«Sistema matxistaren barruan biktimak eta borreroak izan gaitezke»
Indarkeria matxista jasaten duten emakumeei zuzendutako espazio bat zabalduko dute Merkatuzarren; Beatriz Zalakain izango da dinamizatzailea, «askapen prozesuan» lagunduko duena
«Kontzientziazio eta ahalduntze alorrak ere lantzen dira espazio honetan» «Nik ez dut irakatsiko, ez dut inor salbatuko; beraiek askatuko dira»Nolakoak izaten dira espazio honetako saioak? Nik ez dut irakatsiko, ez dut inor salbatuko ezta hortik askatuko ere. Beraiek askatuko dira, beste batzuek lagunduta hein batean, baina beraiek askatuko dira, nik hori ezin dut egin. Horregatik gertatzen da batzuek salaketa jarri eta kendu egiten dutela gero, nahiz eta baliabide instituzionalak egon, beraiek eduki behar dute indarra horri aurre egiteko. Nire lana hitza erraztea da. Emakumeak zein egoeratan edo jarrerarekin etortzen dira? Ez dago perfil jakinik, hori gaur egun badakigu. Denetarik dago, baina gehienak euren esperientziaz hitz egiteko behar handiarekin iristen dira. Bost hilabeteko bidea egin badugu, eta norbait berria etortzen bada, oso garrantzitsua da harrera egitea; izan ere, ziurrenik behar handia izango du pasatu zaiona kontatzeko. Normalean ez daude tokiak eta espazioak horrelako gauzak kontatzeko; agian, psikologo batekin lan egin daiteke une jakin batean sesio jakin batzuetan, baldin eta ez baduzu zure psikologoa ordaintzeko dirurik. Errealitate berdina bizitzen ari den jendearekin, pareak deitzen dieguna, hitz egiteko tokiak aurkitzea zaila da, eta behar handia dago. Gainera, egoera berdinean dauden emakumeekin egotean bakarrik ez daudela ikusten dute. Erasotzaileek jokatzeko modu antzekoa dute euren ekintzetan, eta emakume hauek konturatzen dira ez direla beraiek arazoa dutenak, sozialagoa den zerbait badagoela ikusten dute, kolektibo bati gertatzen zaiona, eta horrek modu batean erruduntasunik ez edukitzea dakar. Bide horretatik, hortik aurrera emakumeen kontrako indarkeria zergatik gertatzen den landu daiteke, eta formazioa eta kontzientziazioa sartzen joan. Gertatzen ari zaienari izen bat jartzen diote horrela, eta azalpen bat aurkitzen diote; arazoaren sustraietara joanez gero askoz errazagoa izan ohi da hortik ateratzea, ez soilik alde praktikotik, hau da, etxetik atera, banandu, pisu batera joan… baizik eta baita barrutik liberatu ere, barruko prozesu bat eginez eta kultura matxista norberaren barruan dagoela konturatuz. Patriarkatua edo matxismoa kanpoan dago, baina bakoitzaren barruan ere badago, kateak kanpotik jartzen dizkigute, baina guk geure buruari ere jartzen dizkiogu eduki dugun hezkuntzagatik. Ezagutzen dituzun horrelako espazioetako emaitzak zein izan dira? Zaila da esatea, ni egon naizen espazioetan ez baitira sistematizatu gauzak. Prestazio zerbitzuetan dena sistematizatzen da, baina hemen ez dugu emakume bakoitzaren fitxarik, ez dugu nahi gainera. Emakumeen jarraipenik ez da egiten eta horregatik da zaila emaitzez hitz egitea. Nire esperiengatik esan dezaket taldekako prozesuetara joaten diren emakumeak aukera handiagoak dituztela biolentzia matxistaren egoeratik ateratzeko, prozesu indibidualetara soilik joaten direnak baino. Horrekin erne, hala ere; ez du esan nahi prozesu indibidualak ez direla beharrezkoak, baina taldekako prozesuekin bateratzen badu, horrek indartu egiten du, uztargarriak dira erabat.
