta saltokiei gainera hobari fiskalak ezartzea proposatzen du gure alderdiak. Atez atekoa, garestia, zikina eta lezoarren borondatearen kontra ezarritako sistema dela argi gelditu da. Gobernura helduz gero, legegintzaldiaren lehen ehun egunetan utziko dugu bertan behera atez atekoa.
Edukiontzien bidezko bilketak hondakinen bilketa selektiboaren maila igotzea dakar. Ezin da ulertu gainera, Errenteria eta Lezon EH Bilduk sistema ezberdinen alde egitea, bi udalerrien errealitateak antzekoak izanik. Bizilagunen portaera ekologikoa sustatuko dugu, kale garbiketa, energia aurrezpena, eta Lezoren natura eta paisaia ondarea bizilagunen gozamenerako zein turismoa erakartzeko baliatuko dugu. Ingurunea babestea gure esku dago.
Lezoarren parte hartzea nola irudikatzen du PSE-EEk, eta zertarako?
Lezoarrei udala zabaldu nahi diegu zuzenean eragiten dieten gaien gainean erabaki dezaten. Lau urtetik behin bozkatzearekin ez direla konformatzen erakutsi digute amaitzear den legegintzaldian lezoarrek. Iritzia eman nahi dute, axola zaizkien gaien gainean eragin eta erabaki nahi dute lezoarrek. Hondakinen bilketa da horren adibide bat.