Lezoko PSE-EE alderdiaren eledunak gogor kritikatu ditu Kepa Garbizu alkatea eta Lezoko EAJ
PSE-EEko Lezoko kideak, gaurko agerraldian. Erdikoa da Jose Angel Sanchez
Lezoko PSE-EE ez dago ados Lezon hondakinak biltzeko egin duten akordioarekin, sistema mistoarekin, ezta herriko EAJk izan duen jarrerarekin: “EAJk iruzur politikoa egin die botoa eman ziotenei”. Hori esateko, hainbat argudio erabili ditu gaurko agerraldian Jose Angel Sanchezek, alderdiak udalean duen eledunak, “arduragabekeria da akordio hori. Gainera, erabakia ez da hartu ez gurekin, ez Lezo Garbiarekin adostuta”. Martxorako hondakinen kudeaketaren gaineko kontsulta eskatu du.
“Akordioak herriaren gizarte giroa gaiztotuko du, eta badakit epe motzera akordioaren kontrako mobilizazioak egongo direla”, ziurtatu du Sanchezek. Sistema mistoa, “atez ateko apaindua” dela uste du: “Ez dut ulertzen nola azken lau urteetan hain kudeaketa txarra egin duen alderdi batekin akordioa egin duen EAJk”. Sanchezek esan du EAJk ez dituela bete hartutako konpromisoak, “ez bosgarren edukiontzia ezartzeko orduan, ezta kontsulta egitekoan ere”.
Kritika guztiak Kepa Garbizuri eta Lezoko EAJri zuzendu dizkio Sanchezek. Irmo mintzatu da. EAJri sistema mistoa ezartzeko erabakia berriz ere pentsa dezala eskatu dio, “eta ez badu hori egiten, bosgarren edukiontzia ezartzeko mozioa sartuko dugu”. Sanchezek aspaldi entzun gabe zeuden terminoak erabili ditu zintzilikarioen sistemaren kontra —mistoan errefusa eta organikoa horietan jasoko da—, “jarri nahi duten sistemak garestia, zikina eta deserosoa izaten jarraituko du”.
Lezo Garbiaz
EAJk eta Lezo Garbia plataformak izandako harremanaz luze mintzatu da sozialista. Esan duenez, atez atekoaren kontrako mobilizazio nahiz sinadura bilketetan era aktiboan parte hartu zuten bai Kepa Garbizu alkateak eta egun EAJren zinegotzi direnetatik hainbat. Horregatik, herriko EAJk Lezo Garbia bere onurarako “erabili” egin duela uste du Sanchezek, “hauteskunde kanpainan herriko lehen indarra izateko Lezo Garbia plataforma erabili dute. Orain, atez atekoa ezarri zenean esandakoari eta adostutakoari muzin egiten diote. Lezo Garbiaren fede onaz baliatu dira”.
Hala, Lezo Garbiak sistema mistoaren kontrako mobilizazioak has ditzakeela berretsi egin du sozialistak. “Guk”, jarraitu du, “bosgarren edukiontzia ezartzeko edo galdeketa eskatzeko Lezoko herritarrek egin dezaketen edozein legezko iniziatiba babestuko dugu”.