Gobernu taldeko kideak, atzoko plenoan
Sorpresarik ez. Errauste plantaren kontrako taldeak defendatutako mozioak ez zuen nahikoa babesik lortu Pasaian. Pasaiak Ahal Du-k eta EH Bilduk aldeko botoa eman zuten, baina ez gobernu taldean ari diren EAJk eta PSE-EEk. Honenbestez, aldeko 7 botorekin eta kontrako 10rekin atzera bota zuten.
Eztabaidak, baina, luze jo zuen. Errauste plantaren kontrako plataformako kide Kepa Olaizek beren jarrera birpentsatzeko eskatu zien EAJko eta PSE-EEko ordezkariei, “beren alderdikideen antzera” jokatzera deituta, eta Lasarte-Oriako gertaerak aipatu zituen, bertako PSE-EEk errauste planta Zubietan kokatzearen kontra bozkatu duela gogora ekarriz. Bide beretik, Txingudiko gertaerak, Urnietakoak edota Donostiakoak gogoratu zituen Olaizek.
Pasaiak Ahal Du-k, bide beretik, erabakitzeko eskubidearen defentsan jarri zuen indarra, eta hondakinak kudeatzeko errauste planta nahi duten edo ez udalerriek eta bertako bizilagunek erabaki behar dutela defendatu zuen. Ingurumenerako zein osasunerako kaltegarria izateaz gain, errauste planta eraikita zabortegiaren beharra ez dela gainditzen nabarmendu zuen Pasaiak Ahal Du-k, eta alternatiba eraginkorragoak eta merkeagoak badirela defendatu.
EH Bilduk, datuei erreparatuta
San Markoko Mankomunitateko datuei erreparatuta egin zuen irakurketa EH Bilduk, eta iazko azken hiru hilabeteko datuei erreparatuta errefusaren kopurua bikoiztu egin dela salatu zuen, 2014 urteko 243 tonetatik 487 tonetara igarota 2015. urtean.
Era berean, tratamenduari dagokion gastuari erreparatu zion koalizio abertzaleak, eta GHK-k laster aplikatuko duen tasa gehituta kostua %90eraino igoko dela salatu.
Zerbitzuko batzordea deitzeko zain, galdera sorta zabala helarazi zion EH Bilduko Oihane Oronozek gobernu taldeari, eta besteak beste lehen lortutako birziklatze tasa berreskuratze aldera zein asmo dituzten galdegin zien gobernu taldeko kideei.
Erantzun zehatzik ez, ordea. Herritarrek hauteskundeetan beren iritzia argi eta argi adierazi dutela erantzun zuen EAJko Nahikari Oterminek, eta erantzunean berretsi zen PSE-EEko Lore Suarez, Europak hondakinen kudeaketan ezarritako irizpideei atxikimendua agertu ondoren.
Izendapenak
Plenoan, horrez gain, Añarbeko Uren Mankomunitateko eta San Markoko udal ordezkaria Lore Suarez (PSE-EE) izango dela erabaki zuten. Horrez gain, batzorde informatiboetan eta erakunde autonomoetan zer ordezkari arituko diren jakinarazi zuten. Hona zerrenda:
- Ogasuna: Izaskun Gomez
- Administrazioa eta pertsonala: Manuela Nicolas.
- Ondarea, kontratazioa eta zerbitzu juridikoak: Manuela Nicolas.
- Hirigintza eta ingurumena: Lore Suarez
- Hiri biziberritzea: Lore Suarez.
- Zerbitzuak: Izaskun Gomez.
- Gizarte Ekintza: Itziar Barragan.
- Kultura eta Hezkuntza: Manuela Nicolas
- Euskara eta normalizazioa: Manuela Nicolas.
- Gazteria eta kirolak: Izaskun Gomez eta Manuela Nicolas.
- Hiri Mugikortasuna: Lore Suarez eta Manuela Nicolas.