Ikasturtean egindako lanketaren ondorioak aurkeztu dituzte udal ordezkarien aurrean
Lezoko Eskolako Agenda 21en topaketa
Ikastetxetik atera eta udaletxera jo dute gaur
Lezo Herri Eskola,
Pasaia-Lezo Lizeoa eta
Lezo Institutuko ikasleek. Eskolako Agenda 21en topaketa egin dute, eta bertan asteartean egindako eskolarteko foroan hartutako konpromisoak eta eskaerak izan dituzte hizpide ikasleen ordezkariek.
Elikadura iraunkorra izan dute ardatz aurten
Eskolako Agenda 21en barruan ikasleek, eta horren harira, osasuna zein elikatzeko ohituren gainean jardun dute ikasturtean zehar. Besteak beste hamaiketako egokia egiten duten, ondo gosaltzen duten eta jatorduak familia artean egiten dituzten aztertu dute.
Udalari eskaerak
Ondorioak aurkezteko eguna izan da gaurkoa, eta Ainhoa Zabalo alkateari, Mikel Arruti Kultura eta Euskara zinegotziari eta Leire Beteta Ingurumen teknikariari egindako lanaren berri eta hartutako konpromisoak jakinarazi dizkiete ikasleek. Horretarako udalbatzeta alkateak eta zinegotziek erabiltzen dituzten eserlekuetatik aritu dira hizketan.
Konpromisoen artean, egunero kirol pixka bat egitea, ura neurriz edatea, eta eskolara gosalduta joatea adostu dute ikasleek.
Udalari ere jarri dizkiote lanak ikasleek. Herriko azoka mantentzea eta indartzea, bertako produktuen kontsumoa sustatzea eta kalean inguruetako ekoizleen esnea eta esnekiak saltzeko makina jartzeko eskatu diote hain zuzen ere.
Elikadura eta hondakinak
Ikasleek programan parte hartzen duten eragileen parte hartzea ere aztertu dute ikasturtean zehar. Hala ikasleen, eskolako langileen zein udaleko ordezkarien parte hartzea egokia izan dela ondorioztatu dute, baina ez berriz, irakasle eta gurasoena. Bi azken horiek ez dute azterketa gainditu, eta handitu beharra dagoela irakasle zein gurasoen inplikazioa esan dute.
Datorren ikasturteari begira zein gaiaren gainean ariko diren ere azaldu dute gaurko topaketan: Elikadura eta hondakinak.