Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumena eta Obra Hidraulikoetako Departamenduak eta Añarbeko Urak erakundeak hitzarmena sinatu dute gaur goizean Oiartzun ibaiaren saneamendua hobetzeko.
Jose Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatua eta Maije Zelaia Añarbeko Uren Mankomunitateko presidentea gaurko aurkezpenean.
Kolektore berria eta saneamendu instalazioak eraikiko dituzte Oiartzun ibaian. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumena eta Obra Hidraulikoetako Departamenduak eta Añarbeko Urak erakundeak hitzarmena sinatu dute gaur goizean Oiartzun ibaiaren saneamendua hobetzeko, eta gaur bertan eman dute egingo dituzten lanen gaineko xehetasunak. Kolektore berriak 438 metro luze izango da, 1,2 metroko diametroa izango du, eta aldundiak eta Añaberko Urak-ek erdibana finantzatuko dute 2,9 miloi euroko aurrekontua izango duten lanak. Kolektore berriak, solidoen erretentziorako instalazioa izango du, Enrique Noain Añarbeko Uraken Zuzendari Nagusiak azaldu duenez, “Añarbek jartzen duen halako mekanismoa izango duen bigarren estazioa izango da Errenteriakoa”.
Sistema horri esker, ibaira hondakin solidoak isurtzea saihestuko da, Europak araudian egin duela aldaketari erantzuteko.
Oiartzun ibaiaren ezkerraldetik igarotzen den saneamendu kolektore nagusiaren zati handi bat berrituko dela lanei esker azaldu du Añarbeko Urak erakundearen presidente Marije Zelaiak: “Errenteriako, Oiartzungo, eta Lezoko zati bateko hondakin urak Pasaiako Badian dagoen intertzeptoreraino eramango ditu, handik Loiolako araztegira, eta azkenik, itsasora”. Kolektore berriak, egun erabiltzen den kolektorea ordezkatuko du, alegia Iztietako ponpatze estazioaren eta Errenteriakoaren (Oiartzun ibaiaren bokalean dagoena) tartean dagoena. Kolektore berriaren eraikuntzak “hobekuntza nabarmenak” suposatuko dituela bai ingurumenean baita urean ere gaineratu du Zelaiak: “Funtzionamendu hidraulikoa hobetuko du, bai Errenteriako udal saneamendu sarearena gaur egun arazo batzuk dituena butxadurak direla eta; eta euri asko egiten duenean, ibaira egiten diren isuriak gutxitu egingo dira eta inongo hondakin solidorik ez da isuriko Oiartzun ibaira”. Kolektore berriarekin, gainera, Iztietako ponpatze estazioa desagertuko da, eta horrek energia elektrikoaren kontsumoa gutxitzea ekarriko duela erantsi du.
Irailean hasiko dituzte lanak
Lizitazio fasean daude jada lanak, eta hasiera irailerako aurreikusi du Noainek. Iraupena berriz, urtebetekoa izango dute lanek, eta lurrean zangarik egin gabe egingo dute obra: “Putzu bertikal bat irekiko da soilik Amasatarren kalearen bukaeran, lehen hiltegia zenaren aurrean. Putzu honetan bi zulaketa egingo dira egun diren bi ponpatze estazioetarantz. Sistema honi esker eragozpen ugari ekiditen dizkiegu herritarrei: zarata, poluzioa, trafiko desbideraketak…”.
Kolektore berriaren eraikuntzak zenbait aldaketa eragingo dituela udal saneamendu sarean esan du azkenik Noainek, “proiektuak aurreikusten du Amasa kaleko udal saneamendu kolektorearen konexioa, buxadura arazo ugari dituena malda ez izateagatik. Horretarako, 25 metro luze 400 milimetroko diametroa izango dituen kolektorea egingo da, oraingoa bai, zangak irekiaz”.