Hemezortzi elkarte eta eragile aritu dira lanean jai batzordean Mendekoste Jaietako egitaraua osatzeko. Aurrekontu xumearekin hamaika ekitaldi josi dituzte lezoar guztien gozamenerako.
Gaur hasiko dira mendekosteak Lezon
Zabarre helduko da gaur Lezora. Beltzak ekarriko du pirata badiatik barrena kaialdera, eta bertan izango ditu zain hiru egunez pirata bihurtuko diren hamarnaka eta hamarnaka herritar. 17:30ean egin dute hitzordua pirata ospetsuaren zain egoteko. Lehorrean izango ditu zain ere Pirata Txikiak, bertatik abiatuko dira plazaraino. Udaletxeko balkoian pregoia irakurriko dute Pirata Txikiek, eta txupina jaurtiko dute jaiei hasiera emateko.
Aurrekontu xumearekin egitarau zabala eta herritar guztiei zuzendua antolatu du jai batzordeak. Bertan bildu dira Lezoko hemezortzi elkarte eta eragile jaiak posible egiteko, eta udalak haien lana eta esfortzua eskertu zuen jaiak aurkezteko agerraldian. 12.000 euroko diru zatia izango dute guztira aurtengo mendekosteek, eta haur jolasak, euskal dantzak, bazkari eta afariak, kontzertuak… Askotariko ekitaldiak gozatzeko hiru egunez.
Lezoko Gazte Asanbladak (LGA) ere hartu du parte jaien egitaraua osatzeko garaian. Jaiei begira hiru ekimen antolatu dituela esan du bertako kide Beñat Mariezkurrenak. Gaur bertan afari pirata egingo dute Saldise plazan, sagardo eguna bihar arratsaldean Gurutze Santuaren plazan, eta kontzertuak gauean Ibai Ondon. Afariak izan duen harrerarekin pozik azaldu da Mariezkurrena, izan ere 120 txartel atera dituzte gaurko afarirako, eta guztiak saldu, “gazteren bat txartelik gabe gelditu dela ere jakin dugu”.
«Gazteok Zabarre gure egin behar dugu, gure ohiturak eta kultura sustatu»
Beñat Mariezkurrena, LGAko kidea
120 pirata Saldise plazan
Urtebeteko ibilbidea egin du gazte asanbladak. Iaz antolatu zuten bazkaria lehenengoz udalerriko jatetxe batean, “80 lagun elkartu ginen orduan eta jende ugari kanpoan gelditu zen”. Iazko esperientziak eraman zituen aldaketa egitera eta afaria Saldisera aldatzera, “120 lagunentzako mahai eta aulkiak eskatu, eta beste hainbeste txartela atera genituen: denak saldu dira. Oso pozik gaude erantzunarekin, jakinda gainera 18 eta 22 urte tarteko gazte asko azterketetan izango direla unibertsitatean”.
Afariaren menua gazte guztien artean erabaki dutela zehaztu du gazte asanbladako kideak, “aplikazio bat jarri genuen gazteek erabaki zezaten”. Oilasko paella, txahal masailak eta pastela izango dute gaurko menua. Ondoren, berriz, euskal musika izango dute Ibai Ondon, baita sorpresa ere, “ezin dugu aurreratu zer den, baina afalostean sorpresa izango dugu”.
Afarian parte hartzen dutenek, gainera, ezinbesteko baldintza bete behar omen dute: pirataz jantzita joatea. “Gutxienez kamiseta marraduna, zapia eta partxea jartzea eskatzen diegu afarian izango diren gazteei, eta hortik aurrera nahi duten guztia. Gazteok Zabarre gure egin behar dugu, gure kultura eta ohiturak sustatu. Izugarri garrantzitsua dela uste dugu”, esan du Mariezkurrenak.
Gazteen egitarauaren barruko bigarren hitzordua bihar izango da. Gurutze Santuaren plazak Sagardo Eguna hartuko du, hamazazpigarrenez. Arrakastatsua da sagardoaren festa, jendeak erantzuten omen du, eta berezia da gainera. Izan ere, ez da sagardo profesionala zerbitzatzen postuetan, Lezoko baserrietan egindakoa baizik. Beraz, Lezoko sagardoak zipriztinduko du plaza beste behin. Aurtengo edizioan, hamar baserritako sagar uzta txotxetik dastatzea izango dute plazara 18:00etatik aurrera biltzen direnek. Eguraldi txarrarekin, berriz, Saldise plazan egingo dute sagardo festa.
Kontzertuak Ibai Ondon
Gazte egitarauaren hirugarren eta azken hiztordua bihar gauean izango da, 23:00etatik aurrera. Ibai Ondon kontzertua antolatu dute: “Bietan Egurra orain gutxi disko berria atera duen talde lezoarra, eta Korkoi sanjuandarrak ere ariko dira”.
Mendekoste Jaiak gutxietsi egiten dituztela lezoarrek sinistuta dago Mariezkurrena, “santakrutzek dute fama, arrantzale egunak eta danborradak ospe handia dute… Argi dugu, ordea, denon artean giroa sortzen badugu, primeran pasatuko dugula. Jarrera eta gogoa, sekulako egitaraua izatea baino garrantzitsuagoak dira gazte asanbladaren ustez”.
Santakrutz Jaien desfilearen aldeko bazkaria antolatu dute igandean
Mendekoste Jaien barruan santakrutzek ere izango dute tartea. Izan ere, iraileko jaien desfilearen aldeko taldeak bazkaria antolatu du etzirako, dirua bildu asmoz.
Ez da bazkari bakarra izango. Bihar bertan Lezoko Euskal Dantzazaleek bazkaria egingo dute Saldise plazan, eta Andoni Ollokiegik musika emanaldia egingo du ondoren. Gurutze Santuaren plazak, berriz, piraten afari autogestionatua hartuko du gaur. Bertan biltzen direnek jatekoak etxetik eramango dituzte, baina edatekoa, sagardoa, udalak jarriko du aurten ere.
Txerrimuñok, bestalde, musika eskaintza antolatu du mendekosteei begira gaur eta biharko. Bidasoko Luz de Putas eta Tolosako Ziribulio Sound taldeak ariko dira gaur, 23:30etik aurrera, oholtzaren gainean.
Marrazki erakusketa
Bihar, berriz, 19:00etan hasita, Galiziako Cro eta B-Side taldeak ariko dira Txerrimuñon.
Jaietatik harago badoa ere, Zabarreren etorreraren bezperan erakusketa zabalduko du udalak, bestalde, Kultura aretoan. Idoia Aizkorreta lezoarraren marrazkiak ikusteko aukera izango da. Pertsonak ala animaliak saileko irudiak erakutsiko ditu lezoarrak ekainaren 4ra bitartean. Erakusketan zehar, gainera, haurrei zuzendutako marrazki sormen tailerrak egingo ditu Aizkorretak.
Nekane Artola, Oarso Irriak-eko kidea: “Jaietan ere euskaraz egin dezaten eskatuko nieke familiei”
Berritasunak daude aurtengo Mendekoste Jaien egitarauan. Lezoko Irrizaleek antolatuta, bi jarduera berri izango dira, ezta?
Iaz haur eta gazteen jai batzordea antolatu genuen eta aurten ez dugu egin, baina iazko proposamenei jarraituta, bi ekintza antolatu ditugu, batukada eta pintxo lehiaketa. Aldaketa bat ere badago iaztik hona. Joan den urtean haurrek antolatu zuten dena, eta aurten Lezoko Irrizaleak-eko talde eragileak antolatu du guztia. Helduok hartu dugu ardura.
Zenbat lagun ari zarete une honetan talde eragilean?
Lau lagun ari gara, baina gurekin elkarlanean jende ugari dabil. Batukada, adibidez, talde eragiletik kanpo dagoen Jon Askasibarrek gidatuko du. Herriko baliabideak erabilita antolatzen ari gara. Pintxo lehiaketan ere talde eragilean ez dagoen jendearen laguntza izango dugu, bai guraso, bai jatetxeetako langileak, antolaketa, epaile, edo aurkezpen lanetan ariko dira.
Batukada prestatzen denbora eman duzue. Zenbat lagunek hartuko dute parte gaur Zabarreren harreran?
Haur eta gurasoen artean 50 lagun ari gara. Zabarre taldearekin batera entseguak egin ditugu, Zabarreren lehorreratzeari eta itsasoratzeari begira. Igandean egingo den dantza ere entseatu dugu, eta oso polita izan da prozesu guztia. Kaian harrera egingo diogu Zabarreri eta handik plazara abiatuko gara. Helburua da Oarso Irriak taldearen filosofiari jarraituz ekimenak antolatzea, aisialdi euskaldun eta hezitzailea sustatzea familientzat.
Instrumentuak nola landu dituzue?
Gehienek plastikozko ontziak dituzte, denetarik dago eta askotariko materialak erabilita apaintzen izan ginen instrumentuak joan den ostiralean. Etxean aurkitutakoekin egindakoak dira batukadarako tresnak, birziklatutako potoekin, lorontziak…
Pintxo lehiaketa antolatu duzue lehenengoz ere, igande goizerako. Zein dira parte hartzeko baldintzak?
Izena, egunean bertan edo aurretik eman daiteke, horretarako eskuorria banatu dugu herriko ikastetxeetan. Saldise plazan izango da 10:30ean, eta parte hartzaileek pintxoak egiteko osagaiak eraman beharko dituzte, baita tresnak ere . Hiru taldetan banatuta dago lehiaketa: 0-5 urte, 6-10 urte eta 11 urtetik aurrera. Baldintzei dagokienez, bost osagai izan beharko dituzte pintxoek eta bertakoak zein garaiko produktuak izatea baloratuko du epaimahaiak. Hogei pintxo egin behar dituzte guztira.
Pintxo lehiaketak zein harrera izango du?
Espero dugu ona izatea, azkenean haur eta gazteen jai batzordetik iaz jasotako porposamenak dira. Haur batzuk hasi dira dagoeneko zein pintxo egingo duten pentsatzen…
Epaimahaia nork osatuko du?
Gorka Silvan Kaialdeko zerbitzaria, Iñigo Esnaola, Mertxe Larrea… Hiru horiek ziurrak dira, eta laugarren laguna hortxe dugu zalantzan. Sukaldaritzarekin lotura dute etxean dela edo lanbideagatik.
Lezoko Irrizaleak taldearen gaineko zein balorazio egiten duzue?
Antolatzen ditugun ekintzetan jende ugarik parte hartzen du, oso ongi funtzionatzen dute. Egia da, ordea, aurten talde eragiletik ari garela antolatzen ekintzak. Horren harira, irailari begira Lezoko Irrizaleen proiektuaren aurkezpena egitea aztertzen ari gara berriz ere, galdu egin delako proiektuaren zentzu hori, haurrek eta gurasoek, denek batera egitearena. Formazioa ere landu nahi dugu familiei begira, ez gaudelako ohituta haurren parte hartzea bideratzera.
Jaiei begira zein mezu helaraziko zenieke Lezoko familiei?
Ongi pasatzeko, euskaraz aritzeko, eta balore hezitzaileak zabaltzeko esango nieke, eta horretan gurasoak gara eredu zalantzarik gabe. Jaietan ere euskaraz egin dezaten eta irri egin dezaten, alegia.