Oarso Bidasoan hauteskundeetara aurkeztu diren 32 zerrendetatik 10etan soilik dira emakumeak buru.
Hauteskundeetako zerrendak osatzerakoan, 2007ko martxoaren 22tik indarrean dagoen 3/2007 lege organikoa kontuan hartu behar dute alderdi politikoek zein hautesleen elkarteek; Berdintasun Legea izena jarri zioten araudi horri. Lege horren xedea da, hauteskundeetako zerrendei dagokienez, emakumeen eta gizonen artean parekidetasuna sustatzea- Alegia, alderdi bakoitzaren plantxan gizonen eta emakumeen kopuru berbera izatea. Hilaren 24ko hauteskundeetarako alderdiek fin bete dute lege hori, Hitza-k egin duen azterketaren arabera.
Zerrenda horietako lehen hamarren artean (zinegotzi izateko aukera gehien dutenak), denek ala denek bete dute araudia, gehienetan 4 edo 5 emakme daudelarik zinegotzi izateko aukerarekin. Baina lehen postuan, alkategaian, dago arazoa. Gizonak dira gehiengo izen-abizenen zerrenda horien hasierako lekuan.
Izan ere, Oarsoaldean eta Bidasoan hauteskundeetara aurkeztu diren 32 zerrendetatik, horien buru hamarretan soilik ageri dira andrak. Hau da, zerrendaburuen %31 dira emakume. Eta aurreko urteetako botoen eta zinegotzi banaketaren analisia eginez gero, bi eskualdeetako udaletxeetan, pleno aretoko aulki nagusian esertzeko aukera erreala duten emakumeen batez bestekoa are eskasagoa da. Baina hori herritarrek erabaki beharko dute hilaren 24an egingo diren udal hauteskundeetan. Emaitzek azalduko dute emakumeen presentzia, alkateetan batik bat, zein izango den, zinegotzietan hori bermatua baitago hein handi batean.
Eskualdeka banatuta, honakoa da azterketaren emaitza: Oarsoaldeko lau udalerrietan dauden hemeretzi zerrendetatik, zortzitan dira lehenak emakumeak, %42 beraz. %15era jaisten da Irunen nahiz Hondarribian zenbaki hori, 13 zerrendetatik bitan direlako emakumeak lehen, Irunen (PP) eta Hondarribian (EH Bildu) bana.
Pasaia, eredu
Pasaian orotara sei alderdik aurkeztu dituzte hautagaitzak. Horietatik lautan dira emakumeak buru, PSE-EE, EAJ, PP eta Pasaia(k) Ahal du alderdienak dira zerrenda horiek. Nabarmen Oarsoaldeko nahiz Bidasoko tasarik altuena du.
Pasaiak ere badu emakume alkateekin harreman berezia. Azken hiru legealditan emakumeek gidatu dute udalerria: azkenean (2011-2015), EH Bilduko Amaia Agirregabiria izan da alkatea (oraindik ere bada), 2007-2011n EAE-ANVren zerrendako lehen bezala zihoan Maider Ziganda izan zen agintari herrian, eta 2003-2007 tartean PSE-EEko Izaskun Gomezek izan zuen herria aurrera eramateko ardura bere taldearekin batera.
Bukatzear den legealdian, gainera, aurretik errepikatu ez zen argazkia ikusi ahal izan da Oarsoaldean: lau udalerrietatik hirutan izan dira alkate emakumeak, Pasaian, Lezon eta Oiartzunen, denak EH Bildukoak. Azken herri horretan lehen aldia izan zen emakume bat zela herriaren ordezkari politiko nagusia; Lezon, 1983-1987 legealdian EAJko Arantxa Zeberio izendatu zuten alkate. Bestalde, Lezon, aurten, hautagaitzen erdiak ditu emakumeak aurreneko postuan, EH Bildu eta PPrenak dira zerrenda horiek.
Errenteria-Oreretan, Irunen eta Hondarribian inoiz ere ez du jaso emakume batek aginte makila.
Aurreko datu horiek 1979ko udal hauteskundeetatik —Francoren erregimena bukatu eta egin ziren lehenak—eratorri diren emaitzetatik daude aterata.
Alderdika, PP nagusi
Bidasoan eta Oarsoaldean emakumeak buru diren hamar hautagaitzetatik, lau PPrenak dira (Pasaia, Irun, Oiartzun eta Lezo). Zerrenda horretan bina dituzte EAJk (Errenteria-Orereta eta Pasaia), EH Bilduk (Lezo eta Hondarribia), eta bana PSE-EEk (Pasaia) eta Podemosen Pasaiako hautesle taldeak, Pasaia(k) Ahal Du-k.
Emakumeak Errenteriako udalgintzan
1983-1987 legealdiko udalbatza. Bertan daude Avelina Jauregi eta Mertxe Usabiaga zinegotziak.
1979tik gaur egun arte, 49 aldiz bete du emakume batek zinegotzi kargua Errenteriako udaletxean; zinegotzi guztien %25a izan dira
1979ko apirilaren 3an, Francisco Franco diktadorea hil ondorengo lehenengo udal hauteskundeak izan ziren. 36 urteko diktaduraren ondoren lehenengo aldiz bozkatu ahal izan zuten errenteriarrek, eta 18 egun beranduago (apirilaren 20an), udalbatza osatu zen: PSE-PSOEko sei zinegotzi, Herri Batasunako beste sei, EAJko bost, Euskadiko Ezkerrako bi, ESEIko bat eta PCEko beste batek osatu zuten udalbatzarra.
21 zinegotzi horien artean, bakarra izan zen emakumezkoa: Avelina Jauregi Atondo sozialista. Hauteskunde zerrendei erreparatuz gero, emakume gutxi batzuk gehiago agertu ziren hautagai hauteskunde horietan (PSE-PSOEn hiru, HBn bi, EAJn beste bi, ESEIn bi, PCEn bost, Euskadiko Ezkerran bost), baina guztiek zituzten oso aukera gutxi hautatuak izateko. Jauregik bakarrik zuen aukeratua izateko aukeraren bat, PSE-PSOEko zerrendan bosgarren postuan baitzihoan.
Guztira, bederatzi legegintzaldi pasatu dira ordutik. 189 zinegotzi kargu (legegintzaldi bakoitzean, 21). Horien artean, 49 postu bete dituzte 34 emakumek (zinegotzi karguen %25,9a).
Lehena eta urte gehien
Avelina Jauregi Errenteriako udaletxeko zinegotzi izan zen lau legegintzaldiz segidan (1979tik 1995era, 16 urtez). Gizarte Zerbitzuak eta Osasun arloaren arduradun izan zen eta gobernu taldeko kide izan zen lehenengo emakumezkoa ere bai (1983-1987 legealdian). Oraingoz, beste emakumezko batek berdindu du Jauregik udaletxean zinegotzi gisa pasatutako urte kopurua: PPko Maria Angeles Bastosek, 1999az geroztik zinegotzi baita.
1983an, beste bi
Bigarren udal hauteskundeak 1983ko maiatzean izan ziren. Hil horren 23an osatu zen udalbatzar berria, demokrazia garaiko bigarrena.
Avelina Jauregirekin batera, beste bi emakumek hartu zuten zinegotzi kargua: PSE-PSOEko Mari Carmen Ruiz Antonek eta Herri Batasuneko Mertxe Usabiaga Ugaldek. Eurak izan ziren errenteriarrek euren ordezkari gisa aukeratutako bigarren eta hirugarren emakumeak..
Zerrendaburu, gutxitan
Urte hauetan guztietan, oso emakume gutxi izan dira zerrendaburu. Lehenengoa Lorea Egaña izan zen, 1987-1991 legegintzaldian HBren zerrenda gidatu zuena. Geroztik, PPk, IUk eta EAJk izan dituzte emakumezkoak zerrendaburu (Lucia Peralta; IUko Isabel Lopez Aulestia eta EAJko Maite Peña). Bitxikeria gisa, EAJko lehenengo emakume zinegotziak 2003an hartu zuen kargua: udal hauteskundeak egiten hasi eta 24 urtera.
Hasiera batean, emakumeari edo berdintasunari dagozkion gaiak Gizarte-Ongizatetik bideratu izan dira. Tratu txarrak jasaten dituzten emakumezkoei erreferentzia zuzenak aurki daitezke legegintzaldi guztietan, Gizarte-Ongizate sailaren barruan.
Azken legealdian, pauso bat gehiago aurrera egin eta Berdintasun zinegotzia izendatu du Errenteriako Udalak: Garazi Lopez de Etxezarretak du ardura hori. 2007tik (martxoaren 22an 3/2007 lege organikoz, Berdintasun Legea deitua), gizon-emakumeen arteko parekidetasuna bermatzeko asmoz, Espainiako Estatuko Berdintasun Legeak dio hauteskundeetara aurkezten diren zerrenda guztiek parekideak izan behar dutela: gutxienez zerrendaren %40 emakumezkoak izan behar dute.
