Koldo Mitxelena hizkuntzalari handia jaio zeneko mendeurrena bete da aurten. Euskarari oinarri zientifikoa gehitu zion eta euskara batuaren oinarriak sortu zituen
Euskara batuaren oinarriak jarri zituen Mitxelenak, euskarari egindako ekarpen askoren artean.
Euskara batuaren ingeniari, euskararen arkitekto, hizkuntzaren historiaren aztertzaile, kritiko, gizon konprometitua, euskaltzain oso… Definizio ugari eta pertsona bakarraren atzean. 100 urte bete dira aurten Koldo Mitxelena Elissalt mundura jaio zenetik Errenteriako Goiko Kaleko 6. zenbakian. Mitxelena hizkuntzalaria dugu ezaguna, eta ez da gutxiagorako euskarari ekarpen izugarria egin ziolako. Euskarari oinarri zientifikoa gehitu zion Mitxelenak lehenengoz, eta euskararen historia beste hizkuntzen historiaren ikerketa mailara eraman zuen, pareko bihurtu zituen euskara eta gainontzeko hizkuntzak.
«Mundu mailako proiekzioa eman dio euskarari Mitxelenak», hala esan du Elixabete Perez Gaztelu Deustuko Unibertsitateko irakasle, eta Mitxelenaren lanaren ikertzaileak. Tesia Mitxelenaren gainean egin zuen, eta haren lanen gaineko ikerketa egiten jarraitu du ondoren ere, «izan ere, 700dik gora lan idatzi ditu Mitxelenak, asko dago ikertzeko, beraz». Lan egiteko ahalmen «miragarria» omen zuen Mitxelenak. Oso berandu idazten hasiagatik, lan kopuru handia eta batez ere aberatsa pilatu zuelako Errenteriako semeak.
Zientifikoki aztertu
Euskarari berari hiztun guztiek ematen diotela zerbait, ekarpena egiten diotela dio Perez Gazteluk, «Mitxelenak, ordea, euskara zientifikoki aztertu zuen, eta hori egiteko oinarri teorikoak zein praktikoak jarri zituen. Estatusa eman zion euskararen ikerketari». Mitxelenaren garaian ba omen zegoen euskarari buruz zientifikoki zekien jendea, «kanpoko jendea zen, ordea, Euskal Herritik kanpokoa».
Euskaldunak ere ba omen ziren euskarari buruz asko zekitenak eta euskaraz oso ongi egiten zutenak, baina oinarri zientifikoa falta zutela gaineratu du Perez Gazteluk, «Mitxelenarengan biltzen dira lehen aldiz gure historian zientzia gizona eta euskalduna pertsona berean».
Euskara batuaren sortzaile
Euskararen erabilerari eta etorkizunari tresnak utzi zizkion Mitxelenak, «Euskaltzaindiarentzat egindako txostenetan eta artikuluetan esaten du hizkuntza batek, euskarak gure kasuan, bizirik jarraitzeko zer egin behar duen. Egokitu zaion munduaz hitz egin behar du hizkuntza horrek». Hezkuntza garrantzitsua zela hizkuntza gutxituen biziraupena ziurtatzeko ere argi zuen hizkuntzalari handiak, baina Perez Gaztelu ez da ausartzen esatera D ereduaz zein iritzi izango lukeen egun Mitxelenak, «1980tik 2015era gauzak dezente aldatu dira eta».
Euskara edozertaz, edozein lekutan eta espaziotan hitz egiteko hizkuntza bihurtu ahal izateko kode batua ezinbestekoa zitzaion Mitxelenari. Hori zen bidea euskara munduko beste hizkuntzen mailara parekatzeko, eta horretan jardun zuen euskara batuaren oinarriak jartzeko. Idazle gazteek eta irakasleek hartu zuten batik bat euskara batua begi onez.
«Mundu mailako proiekzioa eman dio euskarari Koldo Mitxelenak»
«Garai ihar hartan ekin zion kritikak egiteari, Euskal Herrian, eta euskaraz»
Elixabete Perez Gaztelu, irakasle eta ikertzailea
Halako zer edo zer izateko irrikan zirela esan du Perez Gazteluk, «nik oroitzen dut Arantxa Urretabizkaia entzun izana desiratzen zegoela eredu bat edukitzeko. Guretzat hau oso normala da, baina orduan arazo latza zen, errezeta nahi zuten. Nik uste dut arrakasta handia izan zuela, premia zegoelako alde batetik, eta bestetik, Euskaltzaindia horretarako sortu zen, arazo horri erantzuteko, eta badirudi formula bat adostu zutela nola edo hala, eta hari ekin zioten».
