2014. urteaz geroztik trafikoen hazkundea etengabea izaten ari da
Txatarraren trafikoa igo da gehien 2015. urtean
Pasaiako Portuak 3.793.387 tona mugitu ditu 2015. urtean, eta trafikoen hazkundea, guztira, %8,3koa izan da iaz. Portuko Agintaritzak jakinarazi duenez, gorakadaren protagonista nagusiak, automobilak, produktu siderurgikoak eta txatarra izan dira.
Hazkunderik handiena siderurgiak izan du. Iaz 755.521 tona txatarra mugitu zituen portuak, 2014ean mugitu zituzten 618.753 tonen aldean. Arcelor Mittalek Gipuzkoan eta Zaragozan dituen enpresen berrindartzeak eragin du txatarraren trafikoaren gorakada.
Automozioak ere oso datu positiboak lortu ditu 2015. urtean. %13,68 hazi da, 2014. urteko datuekin alderatuz gero. Kasu honetan Figueruelaseko (Zaragoza) General Motors-en eta Gasteizko Mercedes-en esportazioak daude hazkundearen oinarrian.
Paperaren eta zuraren trafikoak ere gora egin du (%19,8) nahiz eta trafiko osoaren %3,76 baino ez izan.
Edukiontzien trafikoa
Aipamen berezia edukiontzien trafikoak merezi du. Pasaiako portuan trafiko berria izanik, datuak ez dira txarrak izan, Agintaritzaren arabera “orain arte mugitutako bolumenak txikiak badira ere”. Lezoko terminala martxan jarriz geroztik 36.730 tona (3.032 TEU) mugitu izanak, trafiko honi eusteko bultzada izan da, eta portuak adierazi du “kargatzaile kopuru handiago bati zerbitzu emateko aukera” aztertzen ari direla.
Arrantzak ere gora egin du, eta Agintaritzak jakinarazi duenez, Espainiako Estatuko portuen artean hirugarrena da Pasaia deskargen kopuruari erreparatuta. 2015. urtean 23.215 tona arrain deskargatu zituzten Pasaian.
Portu Agintaritzaren arabera, 2015. urtea “sendotze” urtea izan da, “2015-2025 Plan Estrategikoan jaso den dibertsifikazio estrategiaren alde pauso irmoak eman diren urtea”.