Azken legegintzaldia da orain arteko guztien artean emakume zinegotzi gehien izan dituena: bederatzi. Lehenago, Errenteriako Udalak inoiz ez ditu zazpi zinegotzi emakume baino gehiago izan (1995-1999, 1999-2003 eta 2007-2011 legegintzaldietan).
Hala ere, oraindik Errenteriak ez du emakumezko alkaterik izan.
Errenteriako Udalean zinegotzi izan diren emakumeak
1979-1983 legealdia
1. Avelina Jauregi Atondo (PSE-PSOE).
1983-1987 legealdia
1. Avelina Jauregi Atondo (PSE-PSOE).
2. Mari Carmen Ruiz Anton (PSE-PSOE).
3. Mertxe Usabiaga Ugalde (HB).
1987-1991 legealdia
1. Avelina Jauregi Atondo (PSE-PSOE).
2. Lorea Egaña Haranburu (HB).
3. Arantxa Urbieta Erkizia (EA).
[Legealdian PSE-PSOEko Begoña Nietok kargua hartu zuen].
1991-1995 legealdia
1. Avelina Jauregi Atondo (PSE-PSOE).
2. Ana Isabel Oiartzabal Uriarte (PSE-PSOE).
3. Magdalena Martinez Martinez (HB).
4. Aurkene Astibia Legorburu (HB).
5. Rosario Alza Eneterreaga (EE).
1995-1999 legealdia
1. Ana Isabel Oiartzabal Uriarte (PSE-EE).
2. Gema Artola Olaziregi (PSE-EE).
3. Maria Angeles Machin Rodriguez (PSE-EE).
4. Aurkene Astibia Legorburu (HB).
5. Idoia Arbelaitz Villaquiran (HB).
6. Concepcion Gironza Olagibel (PP).
7. Isabel Lopez Aulestia (IU).
1999-2003 legealdia
1. Gema Artola Olaziregi (PSE-EE).
2. Maria Angeles Machin Rodriguez (PSE-EE).
3. Mar Martinez Fernandez (PSE-EE).
4. Ainara Lasa Perez (EH).
5. Leire Pikabea Almandoz (EH).
6. Lucia Peralta Rodriguez (PP).
7. Maria Angeles Bastos Fernandez (PP).
[PSE-EEko Gema Insaustik, Gema Artolaren tokia artu zuen legealdian zehar; EHn, berriz, Begoña Garcia Garciak eta Maria Pilar Urkia Ezeiza, Leire Pikabea eta Gerardo Carrereren ordez sartu ziren].
2003-2007 legealdia
1. Julia Hernandez Valles (PSE-EE).
2. Mari Mar Martinez Fernandez (PSE-EE).
3. Gema Insausti Marin (PSE-EE).
4. Maite Peña Lopez (EAJ).
5. Lucia Peralta Rodriguez (PP).
6. Maria Angeles Bastos Hernandez (PP).
[Legealdi honetan Aukera plataforma legez kanpo utzi zuten. Jaso zituzten botoen arabera, 3 zinegotzi zegozkien, tartean Ainara Lasa Perez zegoen].
2007-2011 legealdia
1. Maria del Mar Carrillo Gascon (PSE-EE).
2. Silvia Astorga Martinez (PSE-EE).
3. Itsasne Alvarez de Eulate Lasa (EAE-ANV).
4. Agus Cano Cereijo (EAE-ANV).
5. Maite Peña Lopez (EAJ).
6. Lucia Peralta Rodriguez (PP).
7. Maria Angeles Bastos Hernandez (PP).
2011-2015 legealdia
1. Garazi Lopez de Etxezarreta Auzmendi (EH Bildu).
2. Alazne Korta Zulaika (EH Bildu).
3. Irune Balentziaga Arrese (EH Bildu).
4. Maria Rodriguez Rodriguez (PSE-EE).
5. Maria Angeles Machin Rodriguez (PSE-EE).
6. Maria del Mar Carrillo Gascon (PSE-EE).
7. Maite Peña Lopez (EAJ).
8. Marta Barea Juaristi (EAJ).
9. Maria Angeles Bastos Hernandez (PP).