«Antsietate eta depresio gehiago dago emakumeen artean»
Trintxerpeko anbulatorioan 32 urte eman ditu Marilde Osak, eta egun, erretiroa hartuta, Pasaiako Ahalduntze Eskolan dihardu, osasun arloko bere eskarmentua herriko emakumeekin partekatuz.
Emakumeen osasun zainketarako gakoak izeneko ikastaroa eskaintzen ari zara Pasaiako Emakumeen Ahalduntze Eskolan. Zer moduz? Nolako harrera izan du ikastaroak?
Oso gustura ari naiz. Aurtengoarekin hirugarren ikasturtea dut eta urtero-urtero emakumeak animatzen dira.
Aurten San Pedrora etorri naiz lehenengo aldiz, eta jende piloak eman du izena.Trintxerpen eta Antxon ere ari naiz ikastaroa eskaintzen.
Zeintzuk dira ikastaroan lantzen dituzuen gakoak? Zertan dira gizonen zainketarekiko desberdinak?
Emakumeok gehien pairatzen ditugun gaixotasunak lantzen ditugu ikastaroan: bular eta umetoki-lepoko minbiziak, osteoporosia, artrosia, antsietatea, gaixotasun kardiobaskularren arrisku faktoreak… Gehienbat prebentzioa lantzen dugu.
Besteen zaintzaren ardura, gehienetan, emakumearen bizkar geratzen da, baina kontrara, emakumeek beren buruaren zaintzari nahikoa arreta jartzen diotela uste duzu?
Ez. Oraindik ere adineko emakume gehienek pentsatzen dute besteak zaintzea beren lana eta ardura direla. Eta gainera beste oztopo bat dute: biloba eta gurasoen artean daude, emakume sandwich deitzen direnak dira.
Norbere zaintzaren ardura hartzea ezinbestekoa da. Aldiz, emakumeek, askotan, oztopo asko topatzen dituzte bide horretan. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Oztopo handiena da sinestea beharrezkoak garela, ia ezinbestekoak, bai gurasoen, senarraren edo seme-alaben zaintzarako. Uste dugu inork ezin dituela gauzak egin guk egiten ditugun modura. Zenbat aldiz entzun dut kontsultan: ‘Nork egingo ditu gauzak ni gaixorik baldin nago?’
Eta oztopo horri aurre egiteko zer bide edo aukera dituzte emakumeek?
Lehenik eta behin pazientzia handia behar da. Guk ez dugu dena ikasi egun bakarrean. Guztiak bere denbora behar du. Besteek ere ikasiko dute nola egin. Akaso ez dute egingo guk bezala, baina konfiantza gehiago eman dezakegu. Eta gainera, txikitatik erakutsi, bai etxean eta bai hezkuntza arloan, ikastola eta ikastetxeetan. Haur eta gazte guztiek ikasi behar dute txikitatik gizonek eta emakumeek eskubide eta betebehar berberak dauzkagula gizartean.
Bigarren arazoa izaten da pentsatzea beti bertan egon behar dugula. Baina gure burua zaindu behar dugu eta ezin gara inorekin lotu egun guztirako. Guretzako denbora hartu behar dugu, bestela, azkenean haserretu egiten garelako, bai gure buruarekin, baita gainontzekoekin ere. Egun osoa amorratuta ematen dugu.
Horrek nola eragin dezake emakumearen osasun egoerarengan?
Gehienetan, gizonekin alderatuta, antsietate eta depresio gehiago dago emakumeen artean. Eta horrez gain, askotan tratu txarrak daude, ez beti fisikoak, baina bai askotan psikologikoak. Emakumeek zenbat aldiz entzun behar izan dugu ‘zu txoratuta zaude’ edo ‘ez duzu ezertarako balio’?
«Emakumeek askotan ez dituzte lan baldintza onak, ezta ordutegiak ere» «Emakumeok gehien pairatzen ditugun gaixotasunak lantzen ditugu ikastaroan» «Ezin gara inorekin lotu egun guztirako. Guretzako denbora hartu behar dugu»Adinaren arabera, emakumeen osasun arazoak oso desberdinak dira, edo antzerako izaten dira bizitza osoan zehar? Ez. Gazteen artean gehienetan drogarekin eta sexuarekin lotutako arazoak izaten dira, baita istripuak ere. Eta gainera gero eta goizago agertzen dira arazo horiek. Indarkeria sexuala, gogoz kontrako haurdunaldiak… Horiei aurre egiteko bide bakarra dago: hezkuntza. Lehen esan dudan bezala, bai etxe barruan zein ikastetxeetan. Oraindik arlo honetan lan asko dago egiteko. Emakumeek argi eta garbi eduki behar dute ez direla inorenak, gu geu garela gure buruaren jabe eta ez garela gizonen objektu sexualak. Garai batean ez bezala, gaur egun emakume gehienek etxe barruan ez ezik, kanpoan ere lan egiten dute. Horrek, oro har, beren osasunean kaltea izan duela esango zenuke? Bai, kasu askotan bai. Oraindik ere badira gizon asko pentsatzen dutenak etxeko lanei eta haurren zaintzari lotutako guztiak andreen betebeharrak direla. Bestalde, emakumeek askotan ez dituzte lan baldintza onak, ez eta ordutegi onak ere. Askotan hitz politak entzuten dira, lana eta familia bateragarri egiteko laguntzen antzerakoak kasu, baina oso gutxitan konpontzen dira benetan halako arazoak. Horrek zer dakarren? Antsietatea, nekea eta gaixotasun gehiago. Azkenean, baja laboral gehiegi. Osasunaren ikuspuntutik, urteen poderioz asko aldatu al da emakumeen egoera, edo arazoek bere horretan jarraitzen al dute? Egoera zer edo zer aldatu da, baina oso gutxi, ez da aldaketa esanguratsu bat eman. Gizartea, administrazioa, enpresaburuak… Gauza asko aldatu beharko dira egoera osasunaren ikuspuntutik ere hobera egiteko. Baina, edonola ere, aldaketarik garrantzitsuena eta beharrezkoena da gizarteak behin betiko onartzea, eskubideei dagokionez, emakumeak eta gizonak berdinak garela.
«Denboraren poderioz ikasi dut botikarik hoberena entzutea dela»
Sorreraz geroztik ari zara lanean Pasaiako Emakumeen Ahalduntze Eskolan. Zergatik erabaki zenuen egitasmoan parte hartzea?
Lan asko nuelako eta oso nekatuta sentitzen nintzelako nire lan jarduna bukatzean erretiratu egin nintzen. Beldurra nion hanka sartzeari. Gure lana ez da mekanikoa, bizitzarekin du harremana, eta gaixotasunekin, eta beldur horren eraginez, azkenean erabaki nuen lan gogorra uztea, baina nire nortasuna galdu gabe.
Horrela hasi nintzen jabekuntza eskolan, eta oso pozik nago, pentsatzen dudalako nire ezagutza baliagarria izan daitekeela emakume askorentzat.
Medikua zara eta urte asko eman dituzu Trintxerpeko osasun zentroan lanean. Pasaiako emakume asko eta asko ezagutu dituzu gertutik. Zer ikasi duzu haiekin harremanetan?
Gauza asko, baina batez ere, entzuten. Nik genio bizia dut eta askotan emakumeak kontsultara beldurrez etortzen ziren. Horregatik, lehenengo urteetan egoera oso gogorrak bizitzea egokitu zitzaidan. Paziente askok beste medikuetara alde egiten zuten. Poliki-poliki zer edo zer apaldu naiz, eta denboraren poderioz ikasi dut botikarik hoberena entzutea dela.
Trintxerpeko anbulatorioan lanean egonik, askotan, arrantzaleen emazteak artatzea egokituko zitzaizun. Bizimodu latza izan duten emakumeak dira. Etxearen zama ia osoa haien bizkar, bizi baldintza gogorrak… Horrek, osasun ikuspegitik ere izango zuen haiengan eragina, ezta?
Beno, oso emakume gogorrak dira. Nire ustez, arrantzaleen emazteek, gehienetan, seigarren zentzumen bat dute bizitzan hobeto moldatu ahal izateko, nahiz eta haien bizimodua nahiko gogorra izan.
«Jendea nirekin gogoratzen da, eta emandako maitasuna nirekin daramat» «Arrantzaleen emazteek, gehienetan, seigarren zentzumen bat dute» «Familia asko ez dira desegin emakumeek beren nortasuna ez dutelako galdu»Zure lan eskarmentutik, nola definituko zenituzke emakume pasaitarrak? Gogorrak, indartsuak. Beraientzat bizimodua ez da izan samurra. Lan falta, droga arazoak… Eta tinko egin diote aurre guztiari. Eta gainera urte latzak izan dira. Nire ustez familia asko ez dira desegin emakumeek beren nortasuna ez dutelako galdu. Gaur egun erretiroa hartuta duzu. Hala ere, ez duzu galdu Pasaiarekin kontaktua. Nolako harremana duzu gaur egun Pasaia eta pasaitarrekin? Nola utziko ditut alferrik galtzen hogeita hamabost urteetan zehar eraikitako harremanak? Ezinezkoa litzateke. Nire bizitza erdia Trintxerpen eta San Pedron ibili naiz, anbulatorio barruan, baita kalez kale ere, etxeko bisitak egiten. Gaur egun oraindik ere oso gustura joaten naiz inguru hartara. Askotan atzera begiratzeak pena ematen du, baina jendea nirekin gogoratzen da, eta emandako maitasuna nirekin daramat. Nola ahaztu bizitako guztia? Trintxerpeko anbulatorioan emandako urteez zer da gehien estimatzen duzuna, zer duzu bereziki gogoan? Nire lantokia izan da betidanik, eta horregatik, ezin dut ahaztu. Lan oso egokia izan da, eta gainera zorte ona izan dut, anbulatorio txikia izan arren, jende oso langilearekin egin dudalako topo, oso borondate handiko profesionalak, ateratzeko orduari begiratzen ez diotenak. Lan harremanak oso onak izan dira eta horrek, beti, zure lana hobetzen laguntzen du.
