PSE-EEren zerrendaburuak atez atekoa bertan behera utziko luke udal hauteskundeak irabaztekotan, eta haren ordez bosgarren edukiontzia ezarriko luke
Hogei urtetik gora ditu Izaskun Gomez antxotarrak udal kudeaketan. Alkate ere izan zen legegintzaldi batez, eta karguan errepikatu nahiko luke datozen lau urtetan.
Zeintzuk dira PSE-EEren lehentasunak datorren legegintzaldirako?
Gure hauteskunde programak hamahiru bloke handi barne hartzen ditu: aparkalekua, mugikortasuna, kultura, euskara, hirigintza, hondakinak… eta bloke horietako bakoitzean, hainbat neurri jaso ditugu, baita atal bakoitzeko lehentasunak ere. Gure bandera, hala ere, hondakinen aferarekin altxa dugu. Legegintzaldi honetan herritarrek nahi ez zuten sistema inposatu da. Udalerri honetan 4000 sinaduratik gora aurkeztu ziren sistema horren aurka, eta sinadura horiek gutxietsi egin dira, erabat. Horregatik, guk gai horren bandera egin dugu legegintzaldi honetan zehar, eta, noski, kanpainan zehar ere hala egingo dugu. Hala ere, hamahiru gai handi ditugu, eta ardatz nagusiak hondakinak, aparkalekua, hirigintza eta zergak dira.
Hondakinen bilketaren harira, PSE-EEk behin eta berriz errepikatu du 5. edukiontziaren aldekoa dela. Hauteskundeak irabaztekotan ez duzuela kontsultarik deituko iragarri duzue.
Gure ustez, kontsulten garaia pasatu da. Hauteskundeak bi urtera edo bi urte eta erdira egin beharko balira, ulertu genezake kontsulta egitea, baina hamabost egun barru (elkarrizketa lehengo astean egindakoa da) udal hauteskundeak izanik, uste dugu batek bestea ordezkatzen duela. Beraz, niretzako, kontsulta maiatzaren 24an izango da.
Atez atekoa defendatzen duen beste talderen batek irabazten badu gehiengo zabal batekin, udalerriak sistema bere egin duela ulertuko dut, eta demokratikoki onartu beharko da. Baina, espero dut, gehiengoa atez atekoaren kontra gaudenok osatzen badugu gauza bera gertatzea.
Kale garbiketaren zerbitzua zu alkate zinela pribatizatu zen. Legegintzaldi honetan, aldiz, udalak bere gain hartu du berriz ere zerbitzua. Hauteskundeen ondoren zein jarrera hartuko du PSE-EEk kale garbiketari dagokionez?
Udal batek garbitasunaren zerbitzua bermatzeko gai izan behar du. Garai batean udalak eskaintzen zuen zerbitzua erabat defizitarioa zela baloratu genuen. Kritikarik handienak gai horri lotutakoak ziren: garbitasunari buruzkoak eta kale mantenuari buruzkoak. Garbitasuna hobetzeko helburuz kanporatu genuen zerbitzua.
Egia da, gure datuen arabera, une honetan badirela kale garbiketari lotutako kritikak, baina uste dugu horri gailentzez zaizkion bestelako kezkak daudela. Zentzu horretan, ez dago jarrera argi bat zerbitzua kanporatu eta bere horretan mantentzearen alde. Kexak egon badira, baina ez zehazki kale garbiketari lotutakoak. Edonola ere, aukera guztiak zabalik daude, udalerri garbi behar dugula sinetsita nagoelako.
Kaiko Herreraren afera desblokeatzeko zer proposatzen du PSE-EEk?
Hauteskunde kanpaina guztietan azalarazten da Pasaiako biziberritzearen gaia eta horri lotuta, kaiko Herrerarena. Guk, oraingoan ez dugu hitz eman nahi izan bete ezin dugun ezer. Aurkeztu dugun hauteskunde programa egingarria da.
Kaiko Herrerari dagokionez, esan dugu borrokatuko dugula behar den tokian lur horiek Pasaiako herritarren gozamenerako izan daitezen. Baina, egia da, gu ez garela lur horien jabe, eta beraz, Kaiko Herraren gaian promesak egitea, talde guztiok kanpainatik kanpainara egin izan dugun oker bera errepikatzea litzateke, hau da, gure esku ez dagoen zerbait agindu.
Akordio lortze aldera, ate guztiak jotzeko konpromisoa hartu dugu, berdin Sustapen Ministerioarena, Garraio Kontseilaritzarena nola Portu Agintaritzarena. Guk, udal ordezkari gisa, hainbat kontu alde batera utzi beharko ditugu akordioa lortu nahi badugu, baina baita gainontzeko erakundeek ere, baldin eta benetan udalerri honen biziberritzearen alde baldin badaude.
Guk, behintzat, argi dugu gure herritarren bizi kalitatea hobetzeko zonaldea izan behar duela kaiko Herrera. Ezin dugu geldi geratu tamainako postalaren aurrean, baina kudeatzeko kontu zaila da. Garai batean esaten zen Herrerako lurrak libratzeko poligono bat egin behar zela, eta Navalaldea egin genuen, ederki kostata, interes handiak elkar gurutzatzen zirelako. Orduan iruzur egin ziguten, enpresak hara lekualdatu zirelako, baina lurrak ez zizkigutelako eman. Orain zein pieza de garrantzitsua? Irun eta Pasaia arteko korridorea, kaiko Herreran orain dauden dependentziak hara lekualdatzeko. Hori aurrera eramatekotan kaiko Herrera udalaren esku utziko lukete? Ba egia esan, ez dakit, lehen ere gezurra esan zigutelako. Guk, behintzat uste dugu kaiko Herrera herriarentzat behar duela, eta horren alde borrokatuko dugu, baina inori gezurra esan gabe. Ez dago bakarrik gure esku. Ateak jo ditzakegu, baina jabea beste bat da.
Bestalde, Portuko Agintaritzak dio ez duela nahikoa toki bere jarduera aurrera ateratzeko. EAJk kanpo kaia egiteari uko egin zionetik, Portuak astetik astera ari da lehendik libre utzitako lurrak berriro ere okupatzen. Beraz, batek baino gehiagok azaldu beharko du zergatik ari den hori gertatzen.
Kaiko Herrera erosteko aldundiak egin duen enplazamenduaz zer iritzi du PSE-EEk?
Aldundiak proposamen hori egin zuenean nik kutsu elektorala zuela esan nuen eta gauza bera pentsatzen jarraitzen dut. Titularra saltzea, lur batzuk erosteko diru bat jarriko duzula esanez, lur horren jabeak gaiaz ezer jakin gabe, azalpen zaila du. Ez dut uste proposamen serioa denik.
Kanpo kaiaren eraikuntzari uko egin izana kritikatu izan duzue.
PSE-EEk kanpo kaiaren eraikuntza defendatu du argi eta garbi, eta gaur egun ere hala defendatzen dugu. Egia da ez dela une ekonomiko aproposena, krisia gainditzen ari garen arren, ez delako unea halako proiektu bati ekiteko. Hori bai, guk kanpo kaiaren aldeko apustua egiten dugu, Portu Agintaritzak beste lur batzuk aukeran ez dituen bitartean, zaila izango delako orain okupatzen duen lurra udalaren esku uztea.
Beti esaten da portuaren jarduera berrantolatu egingo dela, baina nik hogei urte ditut udaletxean, eta orain arte ez da halakorik egin. Are gehiago, gero eta lur gehiago okupatzen joan dira. Beraz, nire ustez, aukera garbia da, kanpo kaia egin jarduera kanpora eramateko edo zaila izango da udalerria biziberritzea.