Mutrikutik Lezora, Arkaitz Erice ‘Kalu’-k itsasertzeko 120 kilometro zeharkatuko ditu korrika; erronka solidario bat da, Markelen Irria elkartearen alde.
Ametsen Bidearen aurkezpenean, antolatzaile eta laguntzaileak.
Gitarra flamenkoaren doinuak, eta haren bueltan, kultur eta kirol munduko aurpegi asko; Aitor Gabilondo aktorea, Maider Zabalegi abeslaria, Oscar Portugues gitarra jolea, arraun klubetako arduradunak, kolore askotakoak… nabari da zitaren garrantzia Kelerrek Donostiako Ramon Maria Lili kalean duen egoitzan.
Ametsen Bidearen elkartasun erronka aurkezteko eguna da, mimoz eta denbora luzez landutako egitarau oparoa ezagutarazteko unea. Han dira, pozik, erronkara batu diren elkarteetako arduradunak ez ezik, erronkaren antolatzaileak, Markelen Irria eta Juneren Hegoak elkarteetako boluntarioak. Aurkezteko eta eskertzeko eguna dute. Emozioa, ilusioa eta poza, denak bat.
Erronkaren protagonista nagusi Arkaitz Erice ‘Kalu’-k eta Maite Gartziak hartu dute hitza. Gartziak eman ditu erronkaren gaineko lehen azalpenak: «Ametsen Bidea erronka solidario bat da, laguntzeko asmoz sortua».
Jakina denez, Markel Merino haur lezoarrari laguntzeko asmoz sortutako elkartea da Markelen Irria. Garun paralisia du Merinok, eta bere bizi kalitatea hobetzea da haren inguruko denen xedea. Gartziak gaineratu zuenez, Ametsen Bidea «bihotz barrutik jaiotako erronka bat da, desafioaren osagaiak, maitasuna, zintzotasuna eta esperantza direlako».
Erronkaren helburuaz ere hitz egin zuen Gartziak. Esan zuenez dirua bildu nahi dute, Juneren Hegoak elkarteak banatuko duen dirua. Zertara bideratuko duten ere zehaztu zuen: «Markel Merino laguntzeko, bere bizi kalitatea hobetzeko behar duen terapia ordaintzen», eta «Super H elkarteari Donostiako ospitaleko haurren eremua humanizatzeko proiektuari jarraipena eman diezaion dirua emango zaio».
Gaitz larria edo onkologikoa duten umeentzako eta ikerketarako laguntza elkartea da Super H. Beren iniziatibaz koloreztatu eta alaitzen ari dira Donostiako Ospitaleko haurren gelak eta korridoreak. Super H elkarteko boluntarioak aurkezpenean ziren, eta urtero, ospitaleko geletatik 14.000 haur pasatzen direla adierazi zuten. «Haur horiek guztiak bidelagun izan ditzazula», desiratu zioten Kaluri.
Mutrikutik Lezora
Ez da gutxiagorako. Denon bultzada beharko du aurten Kaluk bere erronka gauzatzeko. Ez da berria halako «erokeriatan», baina desafioa ez da makala. Hilaren 27an, 04:00etan, Mutrikutik abiatuko da, eta korrika osatu asmo ditu Lezora bitartean dauden itsasertzeko 120tik gorako kilometroak, tartean, Deba, Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio, Donostia, Pasaia, Lezo, Jaizkibel eta Hondarribia zeharkatuz. Hondarribitik bueltan Kaluk Lezon izango du berriro helmuga, etxean.
Aurretik, baina, protagonistak «une historiko» gisa definitutakoa bizi ahal izango dute erronkara batzen direnek. 15:30ean iritsiko da Kalu Pasaiara, Trintxerpe aldetik. Han traineruek egingo diote harrera: Hibaika, Kaiarriba Donostiarra, San Pedro, Pasai Donibane-Koxtape eta Illunbe: guztiak elkartuko dira badian. Traineruan hartu eta bokale aldera eramango dute Kalu, 15:45ak inguruan, berriz ere, Donibanen lehorreratu eta lasterketarekin jarrai dezan.
«Argitu nahi dut ni ez naizela istorio honen protagonista. Honen guztiaren atzean merezi duten haur asko daude», adierazi zuen Kaluk, eta Markel Merinorentzat izan zituen lehen hitzak, aitortu zuenez, bere alde hasi zelako halako abenturatan, orain dela hiru urte.
Markel Merino aurkezpenean ez egotearen arrazoia ere argitu zuen Kaluk. Ebakuntza egin zioten atzo, elikatzeko beharrezkoa duen botoi gastriko bat jartzeko. «Askotan sentitu dut neke fisiko eta psikologikoa, baina Markel bezalako haurrak ikusita nik ez dut amore emango», gaineratu zuen.
Lezon, egun osoko festa
«Une historikoa» atzean utzita, une kitzikagarrira helduko da. Lezora iristea. Egun osoko festa antolatua dute Saldise plazaren bueltan. Suziria jaurtiz egingo diote harrera Kaluri, eta herria zeharkatu bitartean, Haur Korrikak lagunduko dio, baita elkarte, eragile eta norbanako askok ere.
Ondoren, Jaizkibel barrena jarraituko du lasterketarekin, Hondarribiraino, handik Lezora itzultzeko. Lezon izango du helmuga eta ongi etorria.
Baina erronka amaituta ere, festa ez da bukatuko. Herri parrillada, sari berezi askoren zozketa, kontzertua… luze joko du egunak. Gonbidapenarekin bukatu dute aurkezpena: «Etorri gurekin eta konpartitu gure erronka». Helburuak merezi du.
Hilak 27ko egitaraua
15:30. Traineruen irteera.
16:00. Txupinazoa eta Haur Korrika (hau eta hemendik aurrerakoak Lezoko Karlos Saldise plazan).
16:00. Puzgarriak, askaria eta poneyak.
18:00. Erraldoiak eta buruhandiak.
18:30. Magia eta pailazoak.
20:00. Ongi etorria.
20:00. Phototxelfie solidarioa.
20:30. Herri parrillada.
22:00. Maider Zabalegi eta Oscar Portuguesen kontzertua.
Erronkaren ibilbidea
04:00. Mutriku.
05:00. Deba.
07:00. Zumaia.
08:00. Getaria.
09:00. Zarautz.
11:00. Orio.
14:00. Donostia.
15:30. Pasaia.
16:00. Lezo.
17:00. Jaizkibel.
19:00. Hondarribia.
20:00. Lezo.