Edukiontziak ezarrita birziklatze tasa erdira murriztuko dela salatu du talde ekologistak
Pasaia Zero Zabor taldeak Donibanen marraztutako murala
“Arduragabekeria” iruditzen zaio Eguzkiri Pasaiako Udal Gobernu Taldearen azken erabakia.
Hondakinak atez ate biltzeko sistema bertan behera utzi eta edukiontzien bidezko sistema ezarriko dute berriro Pasaian, bosgarren edukiontzia gehituta, giltzarekin, eta boluntarioa. Erabakiarekin “Pasaiako Udalak aurrerapausoak egiten jarraitzeari uko egiten” diola iritzi dio Eguzkik, birziklatze tasa “inbidiagarriak” lortu dituen udal bilketa sistema bazterrean utzita.
Hondakinen %80 birziklatuta, “Pasaia Euskal Herriko eta Europar Batasuneko ingurumenaren elitean” kokatu dela iritzi dio Eguzkik, eta kexu agertu da, Pasaiak Europak datozen 20 urtetarako ezarritako helburuak gainditu dituen arren, sistema bertan behera utziko delako. Izan ere, talde ekologistaren ustez, edukiontzien sistema boluntarioa ezarrita birziklatze tasa erdira murriztuko da automatikoki, eta horregatik hain zuzen, bidegabea iritzi dio aldaketari: “oso emaitza onak ematen dituen bilketa sistema ezinda emaitza dezente okerragoak ematen dituen beste sistema batengatik ordezkatu”, eta Urnieta, Elgoibar, Eibar, Irun eta Errenteria-Orereta aipatzen ditu datu okerragoen erakusle.
Errauste planta inposatu nahi
Eguzkiren arabera, “EAJk eta PSE-EEk errauste planta inposatu nahi dute Gipuzkoan”. Helburu horri begira, bilketa selektiboa eta birziklatzea ez zaie mesedegarri, Eguzkik salatu duenez. Horixe da, talde ekologistaren arabera, atez atekoaren kontra aritzearen arrazoia. “Egungo bilketa selektiboaren portzentajeak bermatu gabe atez atekoa ordezkatzea “maniobra neoliberaltzat” jo du Eguzkik, eta “erasoa pasaitarren osasuna eta ingurumenarentzat”.
Beren “proposamen atzerakoia” hausnartzeko eskatu die EAJri eta PSE-EEri, eta sistema hobetzeko behar diren neurriak hartzeko eskatu die, baina ingurumen politiketan lortutako aurrerabideei uko egin gabe.