Medikuntza ikasleen graduazio ekitaldian gradua euskalduntzeko eskatu diote
120 ikaslek EHUri. Olaia Azpiroz oiartzuarra hori eskatu dutenetako bat da.
Olaia Azpiroz
EHUko medikuntza ikasleen graduazio ekitaldian, gradua euskalduntzeko aldarrikapena egin zuen Xabier Iturraspe lizentziatu berriak. 120 lizentziatuen izenean egin zuen, zeu tartean… Zergatik egin duzue urrats hori?
Euskara lerroan ikasi dugun 120 ikasleen izenean egin zuen eskaera Iturraspek. Duela sei urte elkarrekin ikasten hasi ginen, eta lehenengo zikloa Leioan ikasi genuen denek batera. Urte horietan euskara lerroa mantendu zen %90ean. Nahikoa gustura aritu ginen. Baina aurrera egin ahala ikusi genuen zenbait mintegi ezin genituela euskaraz egin. Batxilergo osoa euskaraz eginda heldu ginen unibertsitatera, eta bat-batean zenbait klase ezin genituen euskaraz egin eta arrotza egiten da. Medikuntza Euskaldundu mugimendua sortzen hasi ginen orduan.
Zein urtean izan zen hori?
2010. urtean izan zen mugimenduaren hasiera. Maila ezberdinetako ikasleen harremana sendotzen hasi zen eta jardunaldiak, elkarretaratzeak, itxialdiak egin ditugu. Halakoak eginda ere ez dugu unibertsitatearen aldetik erantzunik jaso. Bigarren zikloan banandu egin ginen, eta bakoitza bere herrialdera etorri ginen ikasketak jarraitzeko.
Zein da egoera bigarren zikloan?
Herrialdetik herrialdera alde handia dago. Donostian, adibidez, egoera onena genuen, %65 euskaraz egiten genuelako. Ezin dugu konformatu kopuru horrekin, baina beste herrialdeetan egoera askoz okerragoa da. Batez ere Gasteizko egoera da larria, euskal lerroko ikasleek dena gazteleraz egin behar izan dute bigarren zikloan, mintegiak, ospitaleko praktikak, zein klase teorikoak. Lotsagarria da.
Eta zer da eskatzen duzuena zehatz-mehatz?
Lizentziatura ekitaldia zetorrela ikusita elkartu egin ginen medikuntza karrera elkarrekin hasi genuen ikasleak, gure eskaerak zehazteko. Azken batean, medikuntza euskalduntzeko eskatzen dugu, baina horrekin zer eskatu nahi dugu? Zazpi proposamen adostu genituen, horiekin sinadura bilketa abiatu genuen, eta ekitaldiaren egunean banaka agertokira igotzerakoan gure titulu bila, errektore eta dekanoei eman genien orria sinatuta.
Garrantzitsuena gaur egun euskaraz diren ikasgaiak euskaraz mantentzea da, atzera pausorik ez egitea. Hortik abiatuta, euskara batzordea funtzionatzen hastea. EHU eroso dago eta erosotasun horretatik atera nahi dugu guk, euskararen gaian aurrerapausoak emateko. Euskara batzordea maiz biltzea eta ikasleek parte hartzea eskatu dugu. Osakidetza eta unibertsitatearen arteko hitzarmena eguneratzea ere. Gaur egun dagoenaren arabera, EHUn eskolak emateko kontratatuta egon behar dute bertako ospitalean. Horrek esan nahi du mediku batek ez badu Donostiako Ospitalean lan egiten, ezin duela Donostiako fakultatean eskolarik eman. Beraz, mediku euskaldunak badira, baina agian ez ospitalean lanean. Mediku euskaldunak badaude, horien eskaera ere badago ikasleen aldetik, moldatu dezatela, beraz, araudia.
Irakasleen kontratazioan euskara jakitea kontuan hartzea ere garrantzitsua da. Baita euskaraz irakasten duten profesionalei meritua aitortzea ere. Lan izugarria egiten dute materiala euskaratzen, besteak beste.
Materiala ere ez duzue medikuntzan euskaraz, beraz?
Horrela da. Euskaraz irakasten duten irakasleek itzultzen dute materiala, egiten duten esfortzu hori onartu beharra dago eta hizkuntza baliabideak haien eskura jarri beharko lituzke unibertsitateak. Itzulpenak egitea ez luke irakasle horien ardura izan behar.
Unibertsitatea eroso dagoela esan duzu. Zein izan da bere erantzuna zuen kexa eta eskaeren aurrean? Zein arrazoi ematen ditu medikuntza euskaraz ez bermatzeko?
Unibertsitateak eroso ez dagoela erantzun du. Errektoradutzak dio ez dutela jarrera pasiboa euskararekiko. Onartu behar dugula esan digute gainera, duela 15 urte irakasleen %2a bakarrik zela elebiduna eta egun %30era igotzea lortu dutela. Hala izango da, baina ez da nahikoa guretzat. Asko dago oraindik aldatzeko.
Mediku kontsultara joan eta askotan egin behar izaten du paziente euskaldunak gazteleraz, hizkuntza menderatzen ez badu ere…
Horren aurrean ikasle bezala inpotentzia sentitzen dut. Praktikak egiterakoan denetarik tokatu zait… Tokatu zaizkit euskaraz ez dakiten medikuak eta ezfortzu txikiena ere egiten ez dutenak. Pazientea euskalduna dela ikusten dudanean, saiatzen naiz euskaraz egiten ahal dudanean, pazientea eroso senti dadin. Medikuarenera ez zaudelako ondo zoaz, eta ez sentitzea eroso, ezin izatea adierazi zure hizkuntza duzun horretan, deserosoa da. Niri ere deserosoa egiten zait egoera hori. Beste batzuetan tokatu izan zait euskaldun berriekin egotea, eta beraiek aholkua eskatzen didate esan behar duten hori euskaraz nola esan dezaketen jakiteko. Jarrera hori oso positiboa iruditzen zait.
MIR lizentziatu ostean egin behar izaten duzue. Hori euskaraz egiterik ba al daukazue?
Ezin dugu euskaraz egin. Ezin dugu euskaraz ikasi MIR hori prestatzeko ezta euskaraz ebaluatu ahal izateko. Urtarrilean egin beharko dugu eta ondoren espezialitatea. Espezielitatea ere ezingo dugu euskaraz egin. Lanean zaudenean, ospitalean egiten da MIR, eta ia dena gazteleraz egiten da.
Mantalean ‘e’ urdin bat duen txapa eramaten dugu mediku euskaldunok. Gure artean zein pazienteek ‘e’ hori ikusten dutenean badakite gurekin euskaraz egin dezaketela. Positiboa da pazienteak askotan gazteleraz egiteko joera duelako, eta txapa ikusita jakingo du euskaraz egitea duela. Baina negatiboa ere. Ez dut ulertzen zergatik eraman behar dudan marka bat euskaraz dakitela adierazten duena. Denek jakin beharko genuke euskaraz. Denok izan beharko genuke euskaraz artatuak izateko eskubidea.