Martxoaren 19ko herri galdeketari begira 1.500 boluntario behar ditu Errenteria-Oreretako Gure Esku Dago Iniziatibak.
Oleaga eta Iturri biteri kaleko lokalaren sarreran.
Atzerako kontaketa aurrera doa eta geroz eta gertuago dago martxoaren 19an Oarsoaldean Demoarsok egingo duen herri galdeketa. Horren harira, agerraldia egin du gaur Errenteria Oreretako GED Gure Esku Dago iniziatibak egun horretara bitarte antolatu dituzten ekintzak ezagutarazteko. Herritarren ilusioa eta inplikazioa ezinbestekoa duela prozesuak esan dute GED-eko kide diren Xabier Oleaga eta Naroa Iturrik bozkalekuetako bat izango den Biteri kaleko 27n zenbakian duten lokalean. Horrekin batera beste 13 bozkaleku, hamalau guztira, izango dira Errenteria-Oreretako auzoetan banatuta, eta martxoaren 19rako boluntario andana behar dituztela jakinarazi dute: “Mahaietan izango den jendea, komunikazio lanetan arituko direnak, segurtasun lanak egingo dituztenak, auzoetan lagunduko dutenak… Lanak aurreratuak ditugun arren herritarren inplikazioa behar dugu ariketa demokratiko honetan sakontzeko”.
Boluntario andana beharko dute. 1.500 zehazki. Horretarako, lagundu nahi dutenek,
Demoarsoren weborrian sartu eta galdetegia bete beharko dute.
Helmugaren aurretik bi mugarri ezarri ditu iniziatibak. Lehena, martxoaren 4an izango da. Orduan hasiko du kanpaina modu ofizialean GED-ek Errenteria-Oreretan. Txupina 13:00 jaurtita hasiko dute Herriko Plazan eta 14:30ean herri bazkaria egingo dute Merkatuzarren herriko elkarte gastronomiko guztien eskutik. Bazkarirako txartelak Gure Esku Dagoren Maria de Lezo kaleko egoitzan eros daitezke 10 euroan.
Martxoaren 12an finkatu dute beste mugarria, kontsulta eguna baino astebete lehenago. LipDuba egingo dute egun horretan, eta herri guztia “mobilizatu” nahi dutela esan du Iturrik: “1.000 metroko ibilbidea izango da, erronka handia da. Ibilbidea, Gaztaño auzoa, gaztetxea, ermita, Madalen kalea, Mikelazulo, Goiko kalea, Jatarkol plaza, Orereta kalea, Beheko kalea, Arkaitza taberna zeharkatuko dugu, Gamon zumardia, Biteri kalea, Kapitain Enea kalea eta Herriko plazak osatuko dute. Talde bakoitzak aurretik jakingo du non egon behar duen. Helburuetako bat da ibilbide guztia koral kolorez betetzea, baina eragileek beren kamiseta eraman nahi badute, horrek ere aberastuko du iniziatiba”.
Lipduba 12:00etan egingo dute eta izena eman nahi dutenek Maria de Lezo kaleko egoitzara jo behar dute 19:00etatik 20:00etara. Lipduba prestatzeko, bezperan, martxoaren 11n 11:00etan entsegu orokorra egingo dute. 12an grabazioa egingo dute eta bideoa editatuta, estreinaldia egingo dute Zumardian jarritako karpan 18:00etan. Horrekin batera, ibilbidean zehar ateratako argazkiekin erakusketa ere egingo dute.
Hilaren 28an, mozioa
Hilaren 28an kontsultaren gaia plenora eramango du mozio baten bidez GED iniziatibak, bestalde. Horren harira, alderdi politikoekin harremanetan ari direla esan du Oleagak, “herriko instituzioek gaiaren inguruan zerbait esatea nahiko genuke. Iniziatiba ondo hartu dute iniziatiba bezala, mamiarekin ados dauden edo ez pleno egunean azalduko dute alderdiek”. Pleno horretara joatera deitu dituzte herritarrak.
Martxoaren 19an garrantzitsuena jendeak parte hartzea dela gaineratu du Oleagak, “garrantzitsuena hori da, ez emaitza zein izango den, jendeak egun horretan ahalegina egitea etxetik atera eta bozkatzera joateko. Badakigu bide hau zaila dela, ez duelako gure historia politiko garaikidean aurrekaririk. Konturatzen gara esfortzu handia egin behar duela eta jendea etxeetatik atera eta bozkatzera joateko guk ez dazkagu normalean alderdi politikoek duten tresneria sozio komunikatibo guztia. Jokatzen dugu bakarrik jendearen kontzientzia kritiko aktiboarekin, eta azken hori pizteko gai garen neurrian lortuko dugu jendea egun horretan bozkatzera joatea”.
Ahalegin hori egitera deitu ditu herritarrak Oleagak eta gaineratu du, “etorkizun handiko” ariketa dela baina aldi berean “transgresorea” ere badela, “gizartearen iniziatiba bezala planteatzen delako eta ez instituzioetatik. Oso inportantea da jendeak parte hartzea adierazteko gauzak politikan doazen bezala ez zaizkigula gustatzen: ustelkeri gehiegi dago politikan, alderdi interesek gizarte interesek baino garrantzi handiagoa daukate”.
Aurretikako bozka
Herritarrek edozein bozkalekura jo dezaketela azaldu dute Iturrik eta Oleagak, amaitzeko, “baina bakoitzaren auzoa errespetatzea eskatu nahiko genuke eta bertara jotzea bozka ematera”. Martxoaren 19an aukera izango ez dutenek ere aldez aurretik bozka emateko aukera izango dute. Bi bide jarri dituzte horretarako: mezu bidez
Demoarsoren weborrian egin dezakete formularioa beteta; eta baita martxoaren 7tik 17ra 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara egunero Biteri kaleko 27. zenbakiko lokalean ere.