Partaidetzazko Aurrekontuak adosteko prozesua abiaraziko du udalak datorren astean, talde politiko guztien babesarekin.
Formazio politiko guztien babesarekin abiatuko da prozesua.
Pasaiako Udalak Partaidetzazko Aurrekontuak aurrera eramateko prozesua abiaraziko du datorren astean. Gaur goizean aurkeztu dute parte hartze prozesua, udalean ordezkaritza duten talde politiko guztien partaidetzarekin, Arizabalon. Udalak nabarmendu duenez, prozesu honekin “pasaitarrek udal aurrekontuaren atal bat erabaki dezaten” ahalbidetu nahi dute, “herritarrek direlako udalerria hoberen ezagutzen dutenak”, eta “inork baino hobeto dakitenak herri honek zer gabezia eta premia dituen”.
Helburu nagusi, beraz, “herritarren eta udal gestio publikoaren arteko harreman edo distantzia murriztea da”, eta zentzu honetan, prozesua “deliberatibo eta erabakitzailea” izango dela nabarmendu dute, eta “herritarrek eztabaidatu eta erabakitakoa errespetatzeko erabaki irmoa” dutela gaineratu dute.
Ezaugarriak
Herritarrek udal aurrekontuko inbertsioetako 400.000 euro inguruan zertan inbertitu erabaki ahal izango dute. Zehaztu dutenez, ez dute gutxieneko ekonomikorik ezarri barruti bakoitzerako, “prozesua eta proposamenak gehiegi ez baldintzatzearren”, baina proposamen bakoitzak ezin izango du 100.000 euroko aurrekontua gainditu. Modu honetan, prozesu partehartzaile honetatik gutxienez lau proposamen aterako direla bermatuko nahi izan dute.
Aztiker Soziologia Ikergunea arduratuko da prozesu honen dinamizazioaz. Aztikerreko kide Maitane Barrenetxeak zehaztu duenez lau fase izango ditu prozesuak.
Lehen fasea astelehenean hasiko da (hilak 29) eta ekainaren 18ra arte luzatuko da. Fase honetan herritarren proposamenak jasoko dituzte.
Bigarren fasean, ekainaren 19tik irailaren 17ra bitarte, udalak bildutako proposamenak aztertuko ditu eta baloratuko ditu.
Hirugarren fasean, irailaren 18tik urriaren 8ra bitartean, zein proposamen lehenetsi erabakiko dute herritarrekin batera, eta azkenik,
Laugarren fasean, bozkatu eta zein proposamen gauzatu erabakiko da. Azken fasea urriaren 9tik azaroaren 5era bitartean izango da.
Balorazio baikorra
Arizabalon aurkeztu dute parte hartze prozesua.
Ez da oso ohikoa udalean ordezkaritza duten talde guztiak batera agertzea. Gaur, hala gertatu da, eta denak, gobernua eta oposizioa, baikor agertu dira. Izaskun Gomez alkateak “akordio erraza” izan dela nabarmendu du eta eskerrak eman dizkie talde politiko guztiei agertu duten jarrera positiboarengatik. “Aurrekontuak dira udalaren lan tresna politiko nagusia”, goraipatu du Gomezek eta “parte hartze prozesuren bat balioan jartzekotan hauxe behar” zuela gaineratu du.
EH Bilduk, oposizioan, oso jarrera kritikoa agertu izan du udalarekiko, bereziki, parte hartze kontuetan. Gaur, hala ere, poza agertu du taldeko bozeramaile Migel Mari Torreak, eta “parte hartze politiketara ongietorria” eman die gobernua osatzen duten taldeei, beste prozesu askotan adostutakoak ez dituztela errespetatu gogoratuz. Ondartxo, Ziriza, eta kaiko Herrerari buruzkoak ekarri ditu gogora Torreak. Edonola ere, EH Bilduk “oposizio eraikitzailean” jardun duela nabarmendu du eta parte hartze politiken aldeko beren jarrera berretsi du.
Zentzu berean hitz egin du Pasaiak Ahal Du taldeko Nerea Gonzalezek. “Guretzako oso garrantzitsua da herritarrei erabakitzeko ahalmena ematea”. “Herritarrei gehiago entzutearen aldekoak” direla nabarmendu du eta, bide batez herritarrei parte hartzera deitu ditu.
Proposamenak jasotzeko bilerak:
- Donibane. Ekainak 8, udaletxean.
- Antxo. Ekainak 13, ikastolan.
- San Pedro. Ekainak 15, udal aretoan.
- Trintxerpe. Ekainak 19., alkateordetzan.
Oharra: bilera guztiak 18:00etan izango dira.
Ekarpenak egiteko bestelako bideak: