Kukai Dantza Espainiako Estatuko Arte Eszenikoetako Max Sarietarako zazpi kategoriatan finalista da Oskara lanarekin. Valentziako Palau de Les Arts-en egingo dute sari banaketa ekainaren 5ean.
Jon Maya, Kukai Dantzaren zuzendaria eta dantzaria pozik azaldu da izendapenekin.
Kukai Dantza Espainiako Estatuko Arte Eszenikoetako Max Sarietarako zazpi kategoriatan finalista da
Oskara lanarekin. Valentziako Palau de Les Arts-en egingo dute sari banaketa ekainaren 5ean. Izendapenekin «pozik» azaldu da Jon Maya Kukai Dantzaren zuzendari eta dantzaria, eta halakoek indarra ematen dutela aitortuta, «eguneroko lanak» eta ikusleen «fideltasunak» mantentzen dituela bizirik argi du. Gaur bertan estreinatuko dute
Topa ikuskizuna Gironan, eta bihar
Gernika/Guernica pieza laburra Donostian.
Zer suposatzen du Kukai Dantzarentzat Max Sarietan zazpi izendapen jasotzeak?
Oso hunkigarria izan da, ezustean hartu gintuelako albisteak, ez genuen espero asteazkenean aterako zenik, eta oraindik eta gutxiago zazpi izendapen izatea. Espainiako Estatu osoko arte eszenikoen mundu horretan
Oskara izendapen gehien jasoko zituena izango zenik ez genuen espero. Hasieratik esan genuen, 2016an
Oskara estreinatu genuenetik, iruditzen zitzaigula gure barruan inflexio puntu bat izango zela, eta orain, urte eta erdi geroago, hori konfirmatzen ari gara. Oso pozik, kontent, eta ni pertsonalki oso gustura izendapenak lantaldearen ia osotasunera heldu direlako.
Hala da, jantziak, argiztapena, dantzaririk onena, dantzari-zerrendarik onena, produkzio pribaturik onena… ia arlo guztiak ukitzen dituzte izendapenek, ezta?
Bai lantalde ia osoa ukitzen du eta denen lana aitortzen da.
Oskara lanak zazpi izendapen jaso ditu, eta zuek lanean jarraitzen duzue. Datorren astean Gernika/Guernica pieza laburra estreinatuko duzue.
Bai, zehazki bi estreinaldi ditugu. Gaur
Topa ikuskizuna estreinatuko dugu. Kale ikuskizuna da Bartzelonako Broda Bros Hip Hop konpainiarekin batera sortu duguna. Gaur eta bihar egingo dugu estreinaldia Oloten (Girona, Herrialde Katalanak) eta maiatzean Euskal Herrian egingo dugu estreinaldia Leioako Umore Azokan. Udan zehar hainbat lekutan egingo dugu eta tartean Errenterian ere. Bertan parte hartzen dute Kukai Dantzako bi dantzarik eta Brodas Bros konpainiako beste bik, lauk guztira.
Bestalde
Gernika/Guernica izeneko pieza laburra estreinatuko dugu datozen egunetan. Gernikaren bonbardaketaren 80. urteurrenaren testuinguruan gertatuko den ekintza da guretzat. Bihar, Donostian emango dugu San Telmo museoan; asteazkenean, bonbardaketaren egunaren urteurrenean Gernikan; ostegunean, Errenteriako Torrekuan; eta hurrengo larunbatean, Madrilgo Reina Sofia museoan egingo dugu, Picasoren erakusketa handi horren testuinguruaren barruan.
Lanerako gogoa ez zaizue falta, nabarmena da hori. Baina Max Sarietako izendapenek eta jasotako aitortzak, gogoa eta motibazioan eragingo dute ezta?
Bai, zalantzarik gabe motibatzen du eta lanean jarraitzera animatzen dute halakoek. Topiko bat ematen du, baina egia da, egunez egun egiten dugun lana, makinariak martxan jarraitzea, emanaldiak egitea eta jendea etortzeak, ematen dizula indarra lanean jarraitzeko, azkenean hori da bizirik mantentzen zaituena. Horrelako izendapenek ere badute bere garrantzia, eta sariak gustagarriak ere badira. Batez ere uste dut halako izendapenek eta sariek onura egiten diotela lantaldeari, indar pixka bat ematen diote bide horretan, eta egia da egun hauetan hitz egiten dela gaiaz, indar hori ere jasotzen dela eta honakoa bezalako aste batean, non bi estreinaldi dituzun, eta batetik bestera zabiltzan, egia da halako albiste batek ematen duela indarra.
Max Sarietan ez da berria Kukai Dantza.
Ez. 2015ean
Gelajauziak ikuskizunarekin bi sari jaso genituen [bost izendapen jaso zituen orduan Kukai Dantzak] eta 2009an ikuskizun errebelazio saria jaso genuen Sarrionandiaren ipuinetan oinarritutako
Hnuy illa lanarekin.