Zinema kritikan, aitzindari
Euskararen etxea eraikitzeko oinarri sendoak jarri zituen Mitxelenak, eta etxe horri ate zabala jarri zion, baita leihoak ere, euskara munduratu eta mundua euskaratzeko. Eskailera eder eta sendoak ere eraiki zizkion barrualdean etxeari, euskara edonondik edonora eramateko, gora eta behera ibiltzeko, bertako kontuez zein kanpokoez aritzeko. Izan ere, bere garaian existitzen ez ziren molde eta ereduak sortzen aitzindari izan zen, eta horren adibide dira egin zituen zinema kritikak. Begi zorrotzez kritikatu zituen bere garaiko hamaika film luze eta labur.
Euskarazko kritika eredu idatzirik ez zegoen garaian, estiloa eta eredua sortu zituen. «Berak idatzi arte, apenas zegoen maila horretako terminologiarik, ezta halako prosarik ere. Horretan egin zuen ekarpena ere, oso handia izan zen», adierazi du Perez Gazteluk.
Zinema gustuko zuen, eta bere afizio horrek eraman zuen luma dantzan jartzera. «Mitxelenak begi izugarria zuen filmak aukeratzeko, garrantzitsuena nabarmentzeko, eta prosa izugarria zuen. Prosa horretatik asko dugula ikasteko uste dut. Gurutz Ansolak ere egin zituen Mitxelenarekin tarteka zinema kritikak Egan aldizkarian, baina eredurik ez zen. Mitxelenak izugarri maite zuen zinema, eta gustuz egingo zuen, baina pentsa: 1954. urtera joan behar dugu konturatzeko orduan zein egoeretan bizi ziren euskaldunak, eta zein ahalegin egin zuen munduaz, gauza modernoetaz euskaraz aritzeko. Hain ondo adierazten zituen, gaur ere balio digutela».
Egan aldizkarian zinema kritikak idazten hasi zenean ez ziren hainbeste urte 1936ko Gerra bukatu zela, ezta Mitxelena bera kartzelatik atera zela ere, «garai ihar eta triste hartan ekin zion zinema kritikak egiteari, Euskal Herrian, eta euskaraz».
Nabarmentzekoa da hori ikerlariarentzat: Mitxelena ausarta izan zela esan du, baita aitzindaria ere.
Literatura kritikak ere
Zinemarekin bezalaxe egin zuen literaturarekin. «Kritika asko eta oso onak» egin zituela esan du Perez Gazteluk. Bere garaian euskaraz sortutako lanen gainekoak zein itzulitakoen gaineko kritikak egin zituen errenteriarrak, «oso ikuspegi modernoa du bere kritiketan, oso etorkizunera begira jarri zen. Garbi markatu du bere lanetan nondik joan behar duen kritika egiteko moduak, eta baita kritika bera zein inportantea den. Azken batean, garrantzitsuena da, nire ustez, ez zuela lotu euskara euskal gauzekin, euskara edozertaz hitz egiteko baliatu zuela. Urte haietan hori esatea, eta egitea izugarri garrantzitsua dela uste dut».
Horren harira, Mitxelenaren kritikak irakurtzeko gomendatu du ikerlari errenteriarrak, «hizkuntzalaria ez bazara, filologoa ez bazara, euskara gaietan aditua ez bazara, eta horien gainean ikasteko kezkarik ez baduzu, Mitxelenaren kritikak irakurtzea gomendatuko nuke. Irakurtzeko errazak dira, ez dute eskatzen halako jakintza teorikorik, eta idatziak oso onak dira».
Lanak irakurtzea, aitortza
Mitxelenaren jaiotzaren mendeurrenaren harira hainbat ekintza antolatu dituzte udalerrian. Oarso aldizkariarekin batera hizkuntzalariaren gaineko gehigarria argitaratu zuen Errenteriako Udalak uztailean, Mitxelenarenak zikloa egin berri dute, eta Saretuz taldeak ere egin zuen haren gaineko ekitaldia.
Hizkuntzalari handiaren figura nahikoa aitortuta ote dagoen galdetuta, Errenterian izena baduela erantzun du Perez Gazteluk, «bere izena jarri zioten institutuari, ikastetxeak ere bere izena du eta plaza ere badu. Bestalde, normala da denbora pasa ahala ahazten joatea. Hala ere, nik aitortuta egon ala ez egon, nahiago nuke bere lanak irakurriko balira, ideia oso interesgarriak dituelako, oso onak. Aitortzeko modurik onena bere lanak irakurtzea dela iruditzen zait, baliorik ez dutelako galdu, gainera».
‘Mitxelenarenak’ zikloak segida izango du
Asteazkenean amaitu zen Mitxelenarenak (1915-1987) zinemaz eta paperaz zikloa. Lehenengoz egin da Errenterian, Mitxelenaren jaiotzaren mendeurrena bete denean, hizkuntzalari handiaren beste fazeta emankorra ezagutzera emateko, Errenteriako Udalak eta Euskadiko Filmategiak antolatuta.
Mitxelenak 66 zinema kritika idatzi zituen Egan aldizkarian 1954 eta 1961 urteen artean. Horien artetik hiru film luze eta bi labur aukeratu eta Niessen Kulturgunean eman dituzte. Filmak aurkezten, gainera, zinemagintzan erreferente diren pertsonak izan dira, Jose Luis Rebordinos, Txema Muñoz, eta Juanmi Gutierrez. Zinemagintzarekin ez, baina Mitxelenaren lana ikertzen aditua den Elixabete Perez Gaztelu ere izan da aurkezten zikloa.
Antolatzaileak pozik agertu dira balantzea egiterakoan, «jende dezentek hartu du parte zikloan eta garrantzitsuena, gogo handiarekin joan direla da. Parte hartze handia izan da, galdera asko egin ditu jendeak, eta baita ekarpenak ere».
Zikloak segida izango du hurrengo urtean, Tabakaleraren eraikinean, Euskadiko Filmategiaren eskutik.
Hizkuntzalari handiaren atzean, gizon konprometitua
1936ko Gerran gudari joan zen Mitxelena, eta preso sartuta, heriotza zigorra ezarri zioten .Kartzelan emandako urteak irakurri eta ikasteko baliatu zituen errenteriarrak
Burgoseko espetxean. Zutik, ezkerretik hirugarrena da Mitxelena.
Euskal Herriak eman duen hizkuntzalaririk handiena izateaz gainera, konprometitua ere bazen Mitxelena. Bere ibilbideak erakusten du hori. Haren konpromisoa nabarmendu du Perez Gazteluk, «aukera bazuen zientzia gizonak bere mundutxoan sartu eta ‘hor konpon’ esateko, baina ez zuen halakorik egin». Oso pertsona kritikoa, humanista eta zientifikoa zela gaineratu du Perez Gazteluk.
Ez zuen haurtzaro erraza izan. 1915 urtean jaioa, bost urterekin orkatileko gaixotasun batek ohean izan zuen hiru urtez. Aitak, saskigilea, etxe azpian egiten zuen lan, eta harekin denbora asko pasatu zuen Mitxelenak eskolara joaterik ez zuelako gaixo egon zen bitartean. Aitak sorbaldan hartuta ateratzen zuen semea herriko bazterrak ikusi eta haien gainekoak kontatzeko. Garai hartan sortu omen zitzaion irakurzaletasuna. Zeruko argia irakurriz hasi zuen euskarazko alfabetatzea Mitxelenak ohean gaixo egon zen bitartean.
Goiko kaleko 6. zenbakian bizi izan zen 21 urte bete zituen arte, orduan gudari joan zen 1936ko Gerrara. Santoñan (Kantabria, Espainia) hartu zuten preso 1937ko abuztuan. El Dueso espetxean heriotza zigorra ezarri zioten, guda kontseilua eginda, Mitxelenari. Bertatik Larrinagara eraman zuten, eta ondoren Burgosera (Espainia).Urtebete beranduago, heriotza zigorraren ordez, 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten.
Kartzelan ikasketak
Espetxeak Mitxelena markatu zuen zalantzarik ez du Perez Gazteluk, baina egoera hari ere alde positiboa atera ziola ziur da. Mitxelenak kontatua du bere bizitzaren pasarte hori Martin Ugalderekin edota Eugenio Ibarzabalekin egindako elkarrizketetan, eta atentzioa ematen dio Perez Gazteluri heriotza zigorraz mintzatzen den zatiak: «Gauero deitzen zituzten Mitxelena eta harekin zeuden beste presoak fusilatzera eramateko, eta berak dio azkenean batek lasaitua hartzen duela onartzen duenean hori dela bere zioa».
Sei urte eman zituen espetxean lehenengo atxiloaldiaren ondorioz, eta denbora hori irakurri eta ikasteko baliatu zuen Mitxelenak. Kartzelaldiak, ikasteko aukera eman zion, irakurtzekoa. Egoera latzenari ere alde positiboa bilatzen zion Mitxelenak.
27 urterekin kartzelatik atera eta itzuli zen Goiko kaleko etxera. Ordurako aita hila zuen. Lana aurkitzen saiatu zen, baina ez zuen erraza izan; Jose Uranga enpresariak Madrilen zabaldu berri zuen lantegian lana eskaini zion. Bertan atxilotu zuten bigarren aldiz, eta beste 16 hilabete eman zituen hainbat espetxetan.
Errenteriara itzuli eta urte batzuk eman zituen han-hemenka eskolak ematen, Jesuiten Unibertsitatean eta Donostia zein Irungo Institutuetan, «plazarik, ordea, ez zuen» zehaztu du Perez Gazteluk. Antonio Tovarrek sortutako Manuel Larramendi katedraren harira, ordezkapenak egiten hasi zen Salamancan, baina bertatik Parisera, eta handik berriz ere Salamacara itzuli zen. Gasteizen ere izan zen, eta Donostia izan zuen azken bizileku, 1987ko urriaren 11n hil zen arte.
Hala ere, sarri etortzen zen errenteriara, jaiotzen ikusi zuen eta hainbeste maite zuen herrira Mitxelena.