«Emaitzek [horrelako espazioetakoak] hoberantz egiten dute»«Feminismoaz klabe libertarioan hitz egitea gustatzen zait»Emaitzek, orokorrean, zailtasun guztiekin, hoberantz egiten dute. Oso polita izan ohi da askapen prozesuan aurreratzea lortu duten emakumeen kasuan, taldera etortzen jarraitzen dutela. Alde batetik, fisikoki nolabait esatearren banaketa bat egon arren, pertsona biolentoek oraindik hor jarraitzen dute urteak pasatuta. Bestetik, euren esperientzia kontatzera etortzen dira eta hori oso polita da. Asko laguntzen die besteen esperientziak; psikologo batek zerbait kontatzea ongi dago, baina zure egoera berean egon den pertsona baten kontakizunak beste balio bat du, eta indar gehiago du gainera. Dinamizatzaile bezala zer nahi diezu adierazi emakumeei? Niretzat helburu pertsonala litzateke askapen prozesu horretan laguntzea. Gaur egun ahalduntzeaz hitz egiten da, baina ahalduntzea azkenean askatzeko da, patriarkatuaz askatzeko, barrukoaz eta kanpokoaz. Feminismoaz klabe libertarioan hitz egitea gustatzen zait, askatasunaren gaiaren gainean berriro lan egitearen elementu funtsezko bezala. Nik pentsamendu matxistak baldin baditut —emakume bat sexualki librea dela kritikatzea, esate baterako— oso zaila izango da neure burua askatzea. Sistema matxistaren barruan biktimak eta borreroak izan gaitezke. Kasu zailak entzungo dituzu. Ez zaizu zaila egiten besteen arazoen zama zure gain ez hartzea, besteen problemekin zure motxila ez betetzea? Niretzat gauzak ongi egiten ari diren seinale onena hori da, dinamizatzailearen gainean ez dela karga hori erortzen. Ideia da emakumeek euren artean elkarri eragitea. Onartzen dut, hala ere, kontakizun asko oso zailak direla entzuteko, zailak dira besteekin konpartitzeko, baina jasotzea ere ez da batere erraza. Garrantzitsua da mugak jartzea karga hori ez eramateko. El Salvadorren egon nintzenean, horrelako espazio batean, batzuetan lantaldearen aldetik kritikak jasotzen genituen. Han, eta hemen ere esango nuke, logika bat dago, eta uste da emakume horiek ez direla pentsatzeko gai eta euren arazoen konponbidea zuk aurkitu behar duzula. Mugak jartzen genituenean eta norberak erabaki behar zuenean kritikak jasotzen genituen, baina argi genuen beraiek izan behar zutela erabakiak hartu behar zituztenak eta ezin genituela emakume horiek poltsikoan sartu. Horrelako talde prozesu batean horrek tokirik ez duela iruditzen zait.
«Biolentziaren sintomatik soilik egiten da lan»
Matxismoaren informazio erreala dagoela uste duzu? Informazioa badagoela uste dut, gero eta gehiago gauza askotan bezala, baina nahikoa ez dela iruditzen zait. Bestela esanda, informazioa egon bai, baina hausnarketarik ez dago. Gauza bat da informatzea, adibidez, zenbat emakume hil dituzten, baina informazio horiek puntualak dira, eztabaida gutxi dago zergatik pasatzen den hori eta nola alda daitekeen erabakitzeko. Eta beharrezkoa da. Erailketak izebergaren punta dira, ikusten dena eta jendarte guztia alarmatzen duena, eskuak burura eramaten ditugu emakume bat hiltzen dutenean, baina izebergaren azpialde guztia hor dago eta analisi gutxi egiten da. Ikusten ez den izebergaren zati horretan eragiteko borondate gutxi dago. Baliabide instituzional gehienak biolentziaren begi-bistako zatira bideratuta daude, kasu gordinetara mugatuta. Biolentzia hori posible egiten duten oinarri eta estruktura guztietarako ez dute baliabiderik erakundeek, eta hori hezkuntza bidez egin daiteke, esate baterako. Biolentziaren sintomatik soilik lan egiten da, eta oso gutxi kausa edo sustraietatik. Emakumeen kontrako biolentzia sortzen eta mantentzen duten kausa eta faktore soziokulturalak zeintzuk dira? Patriarkatu handia dugu hor, matrix-i patrix deitzea gustatzen zait, eta gazteekin lan egiten dudanean paralelismo horrek laguntzen du. Matrix filmean sare batean sartua zaude eta oso zaila da hortik ateratzea, erreala ez den egoera batean bizi zara eta patriarkatua, patrix, antzekoa litzateke nolabait, sare handi bat da faktore sozial, kultural, polizial, judizial, erlijiosoekin. Jendarte bat eraikitzen den oinarri guztietan matxismoa dago, patriarkatua denean dago, ez dago gune bakar bat ere liberatua dagoena. Gure barruan bertan ere patriarkatua dago. Sozializazioaren bidez, kultura bidez, hezkuntza bidez, sistema matxista sartu digu patriarkatuak, baita gizonengan ere. Eta horrek hortik ateratzea oso zail egiten du, hainbat jarrera naturalizatzen ditugu.«Patriarkatuak biolentoak diren jarrerak naturalizatzen ditu» «Aisialdian ematen diren erasoen gainean lan handia egin behar da gazteekin»Patrix horrek gure genitalen arabera eraikitzen gaitu modu desberdin batean. Genitalen arabera mutil bat zarela? Nolako jarrera izan behar duzun esaten dizute, maskulinotzat hartzen denaren araberako jarrera izan behar duzu. Genital femeninoekin jaiotzen den haur batek beste modu bateko portaera izan beharko du. Kontua da eraikitzen diren modelo femenino eta maskulino horiek ez direla simetrikoak, ez dira pareak, eta horregatik da garrantzitsua eraikitzen dugun modeloetan lan egitea. Badaude feminismo batzuk, queer esaterako, modelo horiekin hautsi behar dela esaten dutenak, eta modu horretara desberdintasunarekin hautsiko genuke. Eraso batzuk argi eta garbi ikusten dira eraso direla, beste batzuk, aldiz, gehiago kostatzen da antzematea, eraso matxista bezala identifikatzeko zailtasunak daude. Patriarkatuak egiten duen beste gauza bat hori da, biolentoak diren jarrerak naturalizatu. Emakumeak eta gizonak naturalki horrelakoak garela esan zuen patriarkatuak. Feminismoak planteatzen duena da ez garela jarrera horiekin jaiotzen, baizik eta ikasten joan garela. Hori naturalizatu duen bezala, jarrera biolentoak ere naturalizatu ditu, horrela ez da arraroa emakumeok, nahiz eta portaera batzuk ez gustatu naturalizatzea. Ez dugu histeriko jarri behar mutil batek goizeko hiruretan ipurdia ukitu digulako taberna batean… guk geuk gertakari horiek justifikatzen ditugu. Taberna giroan, aisialdian ematen diren erasoen gainean lan handia egin behar da gazteekin.
«Jendarte bat eraikitzen den oinarri guztietan matxismoa dago»Egiten den lana nolakoa dela uste duzu? Erakundeen aldetik langile gehiago egon beharko lirateke arlo guztietan lan egin ahal izateko eta jendea formatzeko. Erakundeetako teknikariek ahal dutena egiten dute, eta mugimendu feministak ere urte asko daramatza lanean baliabide oso gutxirekin. Aurrerapenak egon dira, baina patriarkatua egokitu egiten da. Lan arloan lortu diren eskubide guztiak krisi batekin euren terrenora eramaten saiatzen dira, zenbait eskubidetan bere garaian amore eman zuen, baina aukera dagoenean eskubide horiek erretiratzen ditu. Emakumeen eskubideetan ere gauza berbera egiten du, eta erne egon behar da. Kulturalki, matxismoak aurpegi desberdinak dituela esango zenuke? Matxismoa toki guztietan berbera dela esango nuke, modu berberean funtzionatzen du, eta oinarri estruktural berbera du. Agian aldatzen dena da matxismo gradua eta nola manifestatzen den. Zenbat eta matxistagoa izan kultura hori, are eta biolentzia gehiago egongo da, matxismo horren sintoma litzateke, semaforo gorria. Graduak konparatzea zaila da, baina nolabait jakiteko zein gradutakoa den matxismoa, emakumeek jasaten duten biolentzia da. Kultura hau gurea baino matxistagoa dela esateak beldurra ematen dit; kultura okzidentaletan eta iparraldekoetan beti pentsatzen dugu hegoaldeko herrialde guztien aurretik goazela, eta denean aurreratuagoak garela; kontuz ibili behar da horrekin. Kultura desberdinetako emakumeekin lan egiten dudanean ikusten dut hori; emakume euskaldunek, Espainiako Estatukoek edo iparraldekoek pentsatzen dute hemen gaindituta dagoela asko, gure amonen garaian desberdintasun handia zegoela, baina orain gazteen artean ez hainbeste. Latinoamerikan, lan izugarria egiten da emakumeen eskubideen alde, eta guk emakume bezala asko ikasteko dugu hortik. Mugimendu feministetatik maila pertsonal eta kolektiboan lan oso polita egiten dute.