"Bestelako Oiartzun bat" nahi du Segundo Garin EAJren alkategaiak. Legegintzaldi berrian zein izango diren bere lehentasunak eta zein alorretan jarriko dituen indarrak adierazi dizkio HITZAri.
“Bestelako Oiartzun bat” nahi du Segundo Garin EAJren alkategaiak. Legegintzaldi berrian zein izango diren bere lehentasunak eta zein alorretan jarriko dituen indarrak adierazi dizkio HITZAri.
Zein lehentasun ikusten dituzu Oiartzunen?
Oiartzungo herritarren zerbitzurako proposamenarekin aurkezten naiz, EAJ-PNVren alkategaia. Bestelako Oiartzun herri bat nahi dugu. Herri irekia, herritarren beharrei erantzun nahi diona, bakean, bizikidetzan eta kohesioan aurrera egin nahi duena. Lehentasunak ildo horietatik ikusten ditut.
Aurrera egin behar dugu pertsona guztiei zor zaien errespetuan, bizikidetza hobeagotu behar dugu, kontuan izanda bakea eta giza eskubideak direla bizikidetzaren muina. Herritarren beharrei erantzun behar diogu. Agintari moduan biztanle zaurgarriak babestea dagokigu eta ez dugu hori inoiz ahaztu behar. Enplegu politika aktiboak eragin behar ditugu, baita udaletik ere, enplegua lehentasuna baita gure herritarrentzat. Euskararen erabilera sozialean aurrera egin behar dugu eta honek ez luke baztertze prozesua areagotu behar, alderantziz. Guztien integrazioa dugu helburu, eta hori erronka da eta horrekin batera, aurrera egin behar dugu Oiartzunen helduen euskalduntze-alfabetatzean. Udala guztiena eta guztiontzat behar du izan eta horretaz jabetu behar gara. Eta Udaletik herritarren arazoei erantzun behar diegu; uste dut, sarritan benetako arazoak estalirik geratzen direla azalezko planteamenduarekin. Zer da garrantzitsua eta zer ez beharrezko bereiztea guztiontzat da eguneroko ikasgai berria.
Zein alorretan jarriko ditu indarrak zure alderdiak legegintzaldi berri honetan?
Asteko eta beste ekitaldi edo egitear oinarria denez, arlo ekonomikoan, kontrol eta informazioa zehatza, azterketa zorrotz eginez gure baliabideez, giza baliabideak eta baliabide materialak. Azterketa hori egin ondoren, definitzea zeintzuk diren herriaren premiak eta lehentasunak. Hirugarren fasea batean, erabaki non eta zer egin. Honetarako ahalik eta adostasun handiena lortuz. Eta zer egitekoak gure dekalogoan aurkeztu dizkiegu oiartzuarrei:
Udala zabaldu eta herritarren zerbitzuan jarri. Bakea eta bizikidetzarekin dira gure konpromiso etiko, demokratiko eta politikoa. Euskararen erabilera sozialarekin konpromisoa, ele bietako komunikazioa bermatuz. Hiri planeamendua orain egokitu hurrengo Oiartzun jasangarria izan dadin. Hiri-mantentze eta kale garbiketarekin konpromisoa. Zahartzaro aktibo eta nagusientzako arretaren alde, Petra Lekuona zahar egoitza eta Jubilatuen etxea babestuko ditugu. Gizarte ekipamenduak sortzea eta hobetzea bultzatuko ditugu eta hor Arizmendi-enea eta Urkabe-baitari erabilera eman eta kultur etxea egitea planteatzen dugu. Enplegu politika aktiboak eta merkataritza, ostalaritza eta nekazaritzari babesa. Bidegorriaren hobekuntza integrala. Honaino bederatzi agindu dira eta hamargarrena hauxe: herriak beti du lehentasuna, gertukoa kudeatuz eta unibertsaltasunez pentsatuz, hauxe da gure nahia.
AHT Oiartzundik pasatuko da. Alde al zaude?
Txirritak kantatu zuen
Norteko ferrokarrilaren bidea erabiliz zabalduko da trenbide konexio berria Oiartzunen. RENFEren trenbideari hirugarren erraila jartzeko eta nazioarteko zabalerako bidea egiteko lanak hasiak daude eta hori izango da, hain zuzen, euskal Y grekoa izenarekin ezagutzen den trenbide sare berriak sortzen denean izango duen ibilbidea gure bailaran. Bide batez, gisa honetan lotuko da Hego Euskal Herria gure Iparraldearekin eta Europarekin, espainiar errailen zabalerak sortu zuen mugak hautsiz. Astigarraga eta Biriatu arteko adar berria oraindik -eta urte batzuetarako- egitasmo besterik ez da.
Oiartzunek XIX. mendean trena galdu zuen, XX. mendean Topoak herria ukitu zuen Arraguan. Galdera bada ea Euskadik behar ote duen XXI. mendeko trenbide sare bat pertsonak eta merkantziak eramateko eta lurraldeak, hiriburuetatik hasita, elkarrekin eta Europarekin eta penintsularekin lotuko dituena, nire erantzuna bai da. Ezin dugu tren hori galdu. Gaur egun ez dago trenbide hori, eta hori da hain zuzen eraikitzen ari dena.
Ezker abertzalea urte askotan egon da agintean. Hori onuragarria al da herriarentzat?
Udaletik kanpo, herritar xume baten moduan, bizi izan dut udalaren joan den legealdia. Sentsazioa dut amaitu den legealdian udalaren buru zen indar politikoa eta udala bera, nahastu egin direla. Udala ezin da izan inoren morroi edo menpe, herritarren zerbitzura egon behar du eta horren bila zuzenduko dugu gure lana, udala oiartzuarren zerbitzuan jarriz.
Hori da hain zuzen, gure proposamena herriari: gu herritarren zerbitzura izateko konpromisoa eta Oiartzunek behar eta merezi duen aldaketa proposatzen diogu. Herriak du lehentasuna eta hitza, berak erabakitzen du eta aukeratutako alkate eta zinegotziak bere zerbitzura egon behar dugu. Adin eta ibilbide desberdineko jendea, eskarmentua eta berritasuna elkartu gara EAJ/PNV-ren zerrendan. Hemen, nirekin ditut jarraian Iñaki Arbelaiz eta Rafa Bergaretxe -biak garai desberdinetan zinegotzi esperientzia dutenak- eta horiekin, guztiz berriak eta gazteak diren Maitane Larruskain, Elene Oyarzabal edo Amaia Burgos. Anitza da zerrenda-kideen lanbideetan eta jelkideak eta independenteak bat egin dugu neroni eta zerrendaren beste bederatzi lagun independenteak gara- eta uste dut Oiartzungo abertzaletasuna elkartu dugula bere baitan, hautagai batzuk EA eta Hamaikabat alderdietako burukide izandakoak dira. Eusko Alderdi Jeltzalearen bermea dakargu. Oiartzuarrak, euskaldunak, abertzaleak, demokratak, hona hemen gure taldearen ezaugarriak.