Valentziako Palau de les Arts-en egingo dute sari banaketa ekainaren 5ean. Oskararekin zazpi kategoriatan finalista da Kukai Dantza.

Oskara ikuskizuna. Argazkia: Gorka Bravo.
Kukai Dantza Espainiako Arte Eszenikoetako Max Sarietarako zazpi kategoriatan finalista da
Oskara lanarekin. Valentziako Palau de Les Arts-en egingo dute sari banaketa ekainaren 5ean. 311 ikuskizunetik, 112 ikuskizun aukeratu dituzte Max Sarietarako eta 41 heldu dira azken faseraino. Guztira 69 finalista daude.
Dantza ikuskizunik onena, arte eszenikoen ekoizpen pribatu onena, espazio eszeniko diseinurik onena (Marcos Morau), jantzien diseinu onena (Iraia Oiartzabal), argiztapen diseinu onena (David Bernues), gizon dantzaririk onena (Martxel Rodriguez) eta dantzari-zerrenda onenaren (Jon Maya, Eneko Gil, Martxel Rodriguez, Ibon Huarte, Urko Mitxelena eta Alain Maya) kategorietan da finalista Kukai Dantza.
‘Gernika’ pieza laburra
Gernikaren bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira
Gernika/Guernica pieza laburra sortu du Kukai Dantzak. 20 minutuko lana da, hiru dantzariek osatua. Larunbat honetan (hilak 22) Donostiako San Telmo Museoan eskainiko du lana Kukaik, 18:00etan eta 19:00etan.
Errenteria-Oreretan ere egingo dute emanaldia. Hilaren 27an, (ostegunarekin) izango da Torrekuan. 19:00etan Dantzarte dantza zikloaren barruan. Sarrera doakoa da.