Ikuska hasiko da gaur, Telmo Esnal eta Asier Altuna omenduz
Bi zine zuzendarien ibilbidea erakusteko beraien sei film proiektatuko dituzte gaur .Altunak eta Esnalek laster elkarrekin beste film bat errodatuko dutela iragarri dute
Txotx eta Topeka film laburrekin hasi ziren nabarmentzen zine munduan, orain dela 20 urte. Geroztik ibilbide oparo eta arrakastatsua osatu dute Asier Altunak eta Telmo Esnalek, elkarrekin zein norbere bidetik, eta ibilbide hori da, hain zuzen, gaur abiatuko den XVIII. Ikuskan Trintxer Kultural elkarteak «ospatu» nahi izan duena.
Omenaldirako, Pasaiako film laburren erakustaldian, bi zine zuzendarien sei lan proiektatuko dituzte, antolatzaileen esanetan «zinemaren munduan hasi zirenetik gaur arteko garapena islatzen dutenak». Txotx eta Topeka ez ezik, Hamaiketakoa, Amona Putz!, Zela Trovke, eta Iraila emango dituzte. Altuna eta Esnal emanaldian izango dira, eta proiekzioaren ondoren -19:00etan hasiko da– haiekin hitz egiteko aukera izango da.
Trintxerpeko alkateordetzan da emanaldia, eta sarrera doan da, Ikuskako emanaldi guztietarako bezala.
Ikuskari eskerrak
Pozik hartu dute Altunak eta Esnalek Ikuskak egin dien aitortza, eta film laburren erakustaldiaren antolakuntzari eskerrak emateko baliatu zuten lehengo asteazken goizeko aurkezpena. «Opari garrantzitsua da guretzat, eta alde horretatik, eskerrik asko», esan zuen Altunak.
Ikuska bezalako erakustaldien balioa nabarmendu zuen zine zuzendari bergararrak: «Halako jaialdiak zoragarriak dira. Jendearen istorioak ikusleekin konpartitzeko modu bat da, eta ekitaldi ahaztezinak izaten dira, asko disfrutatzen dituzulako».
Esnalek berretsi zituen Altunak esandakoak: «Horrelako festibalik gabe gure lana ere umezurtz geratuko litzateke. Oso beharrezko da gure lanak ikustaraztea eta horrelako jaialdiei esker lortzen dugu».
Altunak eta Esnalek euskal zinemagintzari egin dioten ekarpena nabarmendu nahi izan du, bide batez Trintxer Kultural elkarteak eta horretaz ere jardun ziren aurkezpenean. Altunak adierazi zuen beraiek «era naturalean» egiten dutela zinea euskaraz: «Orain dela hogei urte aitzindariak izan ginen horretan, baina, gaur egun egoera oso bestelako da. Egoera normalizatua dago, hemen egiten den zinearen kalitatea handia delako, eta jauzi kualitatiboa eman delako».
Erabat ados agertu zen Esnal: «Niretzat, euskararena soinu-banda besterik ez da».
Proiektu berriak
Amamaren arrakastaren zurrunbiloan murgilduta dabil oraindik ere Asier Altuna, baina baditu proiektu berriak, eta horiei ekiteko gogotsu dagoela aitortu zuen Ikuskaren aurkezpenean.
Telmo Esnal ere, azken urteetako apalaldiaren ondoren, berrindartuta itzuliko dela iragarri zuen. Dantza izeneko proiektuan ari da lanean oraintxe, «euskal dantza tradizionalarekin, dantzaz dantza» eraikiko duen istorioarekin.
Pelikulan agertuko diren dantzariak profesionalak ez direnez, piezaz pieza ari da errodatzen, «ondoren pelikula guztia josteko». Pieza bat grabatua du, eta bigarrena Gabonak inguruan grabatzeko asmoa dute. Oraintxe errodajerako lokalizazioak egiten ari da.
Horrez gain, epe laburrean beste film labur bat grabatu nahi duela iragarri zuen Esnalek, segidan primizia baten berri emateko: «Iraila (Kalebegiak proiektuaren barruan errodatu duten filma) grabatzeko berriz elkartu gara Asier eta biok, eta laster beste pelikula bat egingo dugu elkarrekin